Amasar eta billabonatarren bizi kalitatea hobetzen duelakoan babestu du aurrekontua PSE-EEk

Ataria 2016ko urtarrilaren 29a

Astelehenean onartu zuen Amasa-Villabonako udalbatzak 2016rako aurrekontua. EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman zioten aurrekontu proposamenari eta EH Bilduk ezezkoa; Koalizio abertzaleak proposatutako 11 zuzenketak, gainera, atzera bota zituen alderdi sozialistako zinegotzi Maria Luisa Arijak, EAJrekin batera

Villabona Lantzeneko azken epaiak aurrekontua baldintza dutela onartu du, Arija, ordezkari sozialistak. Udalarentzat "sarrera garrantzitsu bat izan beharko luke udal sozietateak eta zoritxarrez, zenbait epaiek eragindako gastuei udalbatzak erantzun behar izan die". Arijaren esanetan, "guri ere gustatuko litzaiguke Larreako parke estaliaren proiektua aurten gauzatzea, baina Villabona Lantzenek ekarritako ordainketak, inbertsiotarako ahalmena asko murriztu du".

PSE-EEko zinegotziak, 2016ko aurrekontuei baiezko botoa emateko, lehentasun batzuk jarri dizkio mahai gainean udal gobernuari: "herritarren eta udalaren arteko harremana hobetzeko inbertsioak jasotzea ezinbestekoa da. Horien artean daude Hiritarren Arretarako Zerbitzua, Lizarragako bidea eta Haurreskolan egingo diren hobekuntzak. Lehentasunezkoak ez diren beste gaietatik -adibidez, Udalbiltza- kentzea proposatu dugu".

Legalitatea bete, herritarren ongizatean sakondu eta segurtasuna hobetzea izan dira PSE-EEk Amasa-Villabonako Udalean lehenetsi dituen puntuak. "Ez ditugu udal gobernuaren proposamen guztiak babesten, soilik heritarren bizi kalitatea hobetzen dutenak. Ez dugu jarrera demagogikotan jausi nahi eta ez ditugu jarrera partidistak babestu nahi", esan du Arijak.

Udal gobernuarekin egindako negoziazioei esker, hainbat aldaketa txertatu ahal izan dituzte Amasa-Villabonako aurrekontuan: "7.000 euroko diru partida onartu dugu, istripu edo etxegabetze kasuetan bizilagunek laguntza bat izan dezaten, beste etxebizitza bat alokairuan hartu ahal izateko". Fleming ikastetxeko guraso elkartearen diru laguntzan gehikuntza bat adostu du alderdi sozialistako zinegotziak. Guraso Elkartearekin lanean ari da Arija, datorren ikasturtean ume guztiek ikastetxera joateko autobus zerbitzua izan dezaten.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!