«Elkarrekin egoteko beharra konpartitzen dugu Jalgiko eragileok»

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 20a, 08:30

Martxoan aurkeztu zen Jalgi, euskal kulturaren plaza ibiltaria. Tolosaldean egoitza duen Bertsozale Elkarteak parte hartzen du ekimen horretan eta Jon Agirresarobe bertako sustapen eragileak eman du Jalgi egitasmoaren berri. 

Zeintzuk zarete egitasmo honetara bildu zareten eragileak?

Hasiera batean Ahotsenea sortzaileen gunea, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea eta gu geu, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea hasi ginen bileretara biltzen eta orain piskanaka eragileak gehitzen ari dira. Gure bokazioa euskarazko kulturaren ekosistema osatzen dugun guztiok auzolanean antolatzea da: sortzaileok, antolatzaileok, komunikazioan aritzean garenok, hezitzaileok eta zaleok. Talde eragilean, aurtengo edizioa prestatzeko, lau elkarte hauek bildu gara, baina ari dira izenak gehitzen.

Zer da partekatzen duzuena eragile horiek elkarrekin?

Oinarria oso sinplea da: biltzeko beharra. Euskal kulturgintzan kokatzen dugu geure burua eta kulturgintza eta euskalgintza dira gure lan esparruak, bitatik dugu. Konturatzen ginen bakoitza bere esparruan ari zela burua gehiegi altxa gabe, norbera beretik. Nik uste ezinbestekoa dugula ondora begiratzea, kulturgintzan ari diren beste elkarteak zein kezka duten jakiteko, horiek konpartitzeko.

Zein gaietan jarriko duzue arreta bereziki?

Euskarazko kulturgintzak dituen gabeziei buruz iritziak trukatu ditugu, gure kulturaren biziraupena bermatuko duten hiru arnasgune elikatu behar ditugu: behar besteko plazak, ikusgarritasuna eta transmisioa. Aurten, Jalgik, bi kontutan jarriko du arreta: transmisioan eta komunikazioan. Horretarako, maiatzaren 26 eta 27an jardunaldiak egingo dira Amurrion. Esaterako, Bertsozale Elkarteak argi du transmisioan egiten duen lana baloratzeko, besteek egiten dutena ikusi behar duela. Informazioa konpartitzeko sortu dugu topagune hau.

Badago tradizio bat eragileen arteko elkarlanerako?

Nire ezagutza motzetik esan dezaket oso esperientzi puntualak izan direla konpartitzen jardun dugunak. Plaza batzuk badira, Durangoko Azokan adibidez, Ahotsenearen sorrerarekin bildu gara kulturgintzako eragileak baina bestela oso bakanak izan dira hausnarketa guneak. Beharra hortik sortu da.

Asmoa da elkarlan horretara jende gehiago batzea.

Demagun, transmisioan eragin nahi badugu, gu baino zeresan handiago duten elkarteak badaude. Beste elkarteetako ordezkariak joan dira haiengana eta erantzun positiboa jaso dute. Egia da denak gabiltzala topera eta ez dela erraza tarte bat hartzea. Adibidez, jardunaldietan hezkuntza munduko eragileek hartuko dute parte, baita kulturgintzakoak ere bai. Ez noa izenik esatea, hil honen bukaeran emango baitugu jardunaldi horien berri eta orduan jakinaraziko dugu egitaraua; baina bai, egongo dira eragile gehiago.

Nola gauzatuko da Jalgi ekimena?

Abiapuntuko gogoeta konpartitu arren, gero forma eman behar zaio honi. Plaza ibiltari forma hartu du. Urtero astebetez bilduko gara eragileak, sortzaileak, ikerlariak... eta bi zati izango ditu Jalgik. Batetik egongo dira emanaldiak eta bestetik bi eguneko jardunaldiak izango dira gogoeta egiteko. Aurten, euskal kulturgintzaren komunikazioaren inguruan eta euskal kulturgintzaren sustapenaren inguruan arituko gara. 22 ponentzia aurkeztuko dira, hala nola, unibertsitateak, hedabide publiko eta pribatuak, ikerketa arlokoak, kultur arloetako industria sektoreak, hezkuntza arautuak eta ez-arautuan ari diren hezitzaileak, sortzaileak, sortzaileen elkarteak, zaleak...

Hori dena Aiaraldean lekutuko duzue aurten.

Bertako Aiaraldea Komunikazio Leihoa taldea buru-belarri dabil lanean. Guk nazio mailako ikuspegia izanda, haiek ematen diote lekuaren ukitua. Bederatzi herri izango dira –Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo– eta ekitaldi mordoxka izango da maiatzaren 23an hasi eta maiatzaren 28ra arte. Ekitaldi batzuk praktikoak izango dira eragileek transmisiorako prestatutakoak eta beste batzuk, berriz, gremioz gremio eskainiko direnak. 65 kultur jarduera baino gehiago prestatu dira maiatza bukaeran eta hemendik gutxira emango dugu egitarauaren berri. Aste horretako larunbatean Laudion pilatuko dira ekitaldi gehienak eta ekitaldi bat izango da Jalgiren berri emateko, jardunaldietan entzun dena laburtzeko eta hurrengo urteari begira animoa hartzeko.

Badakizue zein eskualdetara joko duzuen hurrengo urtean?

Ez, oraindik ez. Bat baloratu gabe bestean lanean jartzea goizegi egiten zaigu. Momentuan ez dago ezer pentsatua. Abiapuntua izango da aurtengoa eta konpartitzen dugu elkarrekin egoteko beharra. Ikusteko dago zer izango da aurrerantzean. Sorrerako konbentzimendua garbia da, gero beste kontu bat da zein emaitza izango duen eta bidean ematen diogun forma zuzena izango den edo ez. Hori denborak esango digu.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!