Amasa-Villabonako udal langileek ezinegona azaldu dute, alkateak dimisioa eman osteko adierazpenen harira

Ataria 2016ko ekainaren 6a

Joan den ostegunean Villabonako alkateak egindako adierazpenen aurrean, gaur goizean udal langileek asanbladan onartutako oharra

"Joan den ostegunean harriduraz jakin genuen oraindik Villabonako alkatea den Iban Aguirrek idatzia aurkeztu zuela karguari uko eginez, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Gure harridura handiagoa izan zen, ordea, komunikabide batzuetan, alkateak bere kargu uztea –nahiz eta modu anbiguoan izan– Udalean zegoen lan giro txarrari eragotzi zionean.

Hurrengo egunean, EAJ-PNV-ko udal taldeko kide batekin elkartu ginen alkatearen aipamenengatik gure ezinegona helarazteko, eta eskatzeko bere udal taldeak publikoki argitu zezala egia ote zen lan giro txarra zegoela, udal langileei zegokienez behintzat. Jaso genuen erantzuna izan zen alkatearen adierazpenek bere iritzi pertsonala isladatzen zutela, eta alderdiak adierazpen hori publiko ez egitea eskatu ziola. Gure eskaera ulergarria eta zentzuzkoa zela esan zitzaigun, eta ostiral arratsaldean publiko egin behar zuten prentsa oharrean saiatuko zirela hori jasotzen; hala ere, azkenean argitaratutako prentsa oharrak ez zion inolako erreferentziarik egiten ez langileei, ez lan giroari.

Kezkagarria iruditzen zaigu udal langileak erruduntzat jo nahi izatea, lan giro txarraren kulpa botaz, gure ustez lan giro txar hori ez dagoenean. Era berean, tristea iruditzen zaigu alkatearen udal taldea komunikabideetan kezkatua agertzea talde barruan egon daitezkeen barne tentsioei buruzko zalantzak uxatzen, eta ez udal langileen lana defenditzen.

Azkenik, udal langileok argi utzi nahi dugu villabonatarrei zerbitzua emateko dugun konpromisoa, haientzako lan egiten baitugu, eta, bide batez, hurrengo alkateari eskua luzatu nahi diogu gure udalerriaren alde elkarlanean aritzeko, betiere elkarrekiko konfiantzan eta errespetuan oinarrituz".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!