Laga grafika enpresak ateak itxi eta 36 langile utzi ditu kalean

Jon Miranda 2016ko api. 5a, 09:23

Grafikagintza sektoreko enpresak 3,5 milioi euroko zorra utzi du eta horietatik 700.000 euro langileei zor dizkien lansariak dira. Ostiraletik langabezian dira 36 langileak.

Langabezian dira, orain arte, Amasa-Villabonako Laga enpresan lan egiten zuten 36 langileak. Donostiako Merkataritza arloko epaitegiak ostiralean kaleratutako autoak berretsi du kontratuen etetea. Joseba Gabellanes, LAB sindikatuko delegatuaren esanetan, «55 urte ingurukoak dira langile gehienak eta urte asko daramatzatenak enpresan. Denak geratuko gara egoera zailean, baina lan merkatua nola dagoen ikusita, beraiek dute panorama beltzena».

Enpresaren itxiera ez da langileek nahi izan duten bezala eman. 3,5 milioi euroko zorrarekin amaitu du bere ibilbidea Lagak eta zorraren parte handi bat 700.000 euro inguru langileekin dute. «Bataz beste, enpresak hamar lansari ditu zorretan langile bakoitzarekin. Negargarria izan da bukaera. Duintasun handiagoz egin zitekeen, baina ezin okerrago bukatu dute».

Duela 40 urte inguru sortu zuen Tolosako Larragaña familiak Laga enpresa eta Villabonan hartu zuen egoitza. Grafikagintzan jardun izan du eta ia amaiera arte ondo lan egin duen enpresa izan da Gabellanesen iritzian: «Aurretik aritu izan diren lankideek aipatzen dutenez, lan asko egin izan du enpresak eta irabazi handiak lortu izan ditu urteetan. Guk abenduaren 30a arte egin dugu lan eta azkenera arte eskaerak jaso izan ditugu. Fakturazioaren erdia, gutxi gorabehera, TRW enpresak egiten zigun. Bestela, inguruko beste hainbatentzat ere egin izan dugu lan».

2012an hasi ziren langileak arazoez jabetzen. Lansarien ordainketa hamar egunez atzeratzen hasi ziren aurrena, eta aparteko paga kobratzeari utzi zioten gutxira. Diru kontuak begiratzen hasi eta enpresak galerak zituela konturatu ziren: «Bost milioi euro fakturatzen dituen enpresa batean 500.000 euro inguruko galerak inportanteak dira eta larritzen hasi ginen orduan. Enpresako buruek likidotasun arazoak argudiatu zituzten uneoro. Arazoa momentukoa zela eta beharrezko kreditua lortzeko zailtasunak zeuzkatela esaten ziguten». Langileek, arazoa egiturazkoa zela uste dute, ordea.

2015eko uztailean egoerari irtenbidea eman nahian, Lagako buruek aholkularitza enpresa bat kontratatu zuten. «Aholkulari horrek ere argi adierazi zigun enpresa dirua galtzen ari zela kudeaketa desegokiagatik». Zenbait neurri proposatu zituen kontsultoria enpresak, besteak beste, zenbait bezerorekin kontratuta etetea eta hainbat langileen soldata murriztea. «Kaltetutako langileek ere oniritzia eman zioten neurri horri, eta soldata %6 eta%15 artean jaitsi zuten, izugarrizko ahalegina eginez», Gabellanesen iritzian.

Enpresaren kudeaketan aldaketa horiek egin ondoren, irailean lanean hasi eta egoerak ez zuen hobera egin. «Irailean galerak izan ziren eta urrian irabaziak, eskasak. Azaroan, berriz, zenbait lehengai falta genituen eta makina batzuk geldi eduki genituen. Hor konturatu ginen egoerak atzera bueltarik ez zuela izango».

KUDEAKETA TXARRA

Laga enpresan ibili diren langileek aitortzen dute euren sektorean gogor kolpatu duela krisiak. Egoera ekonomiko orokorrak ere ez du lagundu, baina LAB sindikatuko delegatuaren ustez kudeaketa kaskarra izan da giltzarria: «Ez dugu jarrera ekintzailerik sumatu enpresa buruengan. Familia enpresa izanik, lantegi txikia dela ikusita, beste era batera egin zitekeela uste dugu. Oso modu pasiboan kudeatu dute eta ez dute arriskatu nahi izan». Azken urteetan makinarian inongo inbertsiorik egin ez izana salatu dute langileek. «Ardura guztiak delegatu eta ez dituzte inbertsore berriak bilatu. Dirua galtzen zutela ikusi eta ez dute inolako neurririk hartu. Gisa honetako enpresak zaila dute merkatuan lehiatzea, baina zailagoa oraindik horrelako jarrera badute arduradunek».

PILATUTAKO ZORRA

Martxoaren 2an hartzekodunen lehiaketa publikoa egin zen eta aurreko ostiralean eten zituzten 36 langileen kontratuak. Administrari konkurtsalak egindako txostenak emandako datuen arabera, Laga enpresak, orotara, 3,5 milioi euroko zorra du, parterik handiena milioi bat euro Gipuzkoako Ogasunarekin. Gizarte Segurantzarekin eta Amasa-Villabonako Udalarekin ere baditu zorrak eta hamar lansari zor dizkio langile bakoitzari. «Gu gara kaltetuenak, lanik gabe geratu garelako, baina enpresaren itxieraren eragina harago doa. Aipatutako erakunde horiez gain, enpresa txiki askori eta autonomoei ere dirua zor die Lagak eta haiek agian egoerari ezingo diote buelta eman. Horrek, bereziki, mina ematen digu».

700.000 euroko zorra du Lagak langileekin eta hauek ez dute uste diru kopuru hori jasoko dutenik: «Badakigu, enpresak bere burua kaudimen gabe bezala izendatuko duela eta ez dizkigutela zor zaizkigun soldatak eta kalte-ordainak pagatuko. Enpresak bere gain dituen ondasun bakarrak makinak dira eta horietako bi, behintzat bahituta daude». Fogasara jo beharko dute langileek kalte-ordaina jasotzeko.

Amorrua eta haserrea sentitu izan dituzte langileek eta baita nekea ere. Orain egoera hori gaindituta, gizarteratu egin nahi dute gertatu dena: «Jendeak jakin dezan ez dela bakarrik krisiak aurretik eraman duen enpresa bat izan. Erantzukizunak daude eta horiek argi geratu behar dira. Bideragarria den enpresa bat itxi eta zorretan hainbeste diru uztea ezin da isilik pasa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!