Artzeren musika hitzaren bideratzaile

Iosu Iturrioz 2016ko urt. 15a, 16:00

Hilabete batzuetako geldialdiaren ostean, bi urteko ibilbideari jarraipena emateko prest da 'Nola belztu behar zuria' ikuskizuna. Musika eta poesia errezitaldiak uztartzen dituzte Bide Ertzeaneko Imanol Ubeda, Joni Ubeda eta Karlo Aranzegui eta Metrokoadrokako Oier Guillan eta Asiera Sarasolak osatutako taldeak. Joxan Artzeren olerkiak dira kontzertuen oinarri. «Erreferente garrantzitsua» da Artze boskotearentzat.

«Ilusioz» ekin diote bost kontzertuk osatuko duten pasarte berriari. «Ahots ezberdinen arteko jolasez, intentsitateez, erritmoez, umoreaz eta gorputzaren presentziaz osatutako emanaldiak» izango direla, eta «sakonera handiko gaiak» jorratuko dituztela aurreratu dute Imanol Ubedak eta Oier Guillanek.

2014ko maiatzean aurkeztu zenuten proiektua eta duela hilabete batzuk eten bat egitea erabaki zenuten. Bueltan zarete berriz ere.

Imanol Ubeda: 2014ko udaberrian eskaini genuen lehen aldiz Nola belztu behar zuria ikuskizuna. Jexux Artze kultur elkarteak urtero kultur ekitaldi modukoa antolatzen du Usurbilen eta ziklo horretarako osatu genuen propio. Geroztik dozena bat aldiz taularatu dugu eta, bidean, zuzeneko DVD bat plazaratu ere bai. Bitxia da. Emanaldi bat egiteko mandatua izan zen, baina programatzaile gehiagoren atentzioa deitu zuen eta, konturatu orduko, bi urteko ibilbidetxoa osatu dugu.

Orain bi urte, nondik sortu zen Bide Ertzeanen eta Metrokoadrokaren arteko fusioa?

I.U.: Garaikideak garela esan daiteke. Metrokoadroka sormen laborategiaren martxa ezagutzen genuen. Euren zuzeneko batzuk ikusiak genituen, eta kolektiboko kideen obra poetikoa oso interesgarria egiten zitzaigun. Beste saltsa batzuetan topo egin izan dugu baina sekula ez genuen elkarrekin lan egin.

Nola belztu behar zuria ikuskizunari esker gurutzatu dira gure bideak. Eta Bide Ertzeaneko kideontzat luxu handia da horrelako bidaideak izatea. Joxan Artzeren mundu poetikoa taularatzeko lan handia egin dute Metrokoadrokako kideek eta, horri esker, zuzenekoek indar eta energia berezia dute.

Oier Guillan: Jose Luis Otamendiren poemekin lehenengo diskoak plazaratu zituztenetik, Bide Ertzean taldearen ibilbide osoa jarraitu dugu. Bidai horretan guztian, talde tolosarrak euskal poesiarekiko lotura estua izan du. Bi taldeok bestelako diziplina artistikoak lantzen ditugun arren, elkarbanatzen ditugun hainbat puntu ere baditugu. Horrenbestez, Bide Ertzean taldea poesia lan-tresna eta dramaturgia-kontzeptu gisa, Metrokoadrokaren antzezlan eta errezitaldien zutabe garrantzitsua izan da. Adiskidetasunaren mailan ez ezik, maila artistikoan oholtza horrelako hiru artistekin elkarbanatzea plazer handia da guretzat. Oholtzakide izateaz gain, Bide Ertzean zaleak garen heinean Artzeren poemekin osatu dituzten kantuen ikus-entzule bilakatzen gara emanaldiro.


Joxan Artzeren poemak dituzue oinarri musika eta poesia emanaldi horretan.

I.U.: Esan bezala, mandatu batekin hasi zen dena. 2014an, Usurbilgo Jexux Artze kultur elkartea gurekin jarri zen harremanetan. Urtero —udaberri partean— kulturaldi modukoa antolatu ohi dute. Joxan Artzeren poesia liburu berriekin errezitaldi musikatu bat sortzeko proposamena egin ziguten Bide Ertzeaneko kideoi. Jakin bagenekien Metrokoadrokako lagunek ondo ezagutzen zutela Artzeren poesia, eta harreman pertsonala ere bazutela usurbildar poetarekin. Gure gonbita onartu zuten Metrokoadrokakoek eta berehala hasi ginen ikuskizuna lantzen.

O.G.: Guk Mikelazulo kultur elkartearen hainbat proiekturen harira ezagutu genuen Artze; besteak beste, elkartearen hamargarren urteurrenean sortutako No excuse dokumentalean. Sarritan Hatsa elkarteak urtero antolatu ohi duen hitzorduan bat egin dugu. Proposamena jaso genuenean, beraz, elkarrekin bizitako uneak gogoan, gure esker ona adierazteko modu bat izan zitekeela pentsatu genuen.

Idazle usurbildarraren idazteko moduak alde esperimentala eta lirikoa biltzen dituela esan izan duzue.

O.G.: Joxan Artzeren poesiak hainbat ertz ditu, bai gaien aldetik baita estetikaren aldetik ere. Ardatz ororen zipriztinak islatu nahi izan ditugu emanaldian, beti ere gure ahotsetara egokituz. Oholtzara igotzen garenean emanaldia publikoarekiko zintzoa izatea ezinbestekoa da guretzat. Artzeren aurpegi lirikoa Bide Etzean taldearen doinuetara oso ondo egokitzen da, alde esperimentala berriz, gure antzerkia egiteko eta ulertzeko modutik oso gertu sentitzen dugu

Eta hortik jotzen dituzue 60-70eko hamarkadetako folk amerikar kutsuko abestiak, ezta?

I.U.: Ikuskizunerako zazpi kantu berri osatu ditugu. Zalantza handietako bat hori izan zen. Musikalki nondik jo. Joxan Artzeren poesiak hori eskatzen zuela iruditu zitzaigun eta horrela ekin genion. Kutsu horretako abestiak osatzen hasi ginen eta behin tonua finkatu eta gero, errazagoa izan zen ondorengo lana.


Maitasunetik hasi eta heriotza arteko kontuez ariko zarete. Sakonera handiko gaiak dira.

O.G.: Sakonera handiko gaiak daude tartean, bai! Heriotza eta bizitzaren arteko harremana, esaterako, Artzeren olerkietan nabarmena da. Badira hartzaileak ezustean hartuko dituen hainbat gai. Adibidez, umorea. Sakontasun handiko gaiekin batera sarritan umoreak lekua du Artzeren zenbait lanetan. Uneoro sakontasuna errespetatuaz, intentsitate, umore eta ironia ukitua ematen saiatu gara antzezlanari.

Ohikoa den moduan, Artzeren testu eta gai guztiekin ez gatoz bat —gai batzuk gertukoagoak sentitzen ditugu beste hainbat baino—. Hala eta guztiz ere, oreka topatzen saiatu gara. Tituluak berak ere beste gai bat iradokitzen du. Zergatik eta zertarako idatzi, zergatik eta zertarako sortu. Guztiok Nola belztu behar zuria tituluaren irakurketa horrekin bat egiten dugu.

Musikaren eta antzerkiaren uztarketa da emanaldia?

O.G.: Emanaldi honetan antzerkiak ez du lekurik. Kutsu bat antzeman daiteke ordea — ahots ezberdinen arteko jolasak, intentsitateak, erritmoak, umoreak, gorputzaren presentziak...—, gure errezitatzeko moduak antzerkigintzarekin harreman zuzena baitu. Artzeren poesiak asko du erritmotik, musikaltasunetik eta ahozkotasunetik. Emanaldian azken puntu horretan bat egiten dugu.

Artze zuzeneko emanaldien eta errezitaldien arloan erreferente garrantzitsua izan da guretzat, berarengandik makina bat aholku jasotakoak gara.

Zein ekarpen egiten dio talde bakoitzak —batetik, Bide Ertzean eta bestetik, Metrokoadroka kolektiboko bi kideak— ikuskizunari?

I.U.: Joxan Artzeren imajinario poetikoa islatzea. Hori izan da gure kezka. Kezka kolektiboa. Gai aldetik, adibidez, orekatua da saioa. Poetak lantzen dituen gai denak isla dute Nola belztu behar zuria ikuskizunean.

Bide Ertzeanek, aurrez esan bezala, zazpi kantu berri osatu ditu. Olerkien aukeraketan atentzio berezia ipini genuen. Gai oparotasuna islatu nahi genuelako. Eta kantuetan poemak agintzen du. Musika hitzaren bideratzailea baino ez da. Honakoan, ahalik eta gutxien bihurritu ditugu poemak.

Lekunberrin izan da lehen ekitaldia baina beste lau dituzue aurretik.

I.U.: Urtea gogotsu hasiko dugu. Lekunberrikoa eta gero, Villabonakoa dator. Urtarrilaren 15ean, ostirala, Gurea Antzokian ariko gara. Eta, ondoren, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean (urtarrilak 29), Orereta-Errenteriako Mikelazulon (otsailak 13) eta Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean (otsailak 28) ariko gara.

Emanaldietara bertaratzen denak zer jasoko du?

I.U.: Joxan Artzek bi liburu plazaratu zituen 2013an: Heriotzaren ataria dugu bizitza (Elkar) eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar). Ikuskizun honen bitartez, liburu horietako idazlearen imajinario poetikoa laburbiltzen saiatu gara. Ikuslearen gustukoa izango den emanaldi osatu bat sortzen saiatu gara, eta lortu dugula uste dut. Ikusle oro etxera pozik joatea da gure helburua.

Otsailaren 28an eskainiko duzue azkeneko zuzenekoa Larrabetzun. 'Nola belztu behar zuria'-ren azken emanaldia izango da?

I.U.: Ez dugu horrela planteatu. Baina egia da ikuskizun honekin, dagoeneko, ibilbide polita osatu dugula. DVD euskarrian grabatzeko aukera izan dugu, gainera. Lekukotza hori ere utziko du gure ahaleginak.

Ikusiko da. Beste programatzaile batzuen interesa piztu du eta ikusiko da bidea gehiago luzatzen den edo Larrabetzukoa den azken ekitaldia. Hori azkena balitz ere, egindakoarekin pozarren geundeke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!