Eneko Maiz, GRAVNI txapelketako irabazle

Iñaki Lizaso 2016ko maiatzaren 2a

Behar Zanako pilotariak Gipuzkoa ordezkatuz txapela irabazi du 22 urtez azpikoen mailan, buruz buru trinketean.

Txapela garrantzitsua lortu du pasa den larunbatean Villabonako Eneko Maiz pilotariak Iruñako Larrabide trinketean. Lurraldekako GRAVNI txapelketan, 22 urtez azpiko mailan, eskuz banaka nagusitasun osoz irabazi du Behar Zanako pilotariak.

Gipuzkoa ordezkatuz, txapelketa bikaina osatu du Maizek. Ligaxkako partida guztiak irabazita finalera zuzenean sailkatu zen Eneko. Errioxa, Bizkaia, Araba, Iparralde eta Nafarroakoei irabazi ondoren, finalean berriro ere nafar selekzioko pilotaria egokitu zitzaion.

Finalean jokatu zuen agian torneoko partida txarrena. Urduritasunak lotuta, galtzaile eta presaka 26-16 galtzen joan zen Vicent Bideondo pilotariaren aurka. Hortik aurrera ordea, Maizek bere maila erakutsi eta 26-27koa lortu zuen. Partidari buelta eman ondoren, aurkaria urduritu eta zuzenean 40ra joan zen Eneko.

Azken emaitza 40-33koa izan zen eta txapela Villabonara ekarri zuen Maizek. Zorionak Eneko!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!