Proposamena egin du EH Bilduk hondakinen gaia desblokeatzeko

Ataria 2016ko urt. 14a, 10:29

Hondakinen aferan udal gobernuaren noraeza nabarmena dela uste du EHBilduk. Edukiontzi eta txip bidezko bilketa da proposatzen duena

Gabonetan hondakinen bilketarekin «arduragabe eta utzikeriaz» jokatu du udal gobernuak Amasa-Villabonako EH Bilduren ustez. «Jai egunetan ikusi dugu bilketa egoki ez egitearen ondorioak zeintzuk diren; herritarrok ez genekien zer hondakin zein egunetan atera behar genuen. Beste garaietan baina hondakin gehiago sortzen diren egunetarako udalak ez dio aurreko urteetako lan ildoari segi eta ez du irtenbiderik proposatu», aipatu du Nora Urbizu zinegotziak. Koalizio abertzalearen ustez, atez ateko bilketa sistemaren «desprestigio etengabea» bilatzen ari da EAJren udal gobernua.

Amasa-Villabonako Bilduk uste du birziklatze tasarik onena lortzeko sistema atez ateko gaikako bilketa dela; «aurreko legealdian Zubietan erraustegirik ez egiteko apustu sendoa egin genuen eta eman genituen pausoak ausartak eta aurrerakoiak izan zirela sinesten dugu». Baina sistema egoki kudeatzean ez bada eta «are gehiago propio alboratzen bada,desprestigio honekin segi baino hobea dela sistema ahalik eta azkarren aldatzea». Urbizuk nabarmendu duenez, «gu zero zabor filosofiari atxikita gaude, ez sistema bati. Ingurugiroarekiko konpromiso horretan eman nahi ditugu urratsak eta ez dugu txeke zuririk eskainiko. Norabide horretan, beraz, bilketa sistema adosteko prest gaude».

Udal gobernuak akordiorako asmo horrekin negoziazio mahai bat abiatu zuen baina joan den azaroaren 9tik ez du bilerarik egin. «Hiru alditan baino ez da bildu mahai hori eta eduki falta sumatu dugu» dio Urbizuk, «inoiz iristen ez diren txostenak, argumentu erdipurdikoak, maila teknikoan hutsuneak, zalantzak... proposamen zehatzik ez dugu jaso, edo bai, bakarra esango genuke: atez atekoa kentzea, hori baita hauteskunde kanpainan egin zuten promesa bakarra». EAJren jarrera horrekin kezkatuta eta «hondakinen gaiak ardura eskatzen duenez» EH Bilduk gaiari lehenbailehen heldu nahi dio. Koalizioaren militantziak herri batzarrean ezarritako baldintza aintzat hartuta —%70eko birziklatze tasa bermatuko duen sistema— proposamen berria landu du eztabaidarako.

Edukiontzi eta txip bidezkoa

Amasa-Villabonako EH Bilduk proposatutakoaren arabera, kaleetan iglu formako edo albo kargako edukiontzi handietan bilduko dira beira, papera eta ontzi arinak. Materia organikoa «ondo banatu eta jasotzeak duen garrantzia ikusita», 50 familiak erabili dezaketen 240 litrotako edukiontzietan biltzea proposatzen du EH Bilduk. Itxitura sistema bat izango dute eta familia bakoitzak astean hiru aldiz zabaldu ahal izango dute edukiontzia txartel baten bidez. Errefusarako ere sistema berdina jasotzen du proposamenak, astean behin bakarrik erabiltzeko aukera emanez.

Denda, komertzio, taberna, jatetxe eta elkarteentzat ere proposamena landu du koalizioak: beira, papera, eta ontziak kaleko edukiontzitan mugagabe utzi ahal izango dira. Organikoa —astean lau aldiz— , errefusa —astean behin— eta kartoia —astean lau aldiz— atez ate jasotzea planteatzen du EH Bilduk. «Edukiontzi sanitarioa jarri, poltsak udal bulegoetan doan banatzea eta auzokonposta guneak, gutxienez, mantentzea dira guk aurkeztutako dokumentuan jasotzen ditugun beste puntuak», aipatu du Urbizuk. Jasota gera dadin, aste honetan udal erregistroan sarrera eman diote proposamenari.

Planteamendu honen gainean eztabaidatzeko prest dago EH Bildu: «proposamenak badu bertute bat, probatu den herrietan %70eko birziklatze tasa gainditu dutela eta alderdi ezberdinen akordioaren bidez ezarri dela». Negoziazio mahaiarekin batera, aldi berean, gaiaren inguruko galdeketa prestatzen ari da udal gobernua. «Zer da hau inprobisazioa? Adar jotzea? Noraeza?» galdetu du EH Bilduko zinegotziak. Gauzak horrela, «egoera honen aurrean eta giroa gehiago nahastu baino lehen negoziaketarako eta akordiorako borondaterik ez badago, egokiena martxan jarri den galdeketa ahalik eta azkarren deitzea da», Urbizuren ustez. Horretarako, herri galdeketak arautzeko udal talde guztiek adostu zuten ordenantza «zorrotz» betetzea eskatzen du koalizio abertzaleak.

Gai honi irtenbidea ematea beharrezkotzat ikusten dute koalizio abertzaletik eta herritarrek erabakitzeko ekarpena da orain egin dutena. Etzi, 11:00etatik aurrera Gureako erakusgelan batzar irekia deitu du EH Bilduk, gaian sakontzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!