Etxebizitza Legea garatzeko eskatu dute plenoan

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 27a, 11:55

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira EH Bilduk aurkeztutako mozioan abstenitu egin da EAJ eta PSE-EE

Astelehen iluntzean ospatutako ohiko osoko bilkuran alderdi guztiek aho batez onartu zuten Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak aurkeztutako mozioa. Honenbestez, Amasa-Villabonako Udalak Eusko Jaurlaritzari Etxebizitza Legearen arauzko garapena, oso-osorik bete dezan eskatzen dio, legearen espiritua errespetatuz. Bide batez, exekutiboari eskatzen zaio, Etxebizitzaren Prestazio Osagarrirako eskubidean ez dezatela inolako murrizketarik eragin.

Bestalde, Amasa-Villabonan herritarren arreta zerbitzu bat sortzeko eman diren pausoen berri eman zuen udal gobernuak asteleheneko plenoan. Iban Agirre alkateak jakinarazi zuenez Otxandio & Team Consulting aholku taldearekin jarri dira harremanetan eta enpresa horrek izango du arreta zerbitzua antolatzeko ardura.

«Enpresa horrekin udalak duen kontratua etetea eskatzen dugu». EH Bilduk gogor kritikatu zuen udal gobernuaren erabakia eta Roberto Otxandio buru duen taldearekiko iritzia eman zuen: «Gizon hau Basauriko EAJko alkatea izan zen eta gero beste hainbat enpresatan aritu da. Ate birakarien adibide garbia da. Gaur egun alderdi jeltzalearen zerbitzura ari da lanean eta zuek propio aukeratu duzue, hala agindu dizuetelako. Klientelismo kasu bat da eta guretzako ez da etikoa. Guk ez dugu ezer jakin nahi enpresa horrekin». EH Bilduri erantzunez, Otxandiok gisa bereko lanetan duen eskarmentua nabarmendu eta harekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen alkateak.

PRESOEN ESKUBIDEEZ

EH Bilduk, preso politikoaren egunaren harira aurkeztutako mozioari abstentzioarekin erantzun zioten EAJk eta PSE-EEk. Besteak beste, Nekane Txapartegi asteasuarraren atxiloketa salatu eta familiari elkartasuna adieraztea zen testuaren helburua. Agirrek abstentzioaren arrazoia argudiatu zuen: «Txapartegi modu basatian torturatua eta bortxatua izan zela dio mozioak eta uste dugu hori ez dagoela frogatua. Horregatik gure botoa».

Galde erreguen txandan udal gobernuak hartutako hainbat erabaki kritikatu zituen EH Bilduk. «Kosta egiten zaigu presoen eskubideen alde zaudetenik sinestea, ikusita zein neurri hartu dituzuen». Besteak beste, «batere beharrik gabe» Malkar plazako ikurra ezabatzeak herritarren artean «samina eta haserrea» eragin dituela esan zuen koalizio abertzaleak. Plazako pintaketa egiteko baimenik eskatu ez izana aipatu zuen alkateak ezabatzea argudiatzeko, «baina presoen senideengan erabakiak samina eragin badu, haiekin berriz ere biltzeko saiakera egingo dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!