Etxegabetzeak saihesteko jarduera-protokoloa prestatu nahi du udalak

Ataria 2016ko martxoaren 10a

Udal gobernu taldeak udaberrian onartu nahi du protokoloa. Stop Kaleratzeak plataformarekin jarriko da harremanetan eta herritar guztien ekarpenak hartuko ditu protokoloa osatzeko. Gizarte Zerbitzuetako batzordean landu ondoren udalbatzak osoko bilkuran onartuko du.

Amasa-Villabonako udal gobernuak konponbide osoa eman nahi die ohiko etxebizitza mantentzeko , kaudimen-gabezia agertzen duten pertsona eta familiei."Bat-bateko egoera ekonomiko baten ondorioz ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan daudenean ezarriko da protokoloa, beti ere, etxebizitza hori jabetzan duten higiezin bakarra bada. Ez da ezarriko ageriko gehiegikeria edo zabarkeria ekonomiko kasuetan" ohartarazi du udal gobernuak.

Amasa-Villabonako Udalak osatu asmo duen araudiak prozesuak irauten duen bitartean etxebizitza beharrari irtenbidea emateko aukerak aztertuko ditu: "Bai finantza entitateekin hitz eginez familia bere etxean gera dadin, edota egin behar diren gestioak eginez, alokairu sozialeko etxebizitza publiko bitartez, posible den kasuetan". Laguntza ekonomikoak beharrezkoak balira, horiek kudeaketa ere aztertuko du protokoloak.

Udal gobernuak adierazi duenez, "etxegabetze kasuetan, ebaluazioa eta diagnostikoa, udaleko zerbitzu sozialek egingo dute eta haiek izango dute azken hitza".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!