«Geroz eta giro positiboagoa izan ikasgelan, orduan eta errendimendu hobea izango dute ikasleek»

Jon Miranda 2016ko ots. 24a, 11:19

Ikasgeletako adimen emozionala neurtzeko tresna garatu du EHUko Psikologia fakultateko Qualiker taldeak eta bertan parte hartzen du Aitor Aritzetak

Ikasgela batean dagoen giro emozionalak ikasleen informazio prozesaketan, ikasketa prozesuan eta ondorioz, errendimendu akademikoan eragiten du. EHUko Psikologia fakultateko Qualiker ikerketa taldeak frogatu ahal izan duenez, taldeak geroz eta adimen emozional handiagoa izan orduan eta errendimendu akademiko altuagoa daukate ikasgela horretako ikasleek. Nekane Ballurka katedradunak zuzentzen duen ikerketa taldean aritzen da Aitor Aritzeta (Amasa-Villabona, 1975): «2006tik ari gara ikasle gazteen eta helduen adimen emozionala neurtzen eta horrek beste aldagai batzuetan duen eragina aztertzen. Azken urteotan konturatuta gaude pertsonen adimen emozionala bezain garrantzitsua dela taldearena».

Gure egunerokotasunean hartzen ditugun erabaki askotan emozioek pisu handia dute, nahiz eta gu horrekin jabetuta ez egon. «Pertsona batek adimen emozional altua du bere emozioei arreta jartzen badie, emozio horiek ulertzen baldin baditu eta gai bada emozioak erregulatzeko. Guzti hori kudeatzeko gaitasuna duen pertsonak adimen emozional altua duela esaten da».

Talde guztiek partekatzen dituzte ezaugarriak eta talde horretako kide direnek azpikultura bat izaten dute, sentitzeko era propioak eta balio batzuk izaten dituzte amankomunean. Aritzetaren esanetan, «pertsonen portaera aldatu egiten da taldeen arabera eta hori psikologian demostratuta dago. Beste hainbat arlotan kirol taldeetan eta enpresa munduan neurtu izan da adimen emozionala horrek gero norbanakoan zein eragin dituen ikusteko, baina gure harridurarako hezkuntza arloan ez da oraindik horrelako erremintarik garatu».

Qualiker ikerketa taldea hutsune hori betetzera etorri da. 12 eta 17 urte arteko 700dik gora gazteekin egin dute ikerketa. 80 ikasgela inguru aztertu eta konturatu ziren horietatik hogeietan ikasleek ez zutela iritzi partekaturik, talderik ez zela existitzen. Beste 59 ikasgelatan, ordea, bai. Talde horien adimen emozionala neurtu eta diagnostiko bat egiteko galdetegia osatu dute. Hori izan da ikerketaren ekarpen nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker garatu ahal izan dute tresna eta interesa duten ikastetxeen esku utzi dute. Berrikuntza sailarekin harremanetan jarrita eskura dezakete interesatuek.

BAKARRA DEN ERREMINTA

Fidagarria eta eraginkorra den tresna garatu dute, beraz, ikasgela bateko giro emozionala neurtzeko eta diagnostikatzeko. Hori da Qualiker taldeak komunitate zientifikoari egin dion ekarpena. 16 galderez osatutako galdetegia da Aritzetak azaldu duenez: «Taldean zein puntutaraino jartzen zaie arreta emozioei? Zein neurriraino ulertzen dira taldean gertatzen diren emozioak? Eta ikasgela zenbateraino da egoera emozional negatibo batetik positibora pasatzeko gai? Hiru dimentsio horietan sakontzen da galdetegian». Galdera horien erantzunak estatistikoki aztertu eta taldearen adimen emozionala adierazten duen koefizientea ematen da.

Aipatu bezala, giro emozional positiboak ikasleen ongizatean eragina du eta sumatzen da zuzeneko lotura duela errendimendu akademikoarekin. «Askotan esku-hartze eraginkorragoak egiteko balio digu aldagai horren berri izateak. Talde baten kultura edo giro emozionala aldatzeak gatazkak gainditzen eta emaitzak hobetzen laguntzen du». Teknika ugari daude horretarako eta dinamika asko erabili daitezke taldearen giroan eragiteko. Piskanaka irakasle eta tutoreak arlo honetan trebatzen ari dira, «baina oraindik ere asko dago egiteko», Aritzetaren ustez.

AUTOEZAGUTZAN SAKONDUZ

Ikertu duten adin tartean taldeak garrantzia handia izaten du, garai horretan identitatea osatzen ari baitira nerabeak. Horretarako kanpo erreferenteak bezain garrantzitsuak dira barne errefente indartsuak edukitzea. Aritzetak dioenez, «hezkuntza sistemak, oro har, ez ditu gazteak prestatzen euren buruarekin topo egiteko. Gaur egun, kanpoari begira egituratuta daude, kanpoan topatzen dituzte erreferenteak, nor diren definitzeko».

Tolosako Hirukide ikastetxeak Adimen anitzak izeneko proiektua darabil azken urteetan eta Aritzetak adibide egokitzat hartu du: «Norberaren gaitasunetan oinarritutako hezkuntza sistema ondo dago baina nik pauso bat harago emango nuke eta autoezagutzan sakondu. Gure ahalmenak zeintzuk diren jakitea bezain garrantzitsua da zerk beldurtzen gaituen eta gure mugak non dauden jakitea. Bizitzan egoera askori egin behar diegu aurre eta beti egon beharko dugu sortzen eta birdefinitzen. Horretako oso garrantzitsua da nondik abiatzen garen jakitea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!