Udaleko irekietarako begiraleak hautatuko dituzte

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko apirilaren 12a

Izen emateko epea apirilaren 26an amaituko da. Horretarako Villabonako Kale Berrian kokatuta dagoen Katea gaztelekura jo beharko dute gazteek. Curriculuma eta begirale tituluaren kopia aurkeztu beharko dituzte.

Deialdian parte hartzeko 18 urteak beteak izatea edo 2016an betetzea derrigorrezkoa izango da. Euskara ondo menderatzea eta elkarrizketa-talde dinamika gainditzea izango dira gainerako baldintzak.

Hautatze prozesuak bi fase izango ditu. Lehen fasean titulazioa eta lan esperientziaren balorazioa egingo da (denbora libreko begirale edo zuzendari titulua, heziketarekin zerikusia duten ikasketak, esperientzia antzeko lanetan). Bigarren fasean, elkarrizketa eta talde dinamikak egingo dira. 45 minutuko iraupena izango dute eta baloratuko direnak hurrengo atalak izango dira: parte hartzea, gizarte trebetasunak, talde lanerako gaitasuna, euskara maila eta diskurtsoa.

Zuzeneko hartu emanak duen garrantzia azpimarratu nahian, lehen faseari %40ko balioa emango zaio eta bigarren faseari %60koa. Informazio gehiago, hala ere, gazteria@villabona.eus helbidean eta 943 69 47 87 telefonoan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!