«Ispilu aurrean jarri, biluzi eta ederra naizela errepikatzen diot nire buruari»

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 21a, 12:00

Feminismotik iritsi zen lodiaktibismora eta orduan ulertu zuen gorputzak eraiki egiten direla Irune Alfonsok (Amasa-Villabona, 1997). Gorputzei buruzko diskurtsoek gizarte eredu bat dute atzean eta eguneroko gure bizitzan eragiten digute. Eredu normatiboak hautsi eta beste mezu bat zabaltzeko borrokan dihardu.

Billabonatarra da, 19 urte ditu eta Aretxabaletan ikus-entzunezko ikasketak egiten ditu. Irmo talde feministako kide da eta Stop Gordofobia elkartean hartzen du parte. Lodiaktibistatzat du bere burua.

Nola aurkeztuko zenuke zuk zure burua?

Emakume gizen eta indartsu bezala.

Harro esaten duzu gizena zarela.

Ez naiz batere lotsatzen. Harro nago gizena izateaz. Txikitatik lotsatuta egon naiz nire gorputza aldatu nahian, baina orain lau haizetara oihukatzen dut lodia naizela eta oso harro nago. Taburik gabe hitz egin dezaket nire gorputzaz. Ohikoena, lotsa eta aldatu nahi izatea dira eta jendeak gaizki pasatzen du kontu honekin. Txikitatik ezartzen digute nolakoak izan behar dugun eta horrelakoak ez bagara, oso gaizki pasatzen dugu. Min asko egiten diogu, bai gure buruari baita ingurukoei ere.

Gizena euskaraz, gorda gaztelaniaz… hitz horiek, zure ustez, badute konnotazio txarra edo horrela hartzen ditu jendeak?

Bai oso txarra. Gorda esaten diguten momentuan oso gaizki hartzen dugu, normalean behintzat. Depresioan sartzen gara eta geure buruarekin gaizki sentiarazten gaituzte, arraroak bagina bezala. Negar pila bat egiten dugu eta ez dugu ulertzen zergatik tratatzen gaituzten horrela. Oso gaizki pasatzen dugu gizenok.

Gizen hitza ekiditeko, 'sobrepisua', bezalako hitzak erabiltzen dira edo 'potxola zaude' esaten da.

Nik gizen hitza nahiago dut. 'Pixka bat potxolita zaude' esaten zaigu askotan garrantzia kenduz bezala. Ez da zertan disimulatu behar, ez zait gustatzen jendeak errealitate horri ezikusiarena egitea. Askotan ukatu ere egiten dizute gizena zaudenik, 'ez zaude hain lodia, neska!' esaten dizute baina hori ere ez da kontua: gizentzat definitzen dut nire burua eta ondo dago. Lodia izateak ez du ezer txarrik. Altua, argala edo beste edozein ezaugarri fisiko izatea bezalakoa da gizena izatea.

Zer da lodifobia?

Ez da pertsona gizenekiko nazka sentsazio bat bakarrik. Badago zapalkuntza bat, kalean, lanean eta esparru guztietan. Kulturala den gauza bat da, gizarteak baztertu egiten gaitu gizenok leku guztietatik. Fobia bat da eta ikusarazi egin behar da. Askok esaten digute guk asmatzen dugun gauza bat dela, obsesionatuta gaudela gaiarekin, baina ez da gure asmakizuna, gizartean dagoen arazo bat baizik.

Nola jasan izan duzu zuk fobia hori?

Nik oso gaizki pasa izan dut txikitatik, ia jaiotzetik kritikatu naute, nire amak esanda dakit. Nik biki bat daukat eta beti izan da ni baino argalagoa. Ume-kotxean gindoazela komentarioak egiten zituzten, nire gizentasuna nabarmenduz eta nire itxura ahizparenarekin alderatuz. Hilabete gutxi batzuk dauzkazunetik esaten hasten zaizkizu itsusia zarela eta aldatu egin behar duzula. Nik gogoan dut esperientzia bat bereziki markatu ninduena: ikastolatik atera berritan aitonarekin kalean barrena nindoan eta kotxe batek kolpe bat eman zidan. Gidariak, 'es que tu nieta esta gorda' esanez zuritu nahi izan zuen bere burua. Bederatzi urte besterik ez nituen.

Zein esplikazio du honek guztiak?

Gizarte honetan, edertasun eredutik kanpo dauden gorputzak, sistematik kanpo daudenak, gaizki daude eta aldatu beharrekoak dira. Alderantziz gertatzen da, ordea, edertasun kanonak dira gaizki daudenak eta aldatu beharrekoak eta jakin beharko genuke gorputz guztiak direla politak eta errespetagarriak. Jendeak oso barneratuta dauka eredu hori, baina gero inor ez da iristen edertasun kanon horietara, eta beren buruaren kontra egiten dute. Gertu daudenek ere oso gaizki pasatzen dute, inoiz ez direlako ideal horretara iristen.

Zeinek ezartzen ditu, gaur egun, eredu horiek?

Egunero ikus dezakegu komunikabideetan, publizitatean. Patriarkatuak ezartzen ditu gorputz normatiboak zeintzuk diren eta horietatik at kanpo bazaude, behin eta berriro jarduten dute zure kontra eta zaildu egiten dizute bizitza. Lodiaktibista bezala, bestelako gorputzak ikusarazi eta edertasun kanon horiek hautsi nahi ditugu, gorputz guztiak onartuak eta errespetatuak izan daitezen. Oso oso gizena izanagatik ez dugu zertan tratu txarrik jasan behar. Askotan, jendeak saihestu egiten du gure gizentasuna eta gure gorputzeko beste atalak nabarmentzen ditu gure aurpegi polita adibidez, horrek gizentasunaren zama arinduko balu bezala. Gure gorputzean ere, homologarriak diren atalak bilatzen ditu jendeak. Azkenaldian, gordibuena bezalako hitzak jarri dira modan, ontzat emanez kilo batzuk gehiago edukitzea. Edertasun kanon horiek, apur bat zabaltzeko ahalegin bezala ulertu liteke, baina gu ez gaude horrekin ados, erakusleiho horrek anitza izan behar duela iruditzen zaigu.

Gure gorputza maitatzen dakigula uste duzu?

Erakutsi beharrean gure burua errespetatzen eta horren arabera bizitzen, ia gure gorputzarekiko gorroto harremanean hezten gaituzte. Gizenoi beti osasun arazoak eduki ditzakegula esaten zaigu eta hori beste aurreiritzi bat da, arazoak gerta aurretik sorrarazten zaizkigulako. Ni gizena naiz eta osasuntsu nago. Gaur egun kirolzale eta belarjalearen irudia zabalduta dago eta jendea ez da ohartzen gizentasuna ez dagoela jatearekin lotuta, bakarrik. Ahal dugu izan kirolzale edo begetariano. Gizenok beste pertsonak bezalakoak gara, gizena egoteak ez du esan nahi egun osoa sofan etzanda eta jaten pasatzen dugunik. Emakume eta gizena bazara, ez duzu ezertarako balio, jendearen ustetan. Sutan jartzen nau horrek.

Zein izan liteke lodifobiaren biktima?

Pertsona askoren esperientziak ezagutzen ditut eta esan dezaket, elikadurarekin trastornoak izan dituen jende asko dagoela; limite horretara iristeko kirola egiten eta etengabe beren burua zigortzen dute, gizenak izan edo ez. Kalera atera gabe edo udan hondartzara joan gabe geratzen da jende asko, bikini bat janzteak lotsarazten dituelako, adibidez. Oso grabea da egoera hori. Pertsona guztioi eragiten digu lodifobiak. Argala dena ere bada biktima, gizen izateko beldurra barruan sartua duelako.

Nola hasi zinen zu lodiaktibismoaren munduan?

Nik 17 urte nituela feminismoa ezagutu nuen eta niretzako izan zen aukera bat nire burua maitatzen ikasteko eta ederra naizela ikusteko. Lodiaktibismoa orduan ezagutu nuen eta ikusi nuen ez nintzela pertsona bakarra zapalkuntza mota hau jasotzen duena, ez nintzela ni, hortaz, gaizki zegoena. Nire burua maitatzeko komunean, ispiluaren aurrean jarri, biluzi eta 'ederra zara' esateak asko lagundu dit eta ariketa hori gomendatuko nioke jendeari. Argazkiak ere ateratzen dizkiot nire buruari eta erakutsi egiten ditut sare sozialetan, askotan gizenon gorputzak ezkutuan geratzen direlako.

Irmo Villabonako talde feministako kide zara.

Duela gutxi hasi gara talde gisa funtzionatzen. Indartsu eta gogotsu gaude, lanerako eta borrokarako prest. Emakumea eta gizena bazara kontuz ibili beharra daukazu, zapalkuntza bikoitza jasotzen duzulako. Geure gorputzean inskribatuta geratzen diren diskriminazioak dira, emakume izatea bezala gizen izatea, beste arraza batekoa, lesbiana edo pobrea izatea. Emakumeak, ederrak izatera behartuta gaude, gizonezkoak ez bezala. Gizon bat gizena bada, beti nabarmenduko da bere alaitasun eta grazia, barkaberagoak gara gizonekin. Fofisano bezalako komentarioak egiten dira, emakumeen kasuan ez bezala. Interneten «ederra» hitza jarriz gero, beti agertuko zaizu neska zuri, argal, ilehori eta begi argikoa, ez da agertuko gizonezko bat, edo paisaia bat edo naturarekin loturiko irudi bat, eta are gutxiago, emakume lodi bat.

Beldur Barik lehiaketan parte hartu zenuten iaz, Iraultza Morea bideoarekin.

Borroka feminista aipatu nahi izan genuen, eta lodifobia salatzen saiatu ginen lan horretan. Bideoan aipatu genuen bezala, kilorik gabe, granorik gabe eta ilerik gabe nahi gaituzte emakumeak. Nahi gaituzte haiek nahi duten bezala, haien gustuak bete behar ditugu, haiek esaten digute nolakoak izan behar dugun. Ni emakume eta gizen izatearekin gustura nago eta ez dut aldatu nahi.

Pertsona gizenen erreferenterik ba al dago?

Ni ez naiz oso erreferente zalea baina egia da Stop Gordofobia plataforman ezagutu dudan pertsona batek asko lagundu didala egoera ezagutzen. Ez da famatua baina bere ekarpena oso inportantea izan da niretzat. Telebistan edo zineman emakume gizenak ez dira agertzen eta agertzen direnetan beti erreferentzia negatiboekin lotzen dituzte. Ez da inoiz konnotazio positiboarekin edo edertasunarekin lotzen. Salbuespenak badaude Euskal Herrian, Zea Mays taldeko Aiora Renteria edo Onintza Enbeita bertsolaria, adibidez, gizenak, baina beren burua onartzen dutenak dira eta asko lagundu diezaiokete jendeari.

Stop Gordofobia taldea aipatu duzu. Non du sorburua talde horrek eta nola egin zenuen hartu-emana beraiekin?

Talde bat da estatu mailan antolatuta dagoena eta hitzaldiak ematen ditugu toki ezberdinetan. Nik Irungo Gaztetxean izan nuen plataformaren berri, bertako kide batek, lodiaktibista batek eman zuen hitzaldiaren harira. Bertan izan nintzen, gonbidatu ninduten taldeko kide izatera eta horrelaxe hasi nintzen lanean. Zortzi kide gara gaur egun eta Euskal Herrian ni naiz bakarra: Txile, Argentina, Espainia eta Boliviako jendea batzen gara, besteak beste. Taldean ez dabiltzan lodiaktibista gehiagorekin izan dut harremana, adibidez, Bartzelonako emakume bat ezagutu nuen, hemen, Tolosan antolatutako jardunaldi batzuetan.

Nola egiten duzue lan?

Twitterren eta Facebooken egiten dugu lan batez ere. Gure borroka zabaltzen dugu horrela, jende askok jarraitzen gaitu. Borroka kolektiboa da gurea eta jende askoren zalantzak eta kontsultak jasotzen ditugu. Aurki webgune bat zabalduko dugu. Sare sozialetan 40 mila jarraitzaile ditugu eta haien galderak, arazoak, frustrazioak, esperientziak… jasotzen ditugu. Gehienbat emakumeenak iristen zaizkigu eta gutxiago gizonezkoenak. Asko harritu ninduen emakume baten kasuak, etxetik ateratzen ez zena gizena zelako eta familian zapalkuntza jasotzen zuelako. Poztekoa da, nola ahaldundu den eta ausartu den jende asko kalera atera edo hondartzara joatera. Gasolindegi batean lan egiten zuen gizon baten kasua ere gogoan daukat: gizena izateagatik kaleratu zuten, inongo forma fisikorik eskatzen ez duen lanpostu batetik.

Nolakoak dira harreman pertsonalak? Zaildu egiten al dira gizena izateagatik?

Nire burua maitatzen ez nuenean ligatzeko arazoak ikusten nituen. Baina zeure buruaz seguru sentitzen bazara ligatzeko aukera beti sortzen zaizu. Edertasun kanon horiek buruan dauzkagunez, beti eredu horien bila jotzen dugu harremanetarako orduan. Nik ez dut gustuko gizena fetitxe bezala erabiltzea, arraro den zerbaitekiko parafilia baten moduan. Pertsonak elkar maite behar dute itxura fisikoaz harago.

Aurreko urtean Aizan talde feministak antolatutako jardunaldietan parte hartu zenuen Zizurkilen.

Asko eskertzen diet Aizanekoei nire buruarentzako pauso handi bat izan baitzen, eta jendearentzat ere bai. Jendeak gogoa dauka gizentasunaren inguruan ikasteko. Nire mezua zabaltzeko aukera bat izan nuen, eta nire borroka ezagutarazteko: beste gorputz bat edukitzeagatik ez duzu zertan zapalkuntza jaso behar, ez dizute buruan sartu behar nolakoa izan behar duzun. Gorputz guztiak dira, ederrak, bereziak eta bakarrak, bakoitzak berea baino ez duelako; ez daude bi gorputz berdin.

Umorea garrantzitsua al da?

Egia esan nik ez dut gaizki hartzen gizena naizela esaten etortzen bazaizkit. Baina lodifobo bat gerturatzen zaidanean min egiteko intentzioarekin, ironiaz erantzuten diot. Ikusarazten diot ez didala eragiten berak esandakoak. Askotan esaten diet umorez, 'argi ibili gizena bainaiz eta jan egingo zaitut' edo 'ikusiko duzu nire pisu guztiarekin zapaltzen bazaitut'. Horrelakoak botatzerakoan, ikusten dute emakume gizen bat, indartsua dena, bere burua maite duena eta seguru agertzen dena. Gizonezko asko beldurtu egiten dira eta horrek, aldi berean, ni ahaldundu egiten nau. Beraz: Gorda borroka feminista!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!