Bizikletaz gozatzeko prest

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 27a, 13:01
Villabonako Martxa Zikloturistaren aurreko edizioetako irudi bat.

Villabonako 9. Martxa Zikloturista egingo dute maiatzaren 15ean, aurten ibilbide luzeagoarekin.

Irrintzi elkarteak antolatzen du Villabonako Martxa Zikloturista, aurten bederatzigarrena izango dena. «Aurten berritasuna ibilbidearen luzera izango da», azaldu du Irrintzi elkarteko Gari Bidaurretak. «Guztira 150 kilometro ditu. Ibilbidea luzatzea erabaki dugu ikusten genuelako pixkana gero eta jende gutxiago zetorrela. Dirudienez, jendeari gogortasuna gustatzen zaio, kilometro asko izatea, eta horrela beste martxa batzuetarako prestatzea, Quebrantahuesos edo Abraham Olanorena, esaterako».

Proba «nahiko menditsua» dela dio Bidaurretak. 1.800 metroko malda positiboa izango du guztira. Gorosmendi, Usategieta, Orokieta, Aldatz, Azpirotz eta Alkiza mendateak igoko dituzte. Lau ordu eta berrogei minutu eta bost ordu eta berrogeita bost minutu artean ibiliko dira txirrindulariak proba amaitzeko.

Maiatzaren 15ean izango da martxa eta izena emateko epea irekita dago. Dagoeneko 70 txirrindulari inguruk eman dute izena, «aurreko urteetan baino pixka bat gehiagok», esan du Bidaurretak. «Eguraldiaren arabera azkeneko bi asteetan ematen dute izena gehienek».

Interesa duenak www.kirolprobak.com webgunearen bitartez egin behar du izen ematea. Federatuek maiatzak 1a arte 15 euro, maiatzak 13 arte 20 euro, eta egunean bertan 25 euro ordaindu behar dute. Berdina ordaindu behar dute federatuta ez daudenek eta horrez gain zortzi euro jarri behar dituzte seguruarengatik.

EZ DA LASTERKETA

Martxa zikloturista dela zehaztu dute antolatzaileek, hau da, ez dela lasterketa bat eta ez direla sailkapenak eta denborak hartuko. «Gipuzkoako federazioak ez du uzten, beraien bitartez egiten bada, lasterketa moduan antolatzea», esan du Bidaurretak. «Estatu mailan oso ohikoa da txipa erabiltzea eta denborak hartzea, baina hemen federazioak ez du uzten».

Ohiko betebeharrak ekarri ditu gogora Bidaurretak parte hartzaileek kontuan hartzeko: «Trafiko arauak errespetatu, federatu txartela eraman behar da inskripzioan, kaskoa derrigorrez eraman behar dela, eta bakoitzak kontuan izatea zer egiten duen. Ez da lasterketa bat, eta ez dago presarekin joan beharrik. Garrantzitsuena ez da lehenengoa iristea, baizik paisaiaz gozatzea».

Bidaurretak gaineratu duenez, «modan dagoen kirola da txirrindularitza. Jende asko lesionatzen ari da belaunetatik, eta medikuek bizikletan ibiltzea gomendatzen dute. Gainera, adinean aurrera joan arren, egiteko moduko kirola da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!