Zigor Lampre Villabonan bizi da eta Esne Beltza taldeko DJ da beste hainbat proiekturen artean. Disko berria aurkeztu du taldeak Durangoko Azokan eta bere ibilbidea ezagutzeko asmoz TOLOSALDEKO ATARIA-rekin elkartu da.
Noiz eta nola hasi zinen musika eta DJ mundu honetan?
Euskal musika eta hardcore musika entzuten nuen hasiera batean eta Bad Brains izeneko talde bat ezagutu nuen. Hauen estiloa reggae eta kaña pixka baten artekoa zen, eta haien bitartez ezagutu nuen reggae estiloa. Orduan hasi nintzen reggae musikaren inguruan gehiago barneratzen, talde gehiago, abesti berriak entzuten eta musika beltzak erakarri ninduen Frantziako hip hop-a ezagutu arte. MC Solaar abeslaria edo IAM taldea bezalako musika ezagutu nuen eta deskubritu nuen bazegoela figura bat diskoekin soinuak egiten zituena, hau da, DJ delakoa.
Ordura arte ez nuen ezagutzen DJ musika figura bat bezala eta aurkikuntza ikaragarria izan zen niretzat. Mobida guzti hori asko gustatu zitzaidan, gainera niri txikitatik gustatu izan zait musika baina ez nuen inoiz instrumentu bat jo. Gustatzen zitzaidana musika jartzea zen, mahai bat erosi eta lehendabizi diskoekin soinuak egiten hasi nintzen. Atzean musika bat jartzen nuen. Hasiera haietan disko batekin hasi nintzen soinuak egiten ez nuelako bi diskoko mahairik. Soinuak egitea eta saltsan ibiltzea gustuko nuenez, horrela hasi nintzen eta 1998 urte ingurutik horretan nabil. Soinuak egiten hasi nintzenean, hip hop-era kateatu nintzen eta Daddy Jeff ezagutu nuen. Orduan hasi nintzen berarekin musika jartzen eta zuzenekoak egiten.
Ibilbide luzea egin duzu musika munduan, nolakoa izan da jarduera hori?
Selektah Kolektiboarekin hasi nintzen ni. Batzen gintuena musika estiloa zen, jende gutxik egiten zuen hip hop musika garai horietan hemen eta oraindik ere jende gutxik egiten du 15 urteren ostean. Lehen aipatu bezala, lagun talde bat ginen, azkenean elkartzen gintuena musika zen eta ibilbide luzea egin genuen. Bidean Fermin Muguruza ezagutu genuen eta lehenengo diskoa kaleratu genuen bere laguntzarekin. Gerora, berak gonbidatu ninduen berarekin In-komunikazioa diskoa grabatzera. Ondoren etorri zen Ferminekin egin dudan ibilbidea, hiru biratakoa izan dela, In-komunikazioa Tour, Euskal Herria Jamaika Clash eta azkenekoa No More Tour. Euskal Herria Jamaika Clash bira amaitzen ari zenean, Xabi Solanok esan zidan banda bat sortzeko ideiarekin zegoela eta Esne Beltza proiektuan parte hartzeko deia luzatu zidan. Zorte handia izan dut gustatzen zaidana egiten dudalako eta oso pozik nago egindakoarekin.
Zein da gaur egungo Euskal Herriko musikaren egoera?
Lehen eta gaur egun ere musika asko dago. Egia esan, garaiak aldatu egiten dira eta dena aldatzen doa. Egoera hobea edo txarragoa den esatea oso zaila da lehen modu batekoa zelako, eta orain beste modu batekoa delako eta etorkizuna ere beste modu batekoa izango delako. Dena mugitzen ari da eta aldatzen doa. Egia da. Jendea gehiago mugitzen zen lehen kontzertuetara edo kultura ikustera, agian jendearen ohiturak aldatu egin direlako da. Niri gustatuko litzaidake astebururo kontzertuak egotea eta jendeak areto guztiak betetzea baina hori ez da errealitatea. Horren inguruan beti dugu oroimin puntu bat, beti lehenagokoa hobea zenaren oroimin hori. Gu txapekin eta kanikekin jolasten ginenean hobea zela ematen du. Niretzat agian hobeak izango dira oroitzapen onak ditudalako momentu horietatik baina hobea den edo okerragoa den ezin da esan, guztiak garai ezberdinak baitira.
Bizi daiteke musikatik Euskal Herrian?
Badago jendea lortzen duena musikatik bizitzea, baina oso zaila da. Askotan errazagoa da inguruan dagoen jendea mantentzea, musika ekipoak, teknikoak edo musika klaseak ematen dituen irakasleak. Musika taldera bakarrik begiratuta diskoak eta kontzertuekin oso zaila da. Esne Beltza taldean adibidez ez dago inor horretatik bizi denik. Agian gu bezalako taldeak, taldean bertan jende asko garenak, hori dena mantentzea ere oso garestia da. Gainera Euskal Herria oso zirkuitu txikia da, gehienez bi ordura mugitzen gara. Pentsatzen jartzen zara eta ikusleak edozein kontzertu ikusi dezake Euskal Herrian, hau ez delako zirkuitu handi bat. Horrek ere jendea lehenago nekatzea ekarri dezake leku askotan jotzen duzulako eta lehenago jo duzun herri batetik gertu beste kontzertu bat ematen duzulako. Adibidez kontzertuak sarreraren truke egitea askoz ere zailagoak dira, azken finean dohainik ikusteko aukera ere izaten duzulako etxetik gertu.
_content.jpg)
Musika ezberdina nahastea gustuko duzu, kultura ezberdinetako musika uztartuz, zergatik?
Bai, ez dakit, denborarekin aldatzen joan naiz. Gazteagoa nintzenean musika estilo bat gustatzen zitzaidan eta musika estilo hori bakarrik entzuten nuen. Hip hop eta reggae-a entzuten nuen eta beste guztia ez zitzaidan gustatzen. Baina denborarekin joan naiz beste musika mota batzuk ezagutzen eta askoz ere irekiagoa naizela sentitzen dut. Gainera, gaur egun, ezin naiz musika estilo bat entzuten egon denbora guztian. Entzun dezaket reggae disko bat, entzun dezaket soul-a edo rock-a. Orduan nik ezin badut hori egin, denbora guztian musika estilo bakarra entzunez egon, nire sesioetan ere ez dut hori egiten. Jendeari ezin diot egin niri gustatzen ez zaidana, iruditzen zait gauean zehar estiloz aldatu behar dela. Beste alde batetik, musika berria aurkitzea gustatzen zait, joera berriak. Ez da bakarrik abestia bilatzea, lehen hip hop-ean egiten nuen moduan momentuko hit-a bilatzea. Denbora da jada bi abesti hartzea eta hauek elkarrekin nahastean kanta berri bat sortzea gustatzen zaidana. Abesti bat berriz entzutea da baina beste modu batera eta ikaragarri gustatzen zait.
DJ batek musika asko entzun beharko du, ezta?
Normalean DJ lanetan murgiltzen dena, melomanoa izaten da, musikazalea. Barruan badaukazu gogoa zuri gustatzen zaizun musika erakusteko. Normalean ikerketa eta aurkikuntza lan hori naturalki egiten duzu.
Musika ikastaroak ematen zenituen lehen, jarraitzen duzu lan horrekin ere?
Lehen ematen nituen eta oraindik ere aukera sortzen bazait eskaintzen ditut. Lehen eduki nuen garai bat ikastaroak eskaintzen nituela baina zaila ikusten dut. Musika eskoletan, umeari saiatzen dira instrumentu tradizionalak erakusten eta normala iruditzen zait. Jendeak gainera normalean, urte jakin batzuekin aukeratzen du zein instrumentu ikasi nahi duen. Ikastaroak ematen nituenean iruditzen zitzaidan nire burua asko saldu behar izaten nuela eta nekatu egin nintzen. Oraindik ere ikastaroak eskaintzen ditut talde bat edukiz gero, ez delako zerbait utzi egin dudana baina normalean pertsona batekin egiteko ez dut egiten, talde bat osatuz gero bai.
Beste proiektu ezberdin batzuetan ere parte hartu duzu, asko mugitzen zaren pertsona zara?
Egia da gauza ezberdinak egin ditudala lehen aipatutako proiektu handiez gain (Selektah kolektiboa, Fermin Muguruza, Esne beltza). Baina gauza txiki ezberdin asko egin ditut, Mikel Abregorekin adibidez Gailu proiektuan parte hartu nuen musika esperimentala eginez. Kukai dantza taldearekin ere parte hartu dut musika jartzen eta show-ean beraiekin egonez. Gero sortu genuen Trifulca Posse proiektua ere oraindik hor daukagu eta ez dugu baztertu guztiz itzultzeko aukera hori. Remix batzuk egiten genituen, Ruper Ordorikarenak adibidez eta beti jarraituko dut proiektu txikiak egiten. Orain ere eskatu didate Donostia 2016 proiektuaren barruan, Euskal Herriko ikasleekin batera Big Band bat egiteko. Azkenean beti dago zerbait, mugimenduan bazaude beti ateratzen dira horrelako gauzak.
Esne Beltza taldearekin disko berria argitaratu duzu, zer moduz joan da?
Irailean grabatu genuen diskoa eta apustu berri bat egin dugu. Beti saiatzen gara gauza berritzaileak egiten eta oraingoan bi diskoko proiektua jarri dugu abian. Oraingo proiektu honetan diskoa erosiz gero, lehenengo zatia bakarrik jasoko du entzuleak. Oraingo honetan, bigarren zatiaren hutsunea egongo da eta bigarren zati hori datorren urtean argitaratuko da.
Musika aldetik ere Esne Beltza izaten jarraitzen dugu baina berrikuntza batzuekin, oraingo honetan adibidez rumba sartu dugu orain arte ez duguna egin. Xabi Solanok erlazio handia du La Pegatina taldekoekin eta pentsatu genuen rumba bat egitea. Gero reggae kutsu handia du diskoak nahiz eta cumbia bat egon, porrusalda bat egon eta reggae ukitu hori ere badaukan baina Esne Beltzaren soinuarekin. Portada eta Esne Beltzaren irudia ere aldatu nahi genuen gure irudia oso zuri-beltza zelako. Jendeak beti esaten zigun kolore gehiago behar genuela talde koloretsua ginelako. Madrilgo diseinatzaile bati eskatu genion lana eta berak diskoak entzutean reggae kutsu hori nabaritu zuen baina koloretsua aldi berean, Samplerrengatik, trikitixagatik…
Guk orain arte behiaren irudia erabili izan dugu esnearengatik baina gure musikak behiaren irudiarekin zerikusirik ez dauka. Bai ordea reggae kutsu hori izanda, zergatik ez lehoi bat sartu? Lehoia delako, «el león de Judea», reggae musikaren sinboloetako bat eta horregatik lehoi koloretsu hori osatu dugu.
Letrei dagokionez ere aldaketa bat egon da, orain arte asko hitz egiten genuelako gure inguruan gertatzen zenaren inguruan eta oraingoan berriz, norberaren arazoez gehiago mintzatu gara. Barrura begirako disko bat dela esango nuke nahiz eta aldarrikapen kutsu hori ere ez utzi. Gu oso gustura gaude egindako lanarekin. Lehenengo zati honek zortzi abesti ditu eta bigarrengoa berriz formatu merkeago batean aterako den diskoa da, liburuxkarekin. Horrela osatuko dugu gure azken proiektu hau Esna izenarekin kaleratu dena.
Birarekin edo kontzertuekin noiz jarriko zarete martxan?
Orain eskaini dugu Durangoko Azokan bat Plateruenea aretoan eta beste bat eskainiko dugu Vianarock jaialdian. Ondoren, martxoa edo apirila bitarte geratu egingo gara eta deskantsu bat hartuko dugu. Bakoitzak bere lanak ditu, bere familia eta bigarren lana ere prestatu behar dugu maiatza inguruan aterako delako. Birari dagokionez, areto bira bat egingo dugu, bai Euskal Herri mailan eta baita estatu mailan ere baina bigarren diskoa atera ondoren.
_content.jpg)
Kolaborazioak ere izan dituzue disko honetan, adibidez Canijo de Jerez. Zer moduzko esperientzia izan da?
Lehen aipatu bezala, Solanok tratu handia dauka La Pegatina taldekoekin eta hauekin hitz egiten rumba abestiaren inguruan, Canijo de Jerezen izena atera zen. La Pegatina taldekoek ezagutzen dute bera eta kontaktuan jarri ginen. Horretaz gain, Panxok hartu du parte ere, Zoo Valentziako taldeko abeslariak katalanez abesten duela. Horrelako gauzak sartzea ere gustatzen zaigu, gu ere hizkuntza minorizatu batean bizi garelako eta elkarren artean laguntzeko bidea delako. Green Valley Gasteizko taldeko Ander Valverde abeslariak ere hartu du parte abesti batean Reggae kutsua ematen. Azkenik, Rude dago ere Italiatik diskoari introa ematen diona eta beste alde batetik Kristina Solanok ere hartu du parte diskoan.
Etorkizunera begira, zer aurreikuspen duzue?
Bi kontzertu hauek eman eta gero deskantsua hartuko dugu lehen aipatu bezala. Bakoitzak bere lanak eta familiak ditu eta beharrezkoa da deskantsua gero indarberrituta itzultzeko. Ondorengo aurreikuspena diskoaren bigarren zatia grabatzea izango da. Beste sei edo zortzi abestiz osatutako disko bat argitaratzea da gure erronka. Bi zatitan ateratzearena da ere bi arrazoi nagusigatik, bizitzak ez digulako ematen disko luze bat grabatzeko, denbora kontuengatik batez ere eta beste alde batetik, jendeak single-ekin funtzionatzen duelako. Jendeak single bat hartzen du eta hori matxakatzen du denbora guztian abesti berdinak entzuten. Gaur egun, kotxean bakarrik entzuten dira disko osoak jarraian.
Zure musika talde gustukoena?
Hocus Pocus taldea gustatzen zait.
Zure abesti gustukoena?
Horrela mitikoetatik, Mc solar-en Les temps changent abestia oroitzapen onak ekartzen dizkidalako. Azken urte hauetan berriz, adibidez Michael Frantiren Live is better with you. Aita izan naiz orain dela gutxi eta umearekin entzuten nuen abestia da eta oroitzapen onak ekartzen dizkit. DJ bezala beti daude oroitzapen onak ekartzen dizkizutenak.
Zer nahiago dituzu, jaialdi handiak edo areto txikiak?
Biek dute bere xarma. Eszenatoki handiek zirrara sortzen dute eta zortea izan dut eszenatoki handietan jotzeko. Bestalde areto txiki batean edo gaztetxe batean izugarrizko festa muntatu dezakezu. Biek dituzte bere gauza onak eta zaila da batekin geratzea. DJ sesio batean zait gustatzen eszenatoki gainean egotea. Nahiago dut jendea ez konturatzea DJ bat dagoela eta musikaz gozatzea beraiek.