"Kultur jaialdi itzela" antolatu dute Hartu Trena ekimenaren barruan

Ataria 2016ko apirilaren 6a

Aiora Zulaika 'Pirritx', Oihana Iguaran eta Iñaki Lizaso, jaialdiaren aurkezpenean.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak errespetatu daitezen Sare herritarra mugimendutik martxan jarritako trenak geldialdia egingo du Villabonako Olaederra kiroldegian, apirilaren 29an.

"Tolosaldeko hainbat kultur eremutan parte hartzen dugunok, kulturgintzako bagoia osatu dugu. Jaialdi hau lurraldean egiten ari diren hainbat kultur ekimenen arteko beste bat izango da. Trena luzea da eta Tolosaldeak bere bagoia hartu du", zehaztu dute aurkezpenean. "Honen helburua da gizarte guztiaren aktibazioa, giza eskubide horiek errespetatu daitezen bermatzea du oinarri. Elkartasun guztia adierazi nahi diegu beraien eskubideak urraturik dituzten preso guztiei, etxetik hain urrun dauden guztiei eta bere familiei. Guztion parte hartzea beharrezkoa da bakea lortzeko bide honetan".

Jaialdia Tolosaldean kulturgintza dabiltzan talde askoren parte hartzearekin osatuko da. "Guztiak parte hartzea ezinezkoa da, eta lagin bat ariko da. Jaialdi oso polita, dinamikoa, alaia eta umoretik joko duena izango da". Xabin Fernandezek eta Nerea Aliasek aurkeztuko duten emanaldian ondorengoek parte hartuko dute:

  • Haritz Mujika, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal bertsolariak
  • Ibarrako sokatiralariak
  • Eneko Amondarain eta Javi Rivero sukaldariak
  • Villabonako dantzari talde bat
  • Nerea Barriola sopranoa eta Ana Iparragirre piano jolea
  • Irene Caminos trialsin txapelduna
  • Jone Gorostarzu olerkaria
  • Oinkari dantza taldea
  • Bihozkada musika taldea
  • Amaia Oreja eta Kristina Solano trikitilariak
  • Lizartzako Isk&bila txaranga
  • Miriam Quinn biolin jolea
  • Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze abeslariak
  • Pirritx eta Porrotx
  • Alurr dantza taldea
  • Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzak
  • Txintxarri abesbatza

"Izugarrizko kartela da. Guztiok hartu dugu bagoia. Guk nahi duguna da kulturgintzako bagoi hau ere beste hainbatek hartzea", azaldu dute aurkezpenean. Apirilaren 29an izango da emanaldia, Villabonako Olaederra kiroldegian, 20:30ean. Sarrerak 8 eurotan izango dira helduentzat eta 5 eurotan hamasei urtetik beherakoentzat. Salgai jarriko dira txartelak larunbat honetatik aurrera Villabonako Amasa kafetegian; Zizurkilgo Iriarte jatetxean; Tolosako Raku, Denak eta Orbela tabernetan; Ibarrako Zubiaurre tabernan; Alegiako Iskiña tabernan eta Anoetako Itzuli tabernan. Tolosaldeko herritar guztiei egin diete gonbita jaialdira joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!