Amasa-Villabonan musika korala sustatuz

Jon Miranda Labaien 2016ko mai. 13a, 09:19

Eresargi abesbatzak Gipuzkoako hiru abesbatza entzutetsu gonbidatu ditu Gurean kontzertuak emateko

Lehen aldia da Eresargi abesbatzak musika koraleko zikloa antolatzen duela Villabonan. Sofia Quilez abesbatzako kideak azaldu du non duen sorburua kontzertu sortak: «Musika mota hau herrian bultzatu beharra ikusten genuen eta proposamenarekin jo genuen udaletxera. Begi onez ikusi zuten eta ekonomikoki lagunduko dute ekimena». Maiatzeko hiru igandetan, 17:30ean, Gurea aretoan izango dira abesbatzen emanaldiak.

«Elizan eskaini izan ditugu guk kontzertuak eta ez du akustika ona. Gurea, berriz, toki erosoa iruditzen zaigu era honetako emanaldietarako», dio Quilezek. Eresargik, udazkenean, eguberrietan eta herriko festetan eskaintzen ditu kontzertuak. «Horrekin batera, deitzen diguten ekimenetan parte hartzen dugu gustu handiz». Hartu Trena jaialdian, adibidez, Alegiako Txintxarri abesbatzarekin aritu ziren duela gutxi eta abesbatzen arteko harremana sustatzearen garrantziaz ohartuta daude Eresargin: «Aurten Santiotan, Orioko Salatxo abesbatza etorriko da eta aurrez, guk hil honen bukaeran kontzertua eskainiko dugu bertan».

Joan den abendutik Eresargi Txiki abesbatzaren bigarren labealdia dago martxan eta 20 ume ari dira kantuan ikasten. Haiengan pentsatuta ere antolatu dute zikloa: «Badakigu minoritarioa dela musika korala, baina afizioa sortzeko era honetako kontzertuak herrian eskaintzea beharrezkoa da». Asmo horrekin gonbidatu dute Oñatiko Ganbara Txiki, hilaren 22an.

Musika koralak dituen aukera guztiak erakutsi nahi dituzte kontzertuetan. Talde bakoitzak, bere ezaugarriak, kantatzeko modua eta errepertorioa eskainiko baititu.

MAIATZAK 15, IGANDEA

19:30. Errenteriako Landarbaso abesbatzaren kontzertua Gurean. MAIATZAK 22, IGANDEA
19:30. Oñatiko Ganbera Txikia haur abesbatzak eskainiko du emanaldia Gurean.

MAIATZAK 29, IGANDEA
19:30. Ordiziako Oroitz abesbatzaren kontzertua izango da Gurea zinema aretoko agertokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!