Geroz eta jendetsuagoa den mendi martxa antolatzen du Aizkardik

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 16a, 11:53

48. aldia da mendi martxa antolatzen duela Villabonako taldeak eta 1.200 mendizale inguru espero dituzte igandean. Guztia ondo atera dadin, 70 lagun ariko dira lanean.

Igandean egingo da Aizkardi mendi elkarteak antolatzen duen 48. mendi martxa. Ordura arte lanean jardungo dute ekarteko kideek, aste gogorra izaten baita hau antolakuntzarentzat. Maddi Bengoetxea Aizkardiko kideak argitu duenez, «20 bat lagun ibiltzen gara aurretik dena prestatzen eta gero egunean bertan jende gehiagoren laguntza izaten dugu. Herria ondo portatzen da eta ederki erantzuten dio gure eskaerari. Herriko elkarte bakoitzak Behar Zana, Zunbeltz eta Irrintzik kontrol gune ezberdinen ardura hartzen du». Borondatez, 70-80 pertsona ariko dira lanean igandean.

Tradizio luzeko martxa da Villabonakoa eta beste herrietan bezala, elkartearen eskutik sortu zen duela ia 50 urte. «Zehatz ez dakigu noiz sortu zen Aizkardi, aurretik Loatzo elkartea zegoelako eta elkarte horren baitan mendi taldea sortu zelako. 50 urte baino gehiago izango dira mendiarekiko afizioa bultzatzen ari garela Villabonan». Eta oraindik eusten diote. 300 bazkide baino gehiago dira elkartean eta horietako asko federatuak dira. Hilean irteera pare bat antolatzen dituzte eta 20 lagun inguru batzen da Euskal Herriko paraje ezberdinak ezagutzera. Goiz bateko mendi bueltak ere antolatzen dituzte Tolosaldeko mendietan zehar, «hemen inguruko mendiak ezagutzeko». Mendi martxa ere horrela antolatzen hasi ziren, kanpotik zetozen mendizaleei Villabona inguruan zeuden tontorrak ezagutarazteko.

Lau ibilbide dauzkate prestatuta eta txandaka antolatzen dute martxa bide horietan. «Zirkuitu bakoitzak bere zati bereziak ditu: batean Hernio zeharkatzen da, bestean berriz, Adarra. Aurten, Uzturre eta Erroizpe mendiak zeharkatuko dira. Saiatzen gara, XIV Orduko Martxa ospatzen den urtean, gure ibilbidea inguru horretara, Tolosa aldera eramaten», nabarmendu du Bengoetxeak.

Parte hartzaileetan gora

Azken urteetan 1.200 mendizale batu dira Aizkardik antolatutako mendi martxan. «XIV Orduko Martxa tokatzen den urtean gora egiten dute izen emateek, mendizale askok entrenamendu bezala hartzen dutelako. Baina kontua da, gero ez dugula beherakadarik sumatzen. Kolpe bat eman eta partaide kopurua mantendu egiten da». Azken urteetan mendi lasterketek izan duten arrakastak badu zerikusia horretan. Amasa-Villabonako mendi elkarteak, ordea, aurreko filosofiari eutsi nahi dio eta «bideaz gozatzeko» prestatzen dute urteroko martxa. Asmo horrekin, garai bateko ibilaldi neurtuak gogoan, iaz sari bat banatu zuten antolakuntzak markatutako denboretara gehien gerturatzen ziren mendizaleentzat.


Dozena bat urte izango dira federazioak martxan jarritako Euskal Herriko Ibilaldi Neurtuen zirkuituan sartu zutela Aizkardik antolatzen duena. «Luzera eta pendiz jakin bat eskatzen zitzaigun eta orduan ikusi genuen, mendizale batzuk kanpora gera zitezkeela. Ibilaldi motzago bat prestatu genuen, luzearen zati bat aprobetxatuta eta gaur egun esan liteke, parte hartzaileen erdiak motzagoa den horretan ematen dutela izena».

Martxoko azken igandean egin ohi dute mendi martxa eta data horrek ordutegi aldaketarekin egiten du bat. «Aurten arazo hori ez dugu izango, Aste Santuarekin egokitzen denez astebete aurreratzea erabaki baitugu». Eguraldia ez dago aurrez iragartzerik baina giro ona nahiago dute antolatzaileek lanerako: «Kontrol guneetan egoteko erosoagoa da eta mendizaleek ere eskertzen dute, era horretara arrisku gutxiago izaten delako». Zorionez, urteotan parte hartu duten mendizaleek ez dute ezbehar larririk izan.

48. MARTXA DATUTAN

IBILBIDE LUZEA

Luzera: 43 kilometro.
Pendiza: 2.500 metro.
Iraupena: 10 ordu.
Irteera ordua: 06:30ean.
Ibilbidea: Villabona (61m) - Otsabi (110m) - Komizar (200m) - Meaka (530m) - Belabieta (675m) - Ibingo Langa (611m) - Belabietatxiki (744m) - Urdelar (857m) - Mugaga (685m) - San Lorentzo (803m) -Gorosmendi (665m) - Ipuliño (929m) -San Anton (499m) - Uliko Borda (850m) -Arburu (780m) - Erroizpe (802m) -Berrobi (155m) - Uzturreko Gurutzea (665m) -Artxipiagako Langa (566m) - Loatzo (635m) -Villabona (61m).

IBILBIDE MOTZA

Luzera: 24 kilometro.
Pendiza: 1.000 metro.
Iraupena: 6 ordu.
Irteera ordua: 08:00etan.
Ibilbidea: Villabona (61m) - Otsabi (110m) - Komizar (200m) - Meaka (530m) - Belabieta (675m) - Ibingo Langa (611m) - Belabietatxiki (744m) - Urdelar (857m) - Mugaga (685m) - Olantzako Borda (656m) - Kiriko Harkaitza (536m) - Ibarrolako Erreka - Urdausurbilgo Borda (410m) - Kanal Handia (300m) - Mandabideta (240m) - Lastur Parkea (175m) - Arratzain Ikastetxea (115m) - Villabona(61m).

OHARRAK:
— Irteera lekua : Aizkardi M.E. - Villabona-Eliza ondoan- .
— Jan edanak norberaren kontu.
— Bukaeran, dutxa zerbitzua egongo da.
— Ibilaldia bukatzen duten eta bertan aurkitzen diren partaideen artean, mendiko tresnaz osatutako opariak zozketatuko dira, 17:00etan.
— Antolakuntzak, gela bat prestatuko du koltxonetekin bezperan bertan lo egin nahi dutenentzat.

IZEN EMATEAK: www.zirkuitua.com helbidean, ostirala arte eta egunean bertan, irteera puntuan. Informazio guztia: 649 71 71 82 telefonoan (iluntzetan) edo ibilaldia@aizkardi.com helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!