Ramon Agirre: "Zahartzaroa eta zahartzaroaren ajeak umorez kontatzen dira"

Ataria 2016ko urt. 22a, 13:29

Bilboko Arriaga antzokian herenegun estreinatu zuen Txalo taldeak Heroiak izeneko antzerki lana eta Villabonako Gurea zinema aretoan igandean eskainiko dute 19:00etan

Hiru aurpegi ezagun igoko dira Gureako oholtza gainera datorren igandean eta horietako bat da Ramon Agirre (Donostia, 1954) aktorea.

Euskal Herrira iritsi aurretik ibilbide luzea egin al du obrak?

Parisen denbora asko egin zuen eta arrakasta lortu zuen. Londresen ere oso aktore ezagunekin eman zuten eta hona, Euskal Herrira, Txalo produkzio taldeak ekarri du. Nik itzuli dut lana euskarara eta Begoña Bilbaok zuzenduko du. Bere ibilbidea badu antzerki lanak baina ez da hain zaharra ere.

Zer da antzerki lan honetan kontatzen duzuena?

Erretiroa hartutako hiru gerra beterano dira protagonista. Propio gerran ibilitako jendearentzako zaharretxe batean bizi dira. Bakoitzak badu bere pitzadura psikologikoa, fisikoaz aparte. Elkarren osagarriak diren hiru pertsonaia xelebre dira. Nik jokatzen dudanak badu bere harrikada: txapela jantzi orduko bere militar sena ateratzen zaio eta etengabe ari da bere jatorri noblea azpimarratzen.

Hiru gerra beteranoren papera jotzeko hiru aktore beterano.

Kandido Uranga eta Joxe Ramon Soroiz aritzen dira nirekin taula gainean. Gazteak gara, oraindik, baina antzerki munduan badaramatzagu urte batzuk.

Komedia bat dela esango zenuke?
Obra ez da barrez lehertzekoa baina badu umorea. Tartean gai serioak daude, hiru hauek heriotzari izkin egiteko zaharretxetik ihes egin nahi dute. Gaixotasuna agertzen da, baina beti ere umore ikuspegitik Algaraka egoteko modukoa izan ez arren, baditu bere kolpeak eta samurra da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!