Eguneko errezeta

Muskuilu risottoa

Javi Rivero 2016ko api. 8a, 16:26

Arroza beharrean kinoa erabiliko dugu risottoa egiteko, eta beraz glutenik gabekoa izango da. Kasu honetan, kinoa, arroza bezala egosiko genuke.

Bi zati, parte bateko, hau da, zati bat kinoa, eta bi zati likido. Likidoa kasu honetan muskuilu salda izango da. Tipula eta baratxuria txikituko ditugu, eta olio edo gurinarekin erregosiko genuke. Kolorea aldatzen denean, muskuilu guztiak botako dizkiogu eta pixka bat tapatu egingo dugu. Irekitzen hasiko dira. Lehena irekitzen ikusten dugunean, ardo txuria eta ur pixka bat botako dizkiogu. Pare bat minutuz tapatuta egosten utziko ditugu, ireki arte. Jarraian, muskuilu guztiak likidotik atera egingo genituzke.

Muskuiluak bereizi

Muskuiluei azalak kenduko dizkiegu, eta mamia bakarrik gordeko dugu. Piper berdea txikituko dugu, eta beste zartagin batean, muskuiluekin batera erregosiko dugu. Kolorea aldatzen hasten denean, nata pixka bat eta tomate saltsa botako dizkiogu. Bost minutuz irakiten utziko genuke eta irabiagailu elektrikoarekin pasako genuke, eta muskuilu koloreko krema bat lortuko genuke.

Azkenik kinoa egosiko dugu. Muskuiluak egositako ura berreskuratuko genuke eta bertatik bi parte hartuko ditugu, kinoa parte bateko eta dena batera nahastuko dugu. Hamar bat minutuz egosiko dugu, likido guztia desagertu arte.

Bukatzeko, zartagin batean kinoa koilarakada batzuk jarriko ditugu, eta egina dugun krema gehitzen joango gara, guztia krema bat bilakatu arte. Zereal risotto tankerako bat lortuko dugu. Nahi dugun puntua lortu arte lehortuko dugu. Marisko edo arrain zatiren batekin lagundu daiteke. Eta, guk kasu honetan, olagarro egosia arto irinetan pasa eta frijituko dugu, eta horrekin lagunduko dugu.

OSAGAIAK

Kilo bat muskuilu
Kinoa
Piper berdea
4 baratxuri ale
Tipula erdi bat
Baso bat ardo txuri
Ura
Olioa edo gurina
Nata (baso erdi bat)
Tomate saltsa (baso erdi bat)
Olagarro pixka bat (aukeran)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!