Baratze ekologikoetarako eskaerak aurkezteko epea zabalik da

Ataria 2016ko apirilaren 25a

Maiatzaren 10a arte udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Aisialdirako baratze ekologikoak okupatzeko eta beroiek erabiltzeko lizentziak emateko deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea ireki da.

Eskatzaileak Amasa-Villabonako udalerrian erroldatuta egon beharko dute eta herrian benetan bizi, gutxienez esleipenerako deialdiaren iragarpena argitara eman baino hiru urte lehenagotik.

Bestalde, baratzeko ekologikoan garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko fisikoki gai izatea ere eskatuko dute. Adingabeen eskabideek, berriz, tutoreen abala izan beharko dute. Amasa-Villabonako Udalaren zerga betebehar eta gainerako ordainketa guztiak egunean edukitzea ere eskatuko dute eskaera egiterakoan.

Beste baratze ekologiko baten erabiltzaile direnek ezingo dute eskaera egin, ezta familia unitateko kideren batek jabetzan, gozamen eskubidean edo alokairuan nekazaritza jarduerarako egokia den lursail bat dutenek.

Deialdian parte hartzeko eskaeran inprimakiaren eredua eta aurkeztu beharreko dokumentu zerrenda udaletxeko bulego orokorretan eta udaleko web orrian lortu ahal izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!