EAJk, EH Bilduk eta PSEk hondakin bilketa sistema adostu dute

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 19a, 14:44

Bost edukiontzitan bilduko dituzte hondakinak eta horietako bi –errefusa eta organikoa– asteko zazpi egunetan ireki ahal izango dira, txartel baten bitartez. Otsailaren 29ko osoko bilkuran hartuko dute erabakia eta gehienez hiru hileko epean jarriko dute martxan atez atekoa ordezkatuko duen sistema.

Amasa-Villabonako udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek –EAJ, EH Bildu eta PSE-EE– denboran zehar irauteko bokazioa duen sistema adostu dute. Bi helburu aipatu dituzte akordioa sinatzeko ekitaldian, "batetik gure herrian ingurumenarekiko begirunetsua izango den hondakinen kudeaketa sistema eraginkor bat ezartzea eta bestetik, gai honen inguruan azken urteetan herrian bizi izan den liskar politikoa eta soziala behingoz gainditzea". Iban Agirre alkateak hartu du hitza eta aitortu duenez, "abiapuntu oso ezberdinetatik gentozen, aspektu askotan antagonikoak ziren ikuspegietatik eta hala ere, akordio instituzional garrantzitsu bat lortu dugu. Nire ustetan, gaur denok harro egon gaitezke".

Papera eta kartoia, beira, plastikoak eta ontzi arinak, organikoa eta errefusa. Bilketa frakzio bakoitzeko edukiontzi bana izango dute Amasa-Villabonan. Papera, plastikoa eta beiraren edukiontziak herritar ororentzat irekiak egongo dira, hondakinak noiznahi utzi ahal izateko. Organikorako eta errefuserako edukiontziak, neurri ertaina izango dute –2.200 litro– eta asteko egun guztietan zabaldu ahal izango dira, herritarren artean banatuko den txartela erabiliz. Merkatari eta kolektibo bereziek, beraiekin adostutako eskeman oinarrituta, kartoia astean bitan utziko dute eta errefusa astean behin horretarako finkatutako tokietan. Konpostaje kolektiboko sistema mantenduko da.

Birziklapena bultzatzeko ekintzak

Joan den urtarrilaren 18an Tolosaldeko Mankomunitateak egindako batzarrean herri guztiek honako konpromisoa hartu zuten: 2016ko abenduaren 31rako %60tik gorako gaikako bilketa tasa lortzea. Ehuneko hori lortzen ez bada, mankomunitate eta herriaren artean adostuko dira neurri zuzentzaileak. Amasa-Villabonan sinatu duten akordioaren azken atalean erreferentzia egin diote mankomunitatearen erabakiari: "Ingurumeneko batzordearen baitan birziklapena bultzatzeko ekintzak garatzeko konpromisoa hartzen dugu gure gain, %70eko gaikako bilketa tasara iristeko konpromisoarekin". Gaur egun, %76,83koa da Amasa-Villabonako birziklatze tasa.

"Gauza ez da 2016-2019 legealdirako sistema bat ezartzea, baizik eta hainbat legealditarako eta paktu politiko ezberdinen gainetik geratuko den zerbitzu bat martxan jartzea", esan du Agirrek agerraldian. Era berean, konfiantzan oinarrituta birziklatzea bultzatuko duen sistema bat izango dela esan du, "herritarrek udalak proiektu hau era egokian garatuko duenaren konfiantza eduki behar dute eta udalak herritarrek sistema modu egokian erabiliko dutenarena. Ez dago sistema perfekturik eta akordioa sinatu dugun alderdi guztiok badakigu funtzionatu dezan horretaz konbentzituta egotea dela bide bakarra". Proiektu honek guztien laguntza beharko duela azpimarratu dute alderdi sinatzaileek: herritarrena, elkarteena, merkatariena, osasun zentroarena, gizarte zerbitzuena eta alderdi politikoena.

Poztasuna agertu du Agirrek, "legealdi honekin batera hasi nuen elkarrizketa bideak bere fruitua eman duelako, kontsentsu eta akordio moduan". Akordiorako borondatean eta motibazioan egin du azpimarra alkateak eta hondakinen kudeaketan elkarlan garai berri bati hasiera eman diotela esan du. "Mankomunitatera luzatu nahi dugun elkarlan modeloa, Gipuzkoako Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara. Ziur nago arazo berdina duten beste udalerrientzako eredugarria dela akordio hau". 

Alderdi politiko guztiei eskertu die Iban Agirrek erakutsitako elkarlana eta pazientzia "hilabete ugari iraun duen prozesu luze honetan".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!