70. urteurreneko jaialdi ikusgarria

Asier Imaz 2016ko eka. 1a, 11:40

Pilotaz blai dator Villabonan asteburua. Behar Zana Elkartearen 70. urteurrena ospatzeko, partida ugari antolatu dituzte larunbatean eta igandean.

Larunbatean 10:30ean hasiko da bi egunetako jaialdia. Pilota eskolako haurren txapelketako finalak jokatuko dira Beharzana pilotalekuan. Aurrebenjaminetan Ibai Sarasola eta Haizea Garmendiak Eñaut Oñate eta Enaitz Gaztañagaren aurka jokatuko dute. Benjaminetan, Urko Otaegi eta Markel Zalduak Markel Meulman eta Adur Perea izango dituzte aurkari. Alebinetan, Eñaut Aranburuk eta Ioritz Pereak Oier Aranburu eta Xuban Garmendiaren aurka jokatuko dute. Goizeko azken partida, neskek palaz jokatuko dutena izango da: Maddi Artola-Joane Ugarteren eta Maialen Parez-Olatz Inzaren artekoa.

Finalak jokatzen ari diren bitartean, urteurrenaren harira antolatutako marrazki lehiaketaren irabazleak nortzuk izan diren esango da.

Goi mailako jaialdia
Goizeko partiden ondoren, 16:30etik aurrera pilota jaialdi bikaina hasiko da. Aurtengorako oso kartel berezia eta polita antolatu da.

Lehen partidan, lau neska eskuz ariko dira, binaka. Maddi Unanue azpeitiarrak eta Naroa Agirre Zestoakoak, Andoaingo Nora Mendizabal eta Villabonako Maddi Urdapilletaren aurka jokatuko dute.

Bigarrengo lehia, oso polita eta berezia izango da. Adimen urritasuna duten lau pilotari palaz ariko baitira. Berdin Berdinak taldekoak dira, eta eskuz zein palaz jokatzen dute. Horietako bat herritarra izango da, urte askoan Behar Zanan jokatua gainera. Iñaki Etxabe izango da protagonista partida horretan, eta Susanaren laguntzatz, Denis eta Pabloren aurka jokatuko du.

Hirugarren partidan zesta punta partida izango da.GRAVNIko txapeldun eta txapeldun ordeak ariko dira jokatzen, mutrikuarrak eta tolosarrak izango dira pilotariak. Lertxundik eta Andonegik Goixerri eta Manzisidorren aurka jokatuko dute.

Jaialdiko laugarren eta azken partidan iparraldeko joko garbi jokalari onenetakoak ariko dira. Alde batetik Echart eta Peyresaubes eta bestetik Pradjs eta San Sebastian. Izugarrizko maila duten lau pilotari hauek aparteko ikuskizuna eskainiko dute.

Errebote desafioa
Igandeko errebote partida ez da makala izango. Egun erreboteak ez du bere unerik gozoena bizi, eta horren alde borrokan jarraitzen du Behar Zana elkarteko pilota saila. Horrela, eta pilotariengandik sortuta, errebote desafioa izango da 11:00etan hasita. Behar Zanako errebote jolari gazteenek beteranoen aurka jokatuko dute.

Elkarrengandik horren urrun ez dauden bi belaunaldietako pilotariek jokatuko dute, eta pizgarri berezia izango da urteurreneko asteburu bereziari amaiera emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!