11 urteko zigor eskaera Julen Zelarainentzat

Ataria 2016ko api. 19a, 18:00

2010ean atxilotu zituzten bederatzi lagunen aurkako eskaerak zehaztu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Perals fiskalak. Presoen abokatuak eta presoen aldeko lana egin zutenak daude tartean.

Hemeretzi urte Arantza Zuluetarentzat, hamabi Jon Enparantzarentzat, 11 Naia Zuriarrainentzat eta Julen Zelarainentzat, hamar Iker Sarriegirentzat, bederatzi Joxe Domingo Aizpuruarentzat, eta zazpina Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondorentzat.

2010eko apirilean egin zuten polizia operazioa, eta 2014ko uztailean auzipetu zituzten hiru abokatu (Zulueta, Enparantza eta Sarriegi) eta beste zazpi lagun. Orain, fiskaltzak 'Halboka' taldekoak izatea egotzi die; hau da, ETAren eta EPPKren arteko "lotura" egitea, eta presoen kolektiboa "kontrolatzea". "Erakunde terroristako kide" izatea egotzi diete Zulueta, Enparantza, Sarriegi, Zuriarrain eta Zelaraini, eta hari "laguntzea" gainerakoei. Zuluetari arma eta lehergaiak edukitzea ere leporatu diote.

Iaztik Villabonan

Julen Zelarain 2008an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak AAMaren aurkako operazioaren barruan. Epaiketa horretan fiskalak hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen akusatuentzat. Zigorra bete ondoren, Zelarain iazko urtarrilean utzi zuten aske.

2014an, berriz ere deklaratu behar izan zuen beste 9 euskal herritarrekin batera aipatutako polizia operazioaren harira. Orain, fiskaltzak "Halboka" taldeko kide izatea egotzi die hamar akusatuei eta haien aurkako zigor eskaera egin du.

Elkartasun ekitaldia, ostiralean

Amasa-Villabonako ezker abertzaleak Julen Zelarain eta beste hainbat euskal herritarren inputazioaren aurrean honako gogoeta egiten du:
 
Atzo komunikabideetatik jakin genuen, Espainiako Ministerio Publikoak Julen Zelarain Villabonako herritarrari 11 urteko zigor berri bat ezarri nahi diola, presoen eskubideen alde egindako lana zigortuz. Gogoratu behar da Julenek, dagoeneko AAM sumarioan 10 urteko espetxe aldia pasa duela eta 2015 urtean geratu zela libre.
 
Egoeraren larritasunaren aurrean, Amasa Villabonako ezker abertzaleak bere kezka agertzen du, inputazio berri honen aurrean.
 
1.-Julen Zelarain, bai Villabonan zein Euskal Herri osoan ezaguna da presoen eskubideen aldeko defentsan bere lan publikoa izan delarik. Julenek beste hainbat euskal herritarrekin batera, presoen eskubideen aldeko lan publikoa egin du hamarkadetan.
 
2.-Inputazio berri honek, presoen aldeko lana kriminalizatzea du lehen helburu baina harago ere badoa, herri honetan konponbidea eta bake agertokia urratzen ari den momentuan, hura zapuztea, alegia. Estatu espainiarrak gerra estrategia bere gordinean darabil, militante independentistak zigortuz eta atxilotuz. Joxe Mari Olarrarekin saiatu ziren eta orain Julenekin ere. Bistan da independentziaren bidea oztopoz betetzen saiatzen ari direla.
 
3.-Espainia estatu ahul bat da, proiekturik gabe eta ez dauka deus eskaintzeko, kartzela eta zigorra baino. Kartzela handi batean sartu nahi gaituzte. Horregatik da oso urgentea, egoera hau iraultzeko ekinbide independentista oso bat aktibatzea ahal den azkarren. Estatu indezente batean bizitzeak herri honi agonia eta sufrimendua besterik ez baitio ekartzen.
 
4.-Gure babes eta elkartasun osoa adierazten diogu Zelarain-Etxeberria familiari. Berriz ere zigorraren mamua, inolako gizatasunik ez duen estatu baten aldetik jasaten ari direlako. Amasa-Villabonako ezker abertzaleak gogotik lan egingo du jazarpen honi guztiari aurre egiteko. eta hori soilik herri bezala egin dezakegu
 
5.-Amasa Villabonako herritarrei deialdi zabala egiten diegu, ostirala apirilaren 22an, iluntzeko 19:00etan Amalurra plazan (eliz ondoan) deialdia egiten dugu Juleni elkartasuna adierazteko ekimen zabal batera. Juleni eta estatuen jazarpena jasaten duten herritar denei gure babesa eta laguntza eskaintzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!