Bilketa sistema berriari onarpena, otsaileko bilkuran

Ataria 2016ko mar. 1a, 19:17

Herriko taldeek laguntzak kobratu ahal izateko irizpideetan aldaketak egin dituzte EAJ eta PSE-EEk eta horren kontra azaldu dira EH Bilduko zinegotziak.

Hogei puntu aztertu zituzten astelehen iluntzean Amasa-Villabonako Udalean ospatutako ohiko osoko bilkuran. Aurrez iragarria zegoen bezala hiri hondakinak gaika biltzeko behin betiko sistema bat finkatzeko akordioa berretsi zuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, aho batez. Iban Agirre alkateak alderdi guztiei eskerrak eman zizkien egindako lanagatik eta lortutakoa “oso ona” izan dela nabarmendu zuen. EH Bilduko zinegotzi Xabat Labordek, berriz, balorazio positiboa egin zuen akordioaz: “Espero dugu sistema berriarekin gai izatea birziklatze tasa gehiegi ez jaisteko eta udal gobernuaren aldetik %70 birziklapen tasara iristeko konpromisoa hartzea funtsezkotzat hartzen dugu. Adi-adi egongo gara jarraipena egiten, eta helburuak lortzen ez badira neurriak proposatuko ditugu”.

Batzar aretora gerturatutako herritarrek ere euren kezka azaldu zuten gai honen inguruan. “Zein kontrol eramango da eta nola jakingo dugu herritarrok helburua lortzen ari ote den? Eta lortzen ez bada? Zein neurri hartuko dira? Eperik finkatu duzue?”, galdetu zuen herritar batek publikotik. Iban Agirre alkateak eman zituen erantzunak: “Jarraipena mankomunitateak eramango du eta publiko egingo ditugu datuak. Birziklapen tasa handia lortzea da gure helburua eta niri gustatuko litzaidake urtebetean lortutako emaitzak aztertu eta zein neurri hartu behar diren zehaztea. Hori ingurumen batzordean egingo da”.

Osoko bilkurara gerturatutako beste herritar batek Zubietan eraiki asmo duten errauste plantaren inguruko kezka azaldu zuen eta udal ordezkariei galdetu zien zein iritzi duten azpiegitura lan horren inguruan. “Gai hori ez da gure eskumena eta ezer gutxi dugu egiterik", esan zuen alkateak, "guk udaletxe bezala informazioa jasotzeko konpromisoa har dezakegu eta saiakera egingo dugu adituak herrira ekarri eta errauste planta baten onurak eta kalteak azaldu ditzaten. Gero behin iritziak bilduta posizionamendu bat hartu ahal izango du udalak”.

Diru laguntza politika ezbaian
Osoko bilkuran zortzigarren eta bederatzigarren puntuetan herriko eragileen artean partitzen diren diru laguntzen gaia izan zuten hizpide zinegotziek. Kreditu aldaketa bat onartu zuten EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta beraz, aurrekontuko bi kapituluetan aldaketak onartu zituzten kreditu gehikuntza hori egiteko. Bide batez, ogasun batzordeko beste erabaki bat berretsi zuten ohiko bilkuran: hemendik aurrera 3.000 eurotik gorako laguntzetan ordainketaren %80a erabakia hartzerakoan egingo da eta gainerako %20a ekintzak justifikatu ondoren.

Aldaketa hauen zergatiaren berri eman zuen Mertxe Garmendia zinegotziak: “Irregulartasunak konpontzea da helburua. Bigarren kapitulutik ezin zaie elkarteei dirurik eman eta bakarrik udalak antolatutako ekintzak finantzatu daitezke. Irregulartasun hori konpontzeko laugarren kapitulura pasa dugu dirua”. 75 mila euro bideratuko dira herriko elkarteetara euren ekintzak burutu ditzaten eta kultura zinegotziaren esanetan, “partida horretatik emandako laguntzak nominalak izango dira eta gero deialdi orokorrak egingo dira ekintza jakinak antolatzeko. Herritar guztion dirua gardenago egongo da kudeatuta”. Hain justu, bilkurara gerturatutako herritar batek bere zalantza planteatu zien udal ordezkariei: “Ni ez nago inongo taldetan antolatuta, baina lagunekin batera festetarako ekintzaren bat antolatu nahi nuke. Laguntzarik jasoko al dugu?”. Alkateak erantzun zion, araudia aztertuko dutela eta ahaleginak egingo dituztela herritarrek parte har dezaten herriko festen antolakuntzan.

Aurreko legealdian kultura zinegotzi izandako Nora Urbizuk, EH Bilduren kontrako jarrera argudiatu zuen kontu honetan: “Herrigintzak gauza ederrak egin ditu, alderdikeriak alde batera utzita. Zein konfiantza falta da herriaren alde lan egin dutenenganako? Hartutako erabaki honekin eragileek dirua aurreratu beharko dute eta ekintzak kolokan jarri daitezke. Ez dugu konpartitzen EAJren ikuspegi enpresarial hori, lan soziala egiten dute eragileek eta amasar eta billabonatar guztiak gara egiten duten lanaren onuradunak. Kezkagarria den eredu aldaketa ikusten dugu erabaki hauen atzean”.

Mozioak eztabaidagai
Hainbat mozioa aurkeztu zituzten talde politikoek asteleheneko bilkuran. EH Bilduk aurkeztutakoak bi izan ziren: Correscales, prekarietatearen aurkako korrikari buruzkoa eta emakume eta herri kurduari buruzkoa bestea. Biak EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu ziren. Alderdi sozialistak, energia-pobreziari buruzko beste bat aurkeztu zuen eta EAJ eta PSE-EEren eta EH Bilduren abstentzioarekin atera zen aurrera. EH Bilduko zinegotzi, Xabat Laborderen esanetan, “aurkeztutako mozioak onartzen dugu badituela ontzat ematen ditugun puntuak. Adibidez, Amasa-Villabonako Udala energia hornitzaile diren enpresekin koordinatzea, argindarra, ura edo gasa ez mozteko aurrera pausoa emateko. Hirugarren eta laugarren puntuekin ez gara erabat ados eta horregatik gure abstentzioa“. Beste bi adierazpen berresteko proposamena eraman zuten ohiko osoko bilkurara. SEADen aldarrikapenaren urteurrenaren ingurukoa aho batez onartu zuten alderdiek eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren ingurukoa, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, Urbizu zinegotziak argudiatu zuenez, “Genero indarkeriaz hitz egitea, gaur egun indarkeria matxista terminoa orokortuta dagoenean erabat desfasatua iruditzen zaigu. Epela iruditzen zaigu aurkeztu den testua eta erroetara jo beharko genukeela iruditzen zaigu, arazoaren oinarrian kapitalismoa dago. Gai honekin irmo jokatu beharko litzatekeela uste dugu eta gorputz gehiago izan beharko lukete gisa honetako testuek”.

Eztabaida gehiago eragin zuen EH Bilduk aurkeztutako beste mozio batek: Eusko Jaurlaritzak Gizarte Larrialdietarako gastua bere gain hartzeko eskatzen diona. Eneko Urdangarin zinegotzi jeltzaleak azaldutakoaren arabera, “hemendik gutxira EAJk eta EH Bilduk adostutako udal legea onartuko da eta gai hau bertan eztabaidatuko da. Orduan ikusiko da zeinen eskumena den gizarte larrialdietarako laguntza hauek ematea”.  EH Bilduk ontzat eman zuen puntu hori, baina Laborde zinegotziak nabarmendu zuenez, “2016an beharko den kopurua nabarmen handiagoa izango da eta 72 mila euro ez da diru nahikoa izango. Urratsak emango dira beharrezko laguntza emateko?”. Aurten, dagoeneko, %12 gehiago bideratu dute udaletik laguntza klase hauetara eta Urdangarinek esan duenez, “aurrekontuak gizarte zerbitzuetako teknikariarekin hitzartuta daude eta 2015ean kreditu aldaketa bat egin genuen aurreikusitako diru kopurua handitu eta larrialdian dauden herritarrak laguntzeko. Beraz aurten, iraila edo urrian beste aldaketa bat egin behar bada, ez dit pultsuak dardara egingo kreditu aldaketa bat egin eta herritar bat bera ere geratu ez dadin larrialditako laguntza gabe”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!