Aholkulari taldea osatuko dute Amasamendiren antolaketa plana idazteko

Jon Miranda Labaien 2016ko otsailaren 25a

Martxoak 1, asteartea, 19:30ean udaletxean egingo du aholkulari taldeak lehen bilera. Taldea aurkeztu eta plana nondik nora egituratuko den azalduko da bertan; hortaz, Amasa-Villabonako Udalak dei egiten die parte hartzera mendiaren erabileran interesa duten herritarrei.

Hausnarketa prozesua martxan jarri eta urtebetera, ondorioa atera du Amasa-Villabonko udalak: Amasamendiren erabilera arautzeko eta erabilera mota ezberdinen arteko elkarbizitza errazteko Antolaketa Plan bat idatzi behar da.

Dagoeneko martxan den lan talde tekniko bat eratu dute mendiaren Antolaketa Plana idazteko eta horrekin batera, "lan talde paraleloa" osatuko da, mendiaren erabiltzaile guztiek eta interesa agertzen duten herritarrek osatua. Erabiltzaile guztien ikuspegiak kontuan izango direla bermatzea izango da talde honen egitekoa eta plana idatziko duen lan talde teknikoari Amasamendi mendiaren inguruko informazioa ematea –bakoitzaren ohiturak, egiteko moduak eta ikuspegiak aintzat hartuta–. Erabiltzaile eta herritarrek osatutako taldeak Antolaketa Plana idazten den bitartean jarraipena egingo du eta hobekuntzak proposatuko ditu eta behin idatzita dagoenean bere gauzatzea ziurtatuko du.

Lan talde teknikoari aholkua emateko sortuko den taldearen lehen bilera asteartean egingo da, udaletxean, 19:30tik aurrera. Amasamendiren erabileran interesa duten herritarrak deitu dituzte bileran parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!