Hondakinen inguruko batzarra deitu du EH Bilduk gaur

Ataria 2016ko otsailaren 15a

Udal gobernuarekin ostiralean dokumentu berri bat adostu zuen EH Bilduren udal taldeak. Akordio horren inguruko xehetasunak aztertuko dituzte gaur herri batzar batean, 19:00etan, Iratzar aurrean dagoen lokal berrian. Hauxe da Amasa-Villabonako EH Bilduk zabaldu duen oharra:

Hondakinen bilketa sistema berri bat adosteko EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdien arteko negoziazio mahaian aurre-akordioa lortzera iritsi zen eta pasa den astean EH Bilduk deitutako batzar irekian aurre-akordio hori sinatzea erabaki zen parte hartu zutenen %92aren babesarekin.

Beraz, Amasa Villabonako EH Bilduk akordio hori sinatzeko prestutasuna agertu zien EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiei. PSEko ordezkaria ere aurre-akordio hori behin betiko sinatzeko prest agertu zen.

Baina sinatzeko momentua heldu zen egunean EAJ-PNVk atzera egin, eta aurre-akordioari aldaketak aurkeztu zizkion (gainera alderdiei baino lehen komunikabideei bidali zieten mezua eta gu Atariaren bidez enteratu ginen). Aldaketa horietan aurre-akordioak jasotzen zuen azken puntua ezabatzen zen, hau da puntu horrek zioena: Aurre akordio hau sinatzen dugun alderdiok bilketa sistema honek lortutako emaitzetan birziklatze tasa %70era iritsi ezean, neurri zuzentzaileak ezartzeko konpromisoa hartzen dugu. Neurri zuzentzaile hauek udaleko ingurumen batzordean eztabaidatu eta onartuko dira. Bestalde, errefusaren edukiontzia astean 2 aldiz irekitzetik, astean 7tan irekitzera pasatzea proposatzen zuten jeltzaleek.

EH Bilduko kideok harriduraz eta amorrazioz hartu genuen EAJren azken orduko iritzi aldaketa eta izandako jokabide maltzurra aurpegiratu genion EAJri.

Orain ere, erantzukizunez jokatu dugu eta zalaparta mediatikoa saihestu  eta Iban Agirre EAJko alkatearekin elkarrizketak  izan ditugu eta gaia bideratzen saiatu gara, gauzak honela, negoziazioetan jarraitu ahal izateko aukera berriak sortzeko gure ahaleginak egin ditugu eta EAJk aurre-akordiotik ezabatutako azken puntua berriz onartzeko eskaera egin genuen.

EAJk eskaera hori onartuko zuela adierazi, eta ostiral arratsalderako bilera deialdia egin zuen alkateak (hori gaur izan delarik). Bilera horretan akordiorako dokumentu berri bat lortu ahal izan da. Akordioaren xehetasunak eta aztertzeko egokia ikusi dugu beste batzar bat deitzea, EH BILDUk erabaki denak bere oinarriarekin hartu nahi baititu.

Horregatik deitzen dugu batzar berri hau,  azken dokumentu hau sinatu edo ez erabakiko dugu bozka bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!