Zubimusu inguruko obrei buruzko informazio falta salatu du EH Bilduk

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 16a, 17:14

Amasa-Villabonako EH Bilduk salatu duenez, Zubimusu inguruan egiten ari diren lanen urbanizazio proiektua falta da hirigintza sailean

Amasa-Villabonako EH Bilduren udal taldeak Ulako etxebizitzen atzealdean eta Zubimusu inguruan egiten ari diren obren inguruko informaziorik ez duela salatu du. Xabat Laborde zinegotziak «oso larritzat» hartu du herriko espazio esanguratsu bati eragingo dion obra hau martxan dagoen bitartean, ez udaleko hirigintza sailak, ezta udaleko oposizioak ere inolako informaziorik ez izatea: «Zertara dator sekretismo edo ilunkeria hau? Zerbait al dago ezkutatzeko?», galdetu du obrak egiten ari diren tokian eskainitako agerraldian. 

Aurreko urteko udan hasi ziren Villabonako zatian Oria ibaian ur zikinak bideratu eta uholde arriskua ekiditeko lanak. URA agentziarekin Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalek sinatutako hitzarmenari erantzuten diote lanek. Laborderen esanetan, «interes publiko ukaezina duen obra garrantzitsua da eta EH Bildutik oso argi utzi nahi dugu ez dugula obra honen martxa oztopatzeko borondaterik, obrak ahalik eta azkarren bukatzea nahi genuke, herritarrei eta bereziki inguruko negozioei sortzen dizkien eragozpenak amaitu daitezen». Ibaia bideratzeko obren baitan, ordea, Zubimusu zubia birmoldatu eta bide batez inguruko zonaldean hainbat aldaketa egiten ari dira. Alde batetik, Ula izenez ezagunak diren etxeen atzealdea eta ibaiaren arteko kalea, eta zubia eta kale horren arteko espazioa eraberritzen ari dira, bestetik.

Labordek esan duenez,«udaleko hirigintza sailean urbanizazio proiektu bat egon beharko litzateke, aipatutako zonaldean zein interbentzio egingo diren eta zonaldea zehatz-mehatz nola geratuko den definitzeko». Behin baino gehiagotan informazio eskatu arren, «hirigintza sailean ez dago urbanizazio lan horren inguruko inolako dokumentaziorik. Ez espedienterik, ez proiekturik, ezta honek indarrean dagoen udal araudia betetzen duela ziurtatzen duen txosten teknikorik ere».

Informazioa lortzeko emandako pausoak aipatu ditu Labordek: «Obra honen inguruko informazio eskatu genion alkateari eta hirigintza batzordeko gai zerrendan txertatuko zuela esan zigun. Batzorde horretan, ordea, ez zuen urbanizazio proiekturik edo dokumentaziorik aurkeztu. Ahoz azaldu zigun zonaldea ‘oso ondo’ geratuko zela eta bera pertsonalki ari zela urbanizazio horretan egingo zena definitzen». Hori ikusita, koalizio abertzaleko zinegotziak, hirigintza sailera jo zuten urbanizazio proiektua eskatzera eta orduan ohartu ziren, «inolako proiekturik ez dagoela bertan». Martxoaren 7an EH Bilduko hirigintza zinegotziak eskaera ofiziala zuzendu zion alkateari informazio eske, «baina oraindik ez dugu erantzunik jaso».
Hirigintza saileko langile eta teknikarien lanari eta aholkuei uko egin eta alkateak berak lan hauek bere gain hartzea «ulertezina» egiten zaio oposizioko lehen indarrari. «Normala al da alkateak berak pertsonalki eta zuzenean aukeratzea urbanizazio horren xehetasunak?».

Koalizio abertzalearen esanetan, oposizioari gobernuaren jardunaren jarraipena egitea zailtzen ari da EAJren udal taldea eta horrek ez du legealdi hasieran alkateak eskainitako elkarlanarekin zer ikusirik. «Gobernuaren jardunaren kontrola egiteko gaude, baina oraingo honetan, gardentasun falta topatu dugu. Gure herrian egiten ari diren obren informazioa eskuragarri izatea gure eskubidea da». Jokabide «trakets eta arduragabe» hauekin amaitzea eskatu dio, beraz, EH Bilduko udal taldeak EAJren udal gobernuari

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!