Errausketaren inguruko hitzaldia antolatu du Amasa-Villabonako Udalak

Ataria 2016ko apirilaren 6a

Datorren asteartean, apirilak 12, arratsaldeko 19:00tan hitzaldia izango da Gurea antzokian eta Errausketa hiri hondakinen kudeaketa aurreratu batean izenburua eramango du.

Hizlaria Javier Ansorena Miner izango da, Kimikan Doktorea eta ACR+eko (Association of Cities and Regions for Recycling and Sustainable Resource management) zuzendaritza kontseiluko kidea. 1997 eta 2012 urteen artean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen saileko zerbitzuburua izan zen, eta Hiri Hondakinak Kudeatzeko Planaren zuzendari teknikoa izan zen, besteak beste.

Amasa-Villabonako Udalak jakinarazi duenez, "Javier Ansorenak ez du errausketaz soilik hitz egingo, nahiz eta hori izan hitzaldiko titulurako aukeraturiko gaia; Europako hierarkiaren piramideaz ere arituko da, piramide honek aurreikuspena, berrerabilpena eta birziklapena ditu funtsezko oinarritzat eta balorizazio energetikoa edo errausketa eta eliminazioa edo zabortegian pilatzea, ordena horretan, azken aukeratzat jotzen ditu".

Amasa-Villabonako Udaletik deialdia zabaltzen diete Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Planaren nondik norakoak ezagutu nahi dituen pertsona orori hitzaldira joateko. Asteartean, apirilak 12, arratsaldeko 19:00etan Gurea Antzokian izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!