Babesa helarazi diote Zelaraini

Ataria 2016ko api. 22a, 19:24

"Julen herrian libre nahi dugu" lelopean 100 herritar inguru bildu dira Amasa-Villabonan, Julen Zelaraini babesa eskaintzeko.

Asteartean, hilaren 19an, 11 urteko zigor eskaera egin zuen Auzitegi Nazionaleko Jose Perals epaileak Julen Zelarainen billabonatarrarentzat. 2010ean atxilotu zuten beste bederatzi lagunekin batera, presoen abokatuen eta presoen aldeko lana egin zutenen aurkako operazio batean. 

Gaurko elkartasun ekitaldian Julen Zelaraini babesa erakutsi nahi izan diote billabonatarrek. Amasa-Villabonako ezker abertzaleak salatu duenez, Zelarainek inputazioaren berri komunikabideetatik jaso zuen: "Gure balorazioa sarraski bat dela da, ikuspegi pertsonaletik nahiz politikotik begiratuta". Are gehiago, "Estatu espainiarrak Euskal Herrian metatuta dauden indar independentistak ahultzeko beharrezkotzat du espetxeratzearen estrategia". Zelarainen kasua estrategia horren barruan kokatzen dute.

Prozesua luzatu daitekeela jakitun, "inputazioa hor dagoen bitartean, familia bat sufritzen ari dela" salatu nahi izan dute. Hori horrela izanik, Amasa-Villabonako ezker abertzaletik jakinarazi dute "hau gelditzeko ahal dugun guztia" egingo dutela.

2014ko uztailean auzipetu zituzten hiru abokatu (Zulueta, Enparantza eta Sarriegi) eta beste zazpi lagun. Orain, fiskaltzak 'Halboka' taldekoak izatea egotzi die; hau da, ETAren eta EPPKren arteko "lotura" egitea, eta presoen kolektiboa "kontrolatzea". "Erakunde terroristako kide" izatea egotzi diete Zulueta, Enparantza, Sarriegi, Zuriarrain eta Zelaraini, eta hari "laguntzea" gainerakoei. Zuluetari arma eta lehergaiak edukitzea ere leporatu diote.

Julen Zelarain 2008an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak AAMaren aurkako operazioaren barruan. Epaiketa horretan fiskalak hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen akusatuentzat. Zigorra bete ondoren, Zelarain iazko urtarrilean utzi zuten aske.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!