Laga Grafikak enpresako 36 langile kaleratzear

Jon Miranda Labaien 2016ko urt. 12a, 11:14

Laga Grafikak lantegia aurre-konkurtsoan dago eta langileak kontratupean egon arren, lanera ez joateko baimena dute urtarrila hasieratik

Joan den abenduaren 15etik Villabonan kokatuta dagoen Laga Grafikak enpresa aurre-konkurtsoan dago. Hiru hilabeteko epea dute lantegiko arduradunek enpresari irtenbidea emateko. Bestela, konkurtsoan sartu eta itxiera fasean sartuko da grafikagintza sektorean ia 40 urte daramatzan enpresa. «Ia erremedio gabe», 36 langile kalean geratuko dira.

Egoera, ordea, ez da azken hilabeteetako kontua. Aspalditik dator lantegiaren gainbehera Migel Peña urteetan langileen ordezkari izandakoaren esanetan: «2000. urtean enpresa erre egin zen eta urte eta erdi geldirik egon ondoren berriz hasi ginen lanean. Martxa ona eraman genuen 2007. urtera arte, baina krisiarekin batera enpresaren jabeek ez zuten gauzak bideratzeko erabaki estrategikorik hartu. Ordutik honakoa heriotza geldo bat izan da». Langileek salatu dutenez, Laga Grafikaken jabetza duen Larrañaga familiak «ez du azken urteetan inbertsiorik egin, formakuntzan ere ez du dirurik gastatu eta makineria berritzen ez du ahaleginik egin». Utzikeria horren ondoriotzat jo dute gaur egungo egoera, «berrikuntza beharrezkoa da konpetitibo izaten jarraitzeko eta jabeen aldetik ez da inolako ekintzailetzarik sumatu».

Azken urteetako balantze ekonomikoek ere erakusten dute enpresaren egoera, Joseba Gabellanes, LAB sindikatuko delegatuaren ustez: «Guri azken urteetan aurkeztu zitzaizkigun diru kontuek 700 mila euroen inguruko galera erakusten zuten, bai 2013an eta baita 2014an ere. Bagenekien epe luzera jasangaitza zela egoera». Langile ordezkariek kudeaketa txarrari egotzi diote egoera, «azkenera arte lana izan baitugu eta uste dugu Laga bideragarria den lantegi bat dela».

Grafikagintza sektorean dihardu enpresak eta paper eta kartoizko bilgarriak egin izan dituzte batez ere. «Orain ere eskaria badago baina ezin diogu erantzun. Abendura arte jardun dugu lanean eta azkenerako gehiago ekoitzi ez badugu lehengaia falta izan zaigulako izan da. Enpresa jabeek hornitzaileekin ere zorra egin dutela jakin dugu», dio Iñigo Mugertza langileen ordezkariak. «Amorrua sentitzen dugu ondo eramanez gero errentagarria den enpresa bat galdu baitugu».

Langileen borondatea

Laga Grafikak enpresan lan egiten duten 36 langileek pairatu dute kudeaketa horren ondorioa. 2013. urtetik 10 lansari zor dizkiete, «gutxi gorabehera 700 mila euro inguruko zorra da Larrañaga familiak gurekin duena», dio Gabellanesek. Zor hori modu adostuan kitatzeko ahalegina egin dute langileek behin baino gehiagotan: «Lehen akordio proposamena 2014an egin genuen eta zor zitzaizkigun lansariak ordaintzeko egutegi bat aurkeztu genuen. Jaramonik ez ziguten egin eta bigarren saiakera handik hilabete batzuetara egin genuen. Ikusita ordaintzeko borondaterik ez zutela, aurreko uztailean epaitegietara jo genuen atzeratutako lansariak kobratu ahal izateko». Arrazoia eman zien epaileak baina ikusteko dago hitzartutakoa beteko duten enpresa jabeek, «uneoro likidotasun falta argudiatzen baitute».

Berez, langileekin zorra egiten jarraitzen du Laga enpresak, oraindik kontraturik ez delako eten. «Abenduaren 30ean produkzioarekin bukatu genuen eta orain lanera ez etortzeko baimena eman digute». Hala ere, bi egunez behin elkartzen dira langileak informazioa jaso eta elkarrekin antolatzeko. Prozesua, «nekagarria» gertatzen ari dela aitortu dute langile ordezkariek, «badakigulako ziurtasun osoz enpresa itxi egingo dela baina bitartean lotuta gaude, ezin kobratu eta ezin beste lanik bilatu». Agonia lehenbailehen bukatzea eskatzen dute.

Enpresaren egoera okerraren aurrean, langileek behin baino gehiagotan egin dituzte proposamenak baina entzungor egin diete enpresa jabeek: «Gurekin zuten zorra modu mailakatuan kitatzea proposatu genien aurrena, gure soldatetan ere %7ko jaitsiera aplikatu genuen, enpresaren bideragarritasunari begira esan genien ERE bat aurkeztu zezaketela. Familia enpresa bakarrenetakoa da sektore honetan eta korporazio handiago batean sartzeko aukera aztertzeko ere esan genien, baina beste aldera begiratu izan dute beti».

Kaudimengabe den enpresa

Lagako langileek badakite jakin zenbateko zorra duen lantegiak beraiekin. Zehazki ez dakite, ordea, zein den enpresaren egoera ekonomikoa. Gabellanesek adierazi duenez, «aurre-konkurtso epeak irauten duen bitartean informazioa helaraziko zigutela esan ziguten baina oraindik ez dugu inolako berririk jaso». Enpresak hornitzaileekin, Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zein zor dauzkan jakingo dute orduan eta bide batez, «lantegian dagoen makineria bahituta dagoen edo ez. Izan ere, orain arte Lagako jabeek kaudimengabe izendatu dute beren burua. Nahi bai baina ezin dutela ordaindu esan izan digute. Hori benetan horrela den jakin nahi genuke».

Izatez, Iñigo Mugertzak azaltzen duenez Laga Grafikakek okupatzen duen pabiloila ere ez da enpresaren jabetzakoa: «Hipocloritos enpresari alokatzen dio egoitza. Kasualitatez, Larrañaga ahizpetako batena da lantegi hori. Errentagatik 210 mila euro ordaintzen dizkio urtero Lagak Hipocloritosi. Pentsa zenbat lan egin beharra dagoen urtero diru kopuru hori ateratzeko». Balizko itxieraren aurrean, kalte ordainak, edota zor zaizkien lansariak kobratzeko «heldulekurik» ez dutela izango uste dute langile ordezkariek. Behin enpresaren itxiera baieztatzen denean, Espainiako Soldatak Bermatzeko Funtsara (Fogasa) joko dute, «eta borroka egingo dugu zor zaizkigun soldatak kobratzeko, guretzako diru asko baita hori».

Kalera joateko zorian
Larrañaga ahizpek kudeatu dute Laga enpresa azkeneko ia bi hamarkadatan eta Peñaren ustez, «lantegia hiltzen utzi dute gu miseriara kondenatuz». Enpresako arduradunek azken saiakera udara aurretik egin zuten, ekainean. Bideragarritasun plan bat agindu zioten Kataluniako enpresa bati eta emaitzak argi utzi zuen aurretik langileek uste zutena: «Kudeaketa desegokia agerian geratu zen, gaizki egindako aurrekontuak alde batetik eta inongo inbertsiorik egin ez izana bestetik zulora eraman dute enpresa», aitortu du Gabellanesek. Auditoria horren ondoren, enpresa salbatzeko aukera oso gutxi zeudela jakinarazi zieten langileei.

Azken bizpahiru asteetan azkartu egin dira gertaerak langile ordezkarien esanetan, «bilera baten bukaeran jakinarazi ziguten dagoeneko aurre-konkurtso egoeran geundela. Korrika eta presaka egin dituzte gauzak gurekin kontatu gabe». Gehienez, martxora arte egongo dira egoera honetan eta hartzekodunen lehiaketa zabalduko da ondoren, enpresaren itxierari atea zabalduz.

«Guretzako oso gogorra izaten ari da eta pena handiz diogu baina bukatu egin nahi dugu egoera honekin; sufrimendua alperrik luzatzea baita», aitortu du Peñak. 36 langile daude Lagako zerrendan eta gehienak 40 eta 50 urte artekoak dira: «Ez da adin erraza beste lanpostu bat topatzeko eta ez du bat ere laguntzen azkeneko hilabeteetan bizi izan dugun egoerak. Momentu oso zaila bizitzen ari diren lankideak dauzkagu». Datozen asteetan egoera behartzeko zein mobilizazio egin pentsatuko dute langileek. Momentuz euren egoeraren berri eman eta pankartak zabaldu dituzte Villabonan eta Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!