Askok hartu dute trena

Mikel Iraola 2016ko api. 30a, 14:51

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak errespetatu daitezen Sare herritarrak martxan jarritako Hartu Trena egitasmoaren barruan, kultur jaialdia izan zen, atzo, Amasa-Villabonan. Tolosaldean kulturgintza dabiltzan talde eta norbanako askok hartu zuten parte.

"Bidaiarik luzeena ere lehen geltokitik hasten da" esanez amaitu zuen, atzo, Oihana Iguaranek bere lehen bertsoa. Bada, trenak egin du lehen geldialdia: Amasa-Villabonan.

Tolosaldeko kultur eragile ugarik bete zuten trenaren lehen bagoia: Alurr eta Oinkari dantza taldeek, Eresargi eta Txintxarri abesbatzek, Ibarrako sokatiralariek, Lizartzako Isk&bila txarangak, Haritz Mujika, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal bertsolariek, Pirritx eta Porrotx pailazoek, eta beste hainbat musikarik. Kulturgintzaren bagoiari jarraiki, trenera igo ziren Olaederra kiroldegiko harmailak bete zituzten Tolosaldeko dozenaka herritar. 

Ia bi orduko jaialdia eskaini zuten guztiek, Nerea Alias eta Xabin Fernandezek gidatuta. Askatasunaren trenerako txartela nahi zuen Aliasek. Ibarrako sokatiralarien indarrak bultzatuta iritsi zen tren hori.

Haritz Mujikak trenera igotzeko duden inguruan kantatu zuen: "Elkartasun asko edan degu baina pazientzia falta". Puntualtasunari ere erreferentzia egin zion Unai Mendizabalek, Hernanitik etxerako bueltan makina bat tren galdu zituela argudiatuz. Baina ororen gainetik, elkartasuna nabarmendu zuten bertsolariek: "Nahiz eta egoera askotan okertu, babes faltarik ez da sekula agertu, baina hau bizi ez dunak ezin du ulertu".

Dispertsioaren ondorioak, hain zuzen, barru-barrutik pairatu dituen Mikel Egibar zizurkildarraren familiak plazaratu zituen, Pirritx eta Porrotxekin batera.

Kantuan, dantzan edota olerkien bidez eskatu zituzten dispertsioaren amaiera eta konponbidea. Guztiek batera Mikel Laboaren Txoria Txori abesten zuten bitartean utzi zuen geltokia trenak. 

Abiatu da, baina martxan izan arren, noiznahi igotzeko aukera izango da. "Nahi duguna da kulturgintzako bagoi hau ere herritarrek hartzea", azaldu du Iñaki Lizaso jaialdiaren antolatzaileak. Gonbite hori luzatuz amaitu zuen Iguaranek bere bigarren eta azken bertsoa: Ekarriko dituen trena gaur bertan martxan jarri da, erregaia du elkartasuna iristeko urrutira, gure trenean aulki guztiak daude aurrera begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!