Pertsona baten heriotza eragin zuen kamioi gidariarentzat kartzela zigorra eskatu dute

Ataria 2016ko otsailaren 24a

Gipuzkoako fiskalburuak lau urteko espetxe zigorra eskatu du kamioi gidariarentzat eta baita, sei hilabetez gidabaimena erretiratzea ere. Iazko abuztuaren 3an, N-1 errepidean, bederatzi kilometroz kontrako noranzkoan gidatu ondoren, Villabonan istripu bat eragin zuen, non Errenteriako emakume bat hil zen.

Fiskaltzak aurkeztu eta behin behineko ondorioak biltzen dituen txostenak dioenez, Gasteizko noranzkoan Alegia parean dagoen gasolindegian geldialdia egin zuen kamioizaleak. Jatetxean afaldu eta "edari alkoholdunak hartu zituen", fiskaltzak prestatutako idatzian aipatzen denez. Gaueko 22:30 aldean, Alegiako gasolindegitik atera eta kontrako noranzkoan abiatu zen, Donostia alderako bidea hartuz.

Argiak itzalita gidatu zuen bederatzi kilometroko bidean. "Errepidean gurutzatu zituen beste hainbat ibilgailuk argiak eman eta klaxona jo zioten, baina ez zuen bere norabidea zuzendu. Uneren batean orduko 100 kilometroko abiaduran gidatu zuen.

Amasa-Villabona parean, 441 kilometroan, Angulas Aginagara lanera zetorren Errenteriako 43 urteko emakume batek gidatzen zuen Citroen C-3 ibilgailuarekin egin zuen topo kamioiak aurrez aurre. Talkaren ondorioz, momentuan hil zen autoko gidaria. Kamioiaren gidariak odolean 2,31 gramoko alkohol tasa eman zuen, onartuta dagoen neurria zortzi aldiz gaindituz.

Bermea ordainduta aske geratzeko aukera

Erietxetik alta jaso eta espetxean sartu zuten istripua eragin zuen kamioizalea. Zazpi hilabeteotan behin baino gehiagotan eskatu du gidariak bere askatasuna eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak onartu egin du orain. Aurreko ostiralean kaleratutako autoak, ordea, baldintzak jartzen dizkio espetxetik ateratzeko: 30 mila euroko bermea ordaindu beharko du eta Portugalgo Espainiako kontsulatuan azaldu beharko du hilean bitan. Ezingo du gainera Europako Batasunetik kanpora atera eta gidabaimena erretiratuko diote.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!