Migratzaileak kanporatzeko akordioa arbuiatzeko eskatu du PSE-EE udal taldeak

Ataria 2016ko martxoaren 18a

Greziako uharteetara Turkiatik itsasoa zeharkatuz iritsi diren «migratzaile irregularrak» bueltan Turkiara kanporatuko dituzte. Siriako gerratik ihes egin eta Greziako uharteetara iritsitako errefuxiatuak ere kanporatu nahi ditu Bruselak. Egunotan sinatuko da Europako Batasunak eta Turkiak erdietsitako akordioa eta Amasa-Villabonako PSE-EEk akordio horrekiko arbuioa adierazteko eskatu dio udalbatzari.

Maria Luisa Ariza zinegotziak azaldu duenez, "gaitzespen honekin Europako Batasunari eta hura osatzen duten estatuei exijitu nahi diegu, errefuxiatuek bizi duten egoerari berehalako erantzun humanitarioa ematea". Europako Batasunak asilo eskubidea eta giza eskubideen inguruko tratatuak sinatu ditu, eta beraz, alderdi sozialistaren ustez, "eskubide horiek errespetatzen ez dituzten akordio, hitzarmen eta ekintzak bertan behera geratu beharko lirateke". Bide batez, PSE-EEk bere egiten du 'Pasaje Seguro' manifetua, Europa osoko gizarte mugimendu, sindikatu eta alderdi politikoek sinatutakoa.

Udalbatzak aurkeztutako mozioa eztabaidatu dezan, PSE-EEk mozioa osoko bilkuran aurkeztuko du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!