Amasa-Villabonako udal taldearen erantzuna EH Bilduri

Ataria 2016ko mar. 18a, 12:39

Aurreko asteazkenean Amasa-Villabonako EH Bilduko udal taldeak egindako adierazpenei erantzun die EAJren udal taldeak eta esan du URA agentziak aurkeztutako proiektua eskura dagoela hirigintza sailean. Hau da EAJk plazaratutako oharra:

EAJko alkate eta zinegotziek ez dugu ulertzen EH Bilduren jarrera Uraren Euskal Agentzia (URA) Oria ibaian zehar burutzen ari den obren inguruan. Beraien adierazpenetan salatzen dutenez, udal gobernuak, zehazkiago Iban Agirre alkateak, obra horiek baimendu ditu horretarako proiekturik egon gabe.
Gauzak argitzearren, URAk aurreko legealdian aurkeztu zuen udalean proiektua Villabona-Zizurkilen Oria eta Asteasu ibaiak ubideratzeko eta haien uholdeetatik babesteko proiektu aldatua. Bigarren fasea. Lehen separata tituluarekin, politikariak zein udal teknikariak egingo ziren lanen jakitun izan zitezen. Jendaurrean egon zen zegokion denboraldian eta ondoren onarpena eman zitzaion. Orduz gero proiektua hirigintza alorrean dago, interesa duen edonoren eskura.

Horretaz gain, oposizioak jakin beharko luke udalak ez duela eskumenik URAk burutzen dituen obretan (ekainaren 23ko 1/2006 Legea). Lanak iragan den udan hasi ziren, 7 hilabete daramatzate abian, proiektua jarraituz burutzen ari dira… ez dugu ulertzen salaketak zertara datozen.

Azkenik, lerro hauek erabili nahi ditugu herritar guztien izenean eskerrak emateko gure udalerrian burutzen ari diren inbertsio guztiengatik, uholdeek eragiten dituzten kalteak, hein handi batean, ekiditearren eta gure asebetetzea adierazi nahi dugu orain arte egindakoarekin. Aldi berean, geratzen diren faseak ahalik eta azkarren burutzea eskatzen dugu, gure udalerriaren hobe beharrez, azken euriteekin argi geratu den bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!