Fleming Bizirik astearen barruan kolore guztiak kalera

Ataria 2016ko urt. 29a, 10:05

Kolore Guztiak kulturarteko elkartearekin elkarlanean festa antolatu dute, Villabonako Berdura plazan. 18 eta 23 urte arteko kultura ezberdinetako gazteek hainbat postu jarri dituzte ikasle eta herritarren ikusgarri

Kolore Guztiak kulturarteko elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez, arrisku egoeran dauden 18 eta 23 urte arteko gazteen pisuak kudeatzen ditu. Zazpi pisu dira, guztira, Gipuzkoa osoan. Horrekin batera, Kolore Gunea izenekoa dute Donostian, elkartearen zerbitzuetan interesa duten gazte guztientzat zabalik dagoena.

Hasiera batean, atzerritar gazteekin lan egiten hasi zen Kolore Guztiak elkartea, baina geroz eta gehiago dira bazterketa egoeran erortzeko arriskua duten eta Euskal Herrian bertan jatorria duten gazteak. Baita emakumezkoak ere.

Gazte horientzako laguntza programa garatzen dute kulturarteko elkartetik: dokumentazioaren tramitazioarekin edota egonlekuen bilaketarekin laguntzen diete. Azken batean, bizitza autonomo batentzako trebetasunen ikaskuntzan laguntzen diete.

Beste hainbat erakunderen laguntzarekin, Eko-Lore baratza ekologikoa kudeatzen dute, Salam Boxing Team delakoa osatuta daukate eta Baraka Taldean aritzen dira antzerkia eginez. Euskara eta arabiera nahastuz, Villabonan bertan ariko dira, adibidez, Zoritxarreko babutxak lana eskaintzen. Gurea antzokian, ostiralean -urtarrilak 29- 18:00etan izango da.

Fleming ikastetxearekin ere elkarlanean aritzen dira eta hirugarren aldia da Kolore Guztiak festa antolatzen dutela. Gizartea sentsibilizatzeko asmoz antolatzen dute eta kultura ezberdinetako jakiak eta apaingarriak erakusten dituzte. Aurreko urteetan Behar Zana frontoian antolatu izan dute ikastetxeko ikasleentzat eta aurten, lehen aldiz, herrira zabaldu eta Berdura plazan egin dute festa.

Kolore Guztiak kulturarteko elkartean gizarte hezkuntzan, gizarte lanean, psikologian eta zuzenbidean espezializatutako profesionalek egiten dute lan. Horietako bat da Maite Huerta Zubizarreta:

Kultur astearen bukaera

Ostirala izango da Fleming Bizirik asteari errematea emateko eguna. Haur danborrada aterako da 17:00etan Arroako eskolatik Lazkaoko musika eskolako txarangarekin eta 18:30ean, buruhandiak, erraldoiak eta ipotxak Loatzo Musika Eskolako dultzaineroekin lagunduta ibiliko dira kalez kale. Bokata jatea egingo dute, 19:00etan Zentro tabernan, astelehenean hasi zen asteari amaiera emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!