Bi ekitaldi egingo dira Aste Berdean

Ataria 2016ko maiatzaren 27a

Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariekin bildu dira Amasa-Villabonako udal ordezkariak eta Aste Berdearen barruan izango diren bi ekitaldiak iragarri dituzte.

Aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Xabier Arruti, Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaria Nagusia, eta Arantxa Ariztimuño, Mendiak eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusia, Amasa-Villabonako udaletxean izan dira eta Iban Agirre alkatearekin, Eneko Urdangarin ingurumen zinegotziarekin eta Alaitz Bilbao udal teknikariarekin bildu dira.

Amasa-Villabonako Udala Amasamendi mendiaren antolaketa plana idazten ari da eta gai hori izan dute hizpide erakundeetako ordezkariek.Hain zuzen, urtero ospatzen den Aste Berdearen barruan, plana osatzen parte hartzen ari direnekin mendi irteera egingo dute. Ekainaren 4an izango da eta 09:00etan, Komizarreko parketik abiatuko dira.

Bezperan, ekainaren 3an, bigarren eskuko azoka egingo dute, 17:30tik 20:00etara. Udalak azpiegitura jarriko du eta nahi duenak jarri ahal izango du postua Berdura plazan. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!