EAJk eta PSE-EEk bat egin dute aurrekontua onartzeko

Jon Miranda 2016ko urt. 27a, 17:28

Lizarragako baserri bidea

Hamaika zuzenketa aurkeztu ditu EH Bilduk eta udal gobernuak atzera bota ditu guztiak zinegotzi sozialistaren botoaren laguntzaz

Astelehen arratsaldean ospatutako osoko bilkuran Amasa-Villabonako Udalak 2016. urtean izango dituen aurrekontuak onartu zituen. Udal gobernuak proposatutako diru-kontuen alde egin zuten EAJren sei zinegotziek eta PSE-EEren bakarrak. Aurka bozkatu zuten EH Bilduren seiek eta, gainera, 11 zuzenketa aurkeztu zituzten. Banan-banan eztabaidatu eta bozkatu ziren, baina bakar bat ere ez zen aurrera atera.

2015eko aurrekontuekin alderatuta, atal bakoitzari bideratutako partida ez da gehiegi aldatu aurtengoan. Kultura sailera 493 mila euro bideratu dira, adibidez. Amasa-Villabonako EH Bildu kezkatuta agertu da, ordea, eragileak diruz laguntzeko irizpideak aldatu egin direlako: «Eredu aldaketa sumatu dugu. Udal gobernu honek ez daki kultur eragileek nola funtzionatzen duten, kultura parte hartzailearen ikuspegitik atzera pausoa iruditzen zaizkigu hartutako neurriak», esan zuen Nora Urbizu zinegotziak. Norabide horretan hiru zuzenketa aurkeztu zituen koalizio abertzaleak asteleheneko bilkuran, Oinkari dantza taldearentzat, Santio jaietan eragileentzat eta kultur ekintzetarako gordetzen diren diruak mantendu daitezela eskatuz. Hiru zuzenketak atzera bota zituzten EAJ eta PSE-EEko zinegotziek eta Iban Agirre alkateak adierazi zuenez, «kultur eragile batzuekin bildu gara eta haiek esan digute nahiago dutela urte hasieran hitzarmena sinatu, urte osorako plangintza eginez».

Bestalde, ingurumen sailean lan egiten duen teknikariaren lan orduak %36 murriztea erabaki da aurtengo aurrekontuetan. Agirre alkateak bilkuran nabarmendu zuenez, «hondakinen bilketa sistema aldatuko da aurten eta orain arte teknikariak atez ateko sistemarako kuboak banatzeko ardura zuenez lana murriztuko zaio». Teknikariak aurreko legealdian zuen dedikazioa izan dezala proposatu zuen EH Bilduko udal taldeak, «sail honetan dagoen lan karga aztertuta erabat justifikatua dagoela pentsatzen baitugu». Zuzenketa hori atzera bota zuten EAJko eta PSE-EEko zinegotziek, baita auzokonposta guneak sustatzeko 2.000 euro bideratzeko koalizio abertzaletik egindako proposamena. Hori bai, 2016ko inbertsioen artean hondakinak biltzeko sistema aldatzeko 25.500 euro eta Amasamendiko kudeaketa planarekin jarraitzeko 35.550 euro bideratuko dira aurtengo aurrekontuan.

Inbertsio ahalmen txikiagoa

Inbertsio errealetarako bideratutako kopuruak behera egin du aurtengo aurrekontuetan. Duela aste batzuk Malkar plazako bizilagunen eta Villabona Lantzenen arteko epaiketaren sententzia atera zen. Ebatzitakoaren arabera, Villabona Lantzenek 527 mila euro ordaindu beharko ditu bizilagunek beren etxebizitzetan dituzten arazoak behin betiko konpon ditzaten. Ordainketa hori egin beharrak, ordea, murriztu egin du udalaren inbertsio ahalmena, honenbestez, 254 mila euro bideratuko dira herriko proiektuetara.

Kopuru handiena Lizarragako bidea konpontzeko baliatuko da -113.103 euro-. Agirreren ustez, «Amasako hainbat baserrirentzat komunikazio bide bakarra da hori eta beste lur mugimenduren bat gertatuko balitz inkomunikatuta geratuko lirateke. Beraz, lehentasunezko lana da».

EH Bilduren udal taldeak arazoa konpondu beharrekotzat duen arren, besteak beste, gizarte larrialdi laguntzarako finantziazioa urte osoan bermatzeari eman dio lehentasuna. «Hainbat herritar gizarte bazterketa egoeran ez erortzeko, alor honetarako diru partida igotzea proposatu dugu, baina EAJk aurka egin du, gizarte sentsibilitate oso eskasa duela agerian utziz». Udal gobernuak adierazi zuenez, «ondo dakigu behar hori badagoela, baina beste hainbat erakunde ere horretan ari dira lanean».

Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) ezartzeko asmoa du Amasa-Villabonako Udalak 2017an. «Aurretik udal barruan lan asko egin behar da, besteak beste, barne antolaketa aztertu. Lan hori guztia egiteko aholkularitza kontratu teknikoa egingo da», aipatu du Agirrek. 25.000 euro bideratuko dira horretarako. EH Bilduren ustez, ordea, «udalaren antolamendu egituraren azterketa, lanpostuen deskribapena eta organigramaren proposamena dagoeneko esleituta dago eta ez da egokia HAZaren prozesuarekin hastea oraindik azterketa amaitu gabe dagoenean».

Diru hori,  besteak beste, iaz herritarren parte hartzearekin onartutako proiektura bideratzea eskatu du koalizio abertzaleak: Larreako haur parkea estaltzera, adibidez. Zuzenketa atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk eta alkateak esan zuenez, «guretzat ere proiektu interesgarria da, baina inbertsio handia suposatzen du. Aurten obra hori merkeago egin daitekeen aztertuko dugu».

EH Bilduren kritika

Amasa-Villabonako EH Bilduko udal taldetik «EAJren udal gobernuak erakutsitako itxikeria eta jokaera alderdikoia» salatu dute, «oposiziotik egindako zuzenketak sistematikoki baztertu dituztelako».

Aurrekontuak osatzerako orduan, udal gobernuak herritarren parte hartzeari «muzin» egin diola uste du EH Bilduk, «azken urteetan emandako urratsak ezabatuz». Astelehenean ospatutako osoko bilkuran, Nora Urbizuk azaldutakoaren arabera, «herri proiekturik gabeko aurrekontuak direla uste dugu, herriaren etorkizunerako ikuspegi estrategikorik gabeak, inolako lehentasunik markatzen ez dutenak eta proiektu esanguratsurik aurreikusten ez dutenak

6,3 milioi euroko aurrekontua

Gastuak: Ondasun korronteen eta zerbitzuen gastuak hartzen dute zatirik handiena: 2,3 milioi. 2 milioi euro xahutuko dira pertsonal gastuetan eta 768 mila euro  transferentzia korronteetan. Inbertsio errealetarako 254 mila euro gordeko dira.

Sarrerak. Transferentzi korronteetatik ia 4 milioi euro jasoko ditu udalak. 1,4 milioi euro berriz, zuzeneko zergen bidez bilduko da eta bestelako sarreretatik 500 mila euro inguru.

2016rako inbertsioak

Lizarraga bidea konpontzea 113.103 euro
Amasamendiko kudeaketa plana 35.550 euro
Edukiontziak     25.500 euro    
Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) 25.000 euro
Herri baratzeen proiektua 20.000 euro
Sacemgo bulegoa 13.000 euro
Liburutegirako liburuak 8.000 euro
Arratzaingo eraikineko mantenu obrak 7.128 euro
Haur eskolako larrialdietako ateak 4.000 euro
Informatikako inbertsioak 2.000 euro
Mapa topografikoa 1.068 euro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!