Bilketa sistema aldatzeko aurre-akordiora iritsi dira EAJ eta EH Bildu Amasa-Villabonan

Jon Miranda 2016ko ots. 1a, 12:44

Amasa-Villabonako EH Bilduk jakinarazi duenez, hondakin bilketa sistema adosteko EAJ eta EH Bilduren arteko negoziazio fasea amaitu da eta aurre-akordioa lortu dute bi alderdiek. Bihar, otsailak 2, batzar irekia egingo du koalizioak akordioa behin betiko sinatu edo ez erabakitzeko

Aurre-akordio horren arabera, hondakinak bost edukiontzitan bilduko dituzte: beira, papera, ontzi arinak, organikoa eta errefusa bereizi ahal izango dira. Errefusa eta organikoaren edukiontziek tamaina ertaina izango dute (2.200 litroko edukiera) eta txip bidezko irekiera kontrolatua izango dute.

Astean zazpi alditan ireki ahal izango da organikoa biltzeko edukiontzia eta bi alditan errefusarena. Astean lautan bilduko dituzte hondakinak -organikoa, ontzi arinak eta papera- eta birritan errefusa. Ontzi arinak, papera eta beira biltzeko edukiontziek ez dute mugarik izango eta noiznahi erabili ahal izango dira.

Sortzaile bereziei kartoia astean bi egunetan eta errefusa astean behin bilduko zaie atez ate eta Santiago egoitzan, haur eskolan eta ikastetxeetan, pardelak astean lau alditan jasoko dira. Herritarrek, errefusaren ontzian botako dituzte eta txiparekin egunero errefusaren edukiontzia zabaltzeko aukera aztertuko dute.

Amasa-Villabonako 16 gunetan jarriko dira edukiontzi horiek guztiak. Aurre-akordioan azaltzen denez, "gaur egun, papera eta beiraren edukiontziak dauden lekuetan gutxi gora behera".

Aurre-akordio hau EAJk eta EH Bilduk izenpetu dute eta konpromisoa hartu dute, birziklatze tasa %70era iritsi ezean, neurri zuzentzaileak ezartzeko.

Bihar, otsailak 2, EH Bilduk batzar irekia antolatu du 20:00etan Gureako erakusketa gelan eta aurre-akordioa behin betiko sinatu edo ez erabakiko dute bertaratzen direnek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!