Kontsumo ekologikoaz egin dute gogoeta ikasleek Eskola Agenda21n baitan

Ataria 2016ko mai. 17a, 13:10

Maiatzaren 11n, Zubimusu ikastola, Fleming ikastetxea eta Erniobea ikastetxeko ikasleek Agenda 21ean landu dituzten gaiak udal agintariei aurkeztu zizkieten udaletxeko batzar aretoan.

2015-2016 ikastaroan zehar Kontsumo Ekologikoa izan da ardatz nagusia. Haur Hezkuntzatik hasita DBHko azken mailara arte azterketa sakona egin dute beraien ingurua, ikastetxea eta udaleko kontsumo jarreren inguruan. Lan honetarako, beraiek dioten bezala “ez gara bakarrik ibili, irakasleek, eskolako beste langile eta gurasoek ere hartu dute parte”.

Lehendabizi eskola aztertu zuten: erosten diren material motak, paper eta energia kontsumoa… Ondoren, Amasa-Villabona herriaren egoera eta Tolosaldea eskualdeak eskaintzen dituen aukerak ikertu zituzten.

Ikasgaiak mailaka

Maila bakoitzean gai ezberdinak aztertu dituzte: Haur Hezkuntzako ikasleei dagokionez, elikagaien ibilbide desberdinak ezagutu eta beraien jostailuak egiten ikasi dute. Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek, etxean soberan dituzten jostailuekin zer egin eta herriko parkeak aztertu dituzte. Hirugarren eta laugarren mailako ikasleek, herriko denda mota desberdinak eta ingurunean duten eragina ikertu dute. Bosgarren eta seigarren mailakoek, erosketetan sortzen diren plastiko hondakinak aztertu dituzte.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoek, zabor elektronikoaren kudeaketa txarraren ondorioak ezagutu dituzte. Eta azkenik, DBHko hirugarren eta laugarren mailakoi dagokionez, udalaren erosketak “berdeak” diren ala ez aztertu dituzte.

Barne antolaketa

Urtebete honetan lan asko atera dituzte aurrera, kontsumo ekologikoaren oinarriak sendotuz eta kontzientzia sortuz. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik hasita, DBH 4. mailan dauden gela bakoitzean arduradun bat egon da gai hau kudeatzeko. Gelan landutako gaietatik ateratako ondorioak ikastetxe berdineko, eta ondoren besteetako arduradunekin partekatzea izan da lana eta erronka, azkenik udaletxean aurkezteko asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!