Beertoki: euskal garagardoen plaza

Mikel Iraola 2016ko mar. 30a, 12:32

17 garagardogilek euskaldunak eta artisauak guztiak egingo dute topo larunbatean Villabonan lehen aldiz ospatuko den Beertoki Garagardo Azokan. Lau herritar aritu dira antolaketa lanetan.

«Ezin da benetako herri bat izan garagardo bat eta airelinea bat eduki ezean. Futbol talderen bat edo arma nuklear batzuk edukitzeak laguntzen du, baina gutxieneko baldintza garagardoa da». Frank Zappa musikariaren aipu horrek hausnarketarako bidea ireki zien Villabonako lau lagunei.

Duela bi urte izan zen, Irrintzi Elkarteak urtero antolatzen duen azokan. Eneko Calvo, Aitor Otegi, Jon Ander Artola eta Igor Fernandez billabonatarrak garagardo batzuk hartzen ari zirela hasi ziren eztabaidan: «Euskal Herrian ere badira garagardo ugari!». Kontaketan ere hasi ziren 15 bat izen bota zituzten, ondorio batera iritsi ziren arte: «Zeinen ona litzatekeen euskal garagardoz bakarrik osaturiko azoka bat egitea».

Ideia soil batean baino ez zen geratu hasieran, baina denborak aurrera egin ahala, eta herria mugitzeko nahiak bultzatuta, ideia proiektu bilakatu zuten. Abendutik ostegunero-ostegunero elkartzen dira Apatx tabernako mahai beraren bueltan nola ez, garagardo artean, proiektuari forma emateko.

50 GARAGARDO EZBERDIN

Proiektu horren emaitza datorren larunbatean, apirilaren 2an, ikusi edo dastatu ahal izango da, orduan ospatuko baita I. Beertoki Garagardo Azoka. 11:00etatik 23:00etara, Euskal Herriko 17 garagardogile bilduko dira Behar Zana pilotalekuan, eta orotara 50 garagardo mota ezberdin dastatzeko aukera izango da: guztiak euskaldunak eta artisauak.

Izan ere, antolatzaileen esanetan, «garagardo hitza entzutean Alemania, Austria edo Belgika datorzkigu burura, baina Euskal Herrian aukera asko dago, kalitate altukoa, gainera. Baina ez dira ezagunak, tabernetan ez baitago eskaintza handirik», dio Otegik. Hortik Beertokiren helburu nagusietako bat: bertako garagardoak ezagutaraztea.

Tamaina txikiko edalontzietan zurito moduan banatuko dira zerbezak, garagardogileek hala eskatuta. Otegiren ustez, horrela «gehiago probatzeko aukera izango da». 20-25 garagardo mota dastatu ahal izango dira bertan, baina ekoizle bakoitzak botilak salgai izango ditu, eta gutxi gora behera, 50 garagardo ezberdin izango direla aurreikusten dute. «Bada espreski Beertokirako garagardo berezi bat prestatzeko ideia izan duenik ere», aurreratu dute antolatzaileek.

Zer jan ere izango da Beertokin. Eta hemen ere, bertakoa bilatu nahi izan dute lau gazteek. Alde batetik, eta garagardogileen proposamenari jarraituz, Segurako talogileak izango dira. Bestalde, Javi Rivero herritarrak eta Imanol Zubelzu tolosarrak sortutako Batean enpresak garagardoaz lagunduta jateko aproposak diren pintxoak eta razioak egingo ditu.

FORMATU BERRITZAILEA

Gisa honetako azokak egin izan dira Euskal Herriko zenbait puntutan, baina horrenbeste garagardogile bildu dituenik ez: «Normalean 6-8 garagardogile izaten dira azoketan. Kantitatez, orain arte ezagutu dugun azokarik handiena izango da», dio Calvok.

Arrakasta horren atzean, azokaren «formatu berritzaileak» zerikusi zuzena izan duelakoan daude antolatzaileak. Izan ere, orain arteko garagardo festen moldeak puskatu eta «azoka kutsua» eman nahi izan diote Beertokiri.

Marka bakoitzak bere postua izango du, eta bere esku izango da garagardoaren prezioa. «Beste Garagardo Azoka batzuetan, garagardo enpresei kobratu egiten zaie bertan izateagatik, edo antolatzen duen elkarteak garagardo litro ugari erosten ditu, garestiago saldu eta dirua lortzeko. Beertokiren kasuan garagardogileei ez zaie ezer kobratu bertan egoteagatik, eta irabaziak beraientzat izango dira», azaldu du Jon Ander Artolak.

Modu horretara, garagardogileen eta kontsumitzaile nahiz tabernarien arteko harreman zuzena sustatu nahi du Beertokik. Artolaren ustez, «aberatsa» da hori: «Garagardogileari galderak egiteko aukera izango da, edo tabernari batek garagardo hori erosteko interesa balu, bertan negoziatzeko aukera izango du».

Formatu horrek harrera ona izan du garagardogile euskaldunengan, eta «segituan» azaldu dute interesa. Harrezkero, etengabeko harremana izan dute enpresekin: «Horrelako gauzak antolatzen ez daukagu esperientziarik, eta beraiengana jo genuen gomendio eske. Garagarodogileek ikusi dute kontutan hartu ditugula, eta parte sentitu dira. Asko gustatu zaie», dio Otegik.

Gauzak horrela egiteko, ordea, «ezinbestekoa» izan dute Villabonako hainbat saltokiren laguntza, eta eskertuta daude: «Komunak, kartelak eta gainerakoak ordaindu ahal izateko bederatzi tabernek eta denda batek diruz lagundu gaituzte. Hala ere, finantziazio oso urriarekin egindako zerbait da, irabazi asmorik gabe. Guk jarritako dirua galtzeko arriskua ere badugu», azaldu du Calvok.

Hori ekiditeko, azokan parte hartu duten garagardo mota guztiez osaturiko otarre bat zozketatuko dute, txartelekin ateratako irabaziak gastuak ordaintzera bideratuko dute.

MUSIKAREKIN LOTURA

Jan-edanak bakarrik ez. Musikak ere bustiko du giroa larunbatean. Izan ere, azokak irauten duen bitartean, Pubetan ohikoak diren blues, rock, folk eta country doinuak entzun ahal izango dira. Artolaren ustez, «Euskal Herrian antolatzen diren ekitaldietan musika berdina entzutera ohituta gaude, eta horregatik garagardoarekin zerikusia duen kantu-zerrenda bat osatu dugu, giroa ezberdina izan dadin». 

Horrez gain, gauean, laguntzaile izan diren taberna batzuetan kontzertuak ere antolatu dituzte. Azokaren itxiera orduan Rbote tabernan hasiko da lehen kontzertua. Paola Gomez bakarlaria izango da 23:00etatik aurrera. Ordubete beranduago, Ivan bakarlari zegamarrak Led Zeppelin edo Neil Youngen bertsioak eskainiko ditu RKn. 01:00etatik aurrera, berriz, Apatx tabernan DJ Lambretta irurarrak jarriko du musika.

AURRERA BEGIRA

Beertoki, hasiera batean, euskal garagardoen azoka gisa sortu da, baina ez diote mugarik jarri izan nahi. Izan ere, urtean zehar ere «segida bat» eman nahi diote billabonatarrek. Azoka bat baino gehiago, «marka bat» sortu dutela dio Artolak, eta aurrerantzean lantzeko ideia gehiago ere badituztela aurreratu du.

Hitzaldiak edo dastaketak antolatzea, edota garagardogile ezberdinengana bisitak egitea dira buruan dituzten ideietako batzuk. Tabernariekin ere gaia jorratu nahiko lukete. «Villabonako tabernetan euskal garagardoak sustatu nahi ditugu. Pixkanaka ekartzen hastea gustatuko litzaiguke, ez dagoelako aukera handirik. Baina lanketa hau azoka pasa ondoren hasiko dugu», aurreratu du Otegik.

Aurrerago ere begiratzen dute: «Hurrengo urteetan ere Beertoki antolatzen jarraitu nahiko genuke», diote. Gustura izan dira orain arte lan horretan: «Guretzat ere lagun gisa lotura bat izan da. Adin eta kuadrilla ezberdinetakoak gara, eta Beertokik gehiago batu gaitu. Gogoz egin dugu lan». Garagardo baten aitzakian, edozer da posible.

«GARAGARDO ARTISAUEK XARMA ASKO DUTE»

Fernandez, Calvo, Otegi eta Artolaren ustez, «alde handia dago» garagardo industrial eta artisauen artean. Bakoitza «mundu ezberdin bat» dela azaldu dute, eta Beertoki antolatzeko prozesuan, garardo artisauen munduan gehiago murgiltzeko aukera izan dute.

Ezberdintasunik handiena garagardoa bera egiteko prozesuan dagoela diote: «Zerbeza zerealekin egiten da. Arroza eta artoa dira zerealik merkeenak, eta hauek erabiltzen dituzte garagardo industrialek. Artisauek, ordea, ez dute bietako bat bera ere erabiltzen. Lupulu izeneko landarean zentratzen dira, horrek ematen baitio garagardoari garraztasuna. Produkturik garestienetakoa da lupulua, eta horregatik dira garestiagoak artisauak».

Horrez gain, ekoizle artisau bakoitzak kolpean 1.000 eta 3.000 litro artean egin ditzake, baina ez da beti ongi joaten: «Errezeta bat duten arrean, beti ez da berdin ateratzen, ez delako estandarizatua. Horregatik askotan denboraldi konkretu baterako garagardo bereziak ekoizten dituzte», diote.

Azpimarratzeko beste ezaugarri bat diseinua dela diote Otegik eta Artolak: «Garagardo euskaldunen irudiak eta botilak ez dira ezagunak, baina pertsonalitate handia dute. Oso onak dira, landuak. Xarma asko dute».

BEERTOKI GARAGARDO AZOKA

Ezaugarri nagusiak

Apirilak 2, larunbata. 11:00etatik 23:00etara Behar Zana pilotalekuan.

Jateko aukera. Segurako talogileak eta Batean enpresaren eskutik, pintxoak eta razioak.

Eseritzeko lekua. Harmailetan. Erdian ere mahaiak izango dira.

Garagardo markak

1- Boga. Mungia

2- Mala Gissona. Oiartzun

3- Baias. Oiardo Urkabustaiz

4- Mattinada. Errenteria

5- Garagart. Gasteiz

6- Morlaco Beer. Iruñea

7- Drunken Bros. Bilbo

8- Black Bitch. Bilbo

9- Gar and Gar. Donostia

10- Urban Beer. Bilbo

11- Olbea. Agurain

12- Pagoa. Ergoien. Oiartzun

13- Falkeng Brewing. Gasteiz

14- Tito Blas. Mungia

15- Brew & Roll. Barañain

16- Garagardo Kompany. Iruñea

17- Byra. Gasteiz

Aparteko egitaraua

23:00. Paola Gomez bakarlaria Rbote tabernan.

00:00. Ivan kantautorearen eskutik, bertsioak. RK tabernan.

01:00. DJ Lambretta Apatx tabernan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!