Egokitutako eskola kirola, Villabonan

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 23a, 10:13

Behar bereziak dituzten umeekin kirol jarduera praktikatzeko taldea osatu dute Amasa-Villabonan, Kirol Egokituen Federazioak bultzatuta

Zailtasunak dituzten umeei kirol jarduera egiteko aukera eskaintzen die duela hamar urtetik hona Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak. Joan den azaroatik, talde bat dabil Amasa-Villabonan. 8 eta 14 urte bitarteko hiru gazte eta haiei laguntzen hiru monitore. Ostegunetan biltzen dira Olaederra kiroldegian eta ordubetez ariketa fisikoa egiten dute. Horrekin euren gaitasun higiarazlea hobetu eta autonomia irabazten dute.

Talde honekin lanean diharduten begiraleek ikasturte hasieran umeen ezaugarriak ezagutu eta haiei egokitutako programa osatu zuten. «Oso talde heterogeneoa da eta ume bakoitzak behar diferenteak ditu», adierazi dute Etxahun Urkizu, Asier Mujika eta Aritz Kontxeso begiraleek. «Urko eta Enara, biak autistak dira, baina arreta ezberdina eskatzen dute; eta paralisia du Naiarak, hortaz gutako batek berekin egon behar du uneoro».

Helburu asko bete nahi dituzte asteroko saioarekin: jarduera fisikoarekiko atxikimendua sustatu, bizi kalitatean eta osasunean onuragarriak izan daitezkeen ohiturak bultzatu eta gizentasuna edota sedentarismoa bezalako gaitzak ekidin.

«Ume hauek aisialdi eta kirol alorrean dituzten beharrak ase nahi ditugu», dio Urkizuk. Eskola orduetatik kanpora ikastetxeek eta inguruko kirol klubek egiten dituzten eskaintzetatik kanpora geratzen dira behar bereziak dituzten umeak. Kirol Egokituen Federazioak hutsune hori bete nahi du.

Mujikaren ustez, «ume hauekin emaitzak ez dira egun batetik bestera ikusten eta pixkanaka iristen gara jarritako helburuetara». Errutina bat zehazteak mesede egiten die. «Badakite hona sartzen direnean egin beharreko lehenengo gauza beroketa izaten dela eta gelan bueltaka korrika ibiltzen gara. Ondoren, ariketa ezberdinak egiten ditugu, pilota eta bestelako tresnekin. Amaitzeko, azken bost minututan musika lasaigarria jartzen diegu, saioa bukatzera doala jakin dezaten», azaldu du Urkizuk.

Prestakuntza berezia jaso duten begiraleak dira behar bereziak dituzten umeekin aritzen direnak. Gizarte integrazio eta kirol ikasketak ditu Urkizuk eta Kirol Egokituen Federazioan egin zituen praktikak. Kontxesok, berriz, Gautena autismoa duten umeen gurasoen elkartean egiten du lan. Biek izan dute harremana, beraz, kirol egokituarekin eta ezaguna dute mundu hori, baita Mujikak ere: «Egokitutako txirrindulari baten prestatzaile gisa aritzen naiz». Hiru begiraleek, beraz, esperientzia dute kirol egokituarekin.

KIROLDEGIKO ESPAZIOA

Tokian tokiko kirol patronatu, udal eta ikastetxeen instalazioak baliatzen dituzte eskolak emateko. Villabonan, Olaederra kiroldegiko gimnasia gela. Programa hau aurrera atera ahal izateko, ekimen pribatuaren laguntza ere jasotzen du Federazioak.

Amasa-Villabonan bezala, egokitutako eskola kirola taldeak daude gaur egun Hondarribia, Zarautz, Andoain, Urretxu, eta Donostian. Berritzeguneetatik, Aspacetik eta beste hainbat erakundeetatik bideratzen dira umeak proiektu honetara eta gurasoak ere eramaten dituzte bertara. Era horretara, astean behin, kirola egiteko aukera dute, gainerako ume askok bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!