«Garrantzi handia ematen diot taldea kudeatzen jakiteari»

Andoni Uzkudun 2016ko urt. 7a, 11:58

17 urterekin futbolean jokatzeari utzi eta entrenatzaile hasi zen Aitor Arevalo; egun Euskal Selekzioa entrenatzen du

Ibarrako Lauburu taldea utzi eta urte lasaiago bat bizitzen ari da Aitor Arevalo (Amasa-Villabona, 1988). Hala ere, futbolarekiko duen lotura ezin askaturik dabil Euskal Selekzioa entrenatzen. Kadete mailako entrenatzailea da gaur egun eta txapelketara begirako prestakuntzan dabil buru-belarri. Etorkizunera begira berriz, talde batera itzultzeko itxaropena du.

Noiz eta nola hasi zinen futbol mundu honetan?
Egia esan, jokalari moduan ez nintzen oso ona eta 17 urterekin jokatzeari uztea erabaki nuen. Hortik aurrera, entrenatzaile munduari heltzea pentsatu nuen eta hasiera batean ez nuen uste inondik inora horrelako etorkizunik izango nuenik. Denborarekin ikusi nuen gehiago erakartzen ninduela entrenatzailearen mundu horrek eta formakuntza prozesu batean hasi nintzen gaur egun arte. Oso gustura nabil eta ahal dudan moduan behintzat, horrela jarraitzea gustatuko litzaidake.

Entrenatzaile izateko helbururik izan duzu?
Ez, hasiera batean ez. Gaztetan gehienok behintzat futbolari izatearekin amesten dugula uste dut eta nire kasuan berdin. Ni ordea goiz konturatu nintzen jokalari bezala ez nintzela oso abila eta agian hobeto moldatuko nintzela zelaiaren kanpo aldetik oihuak ematen.

Zer nolako formakuntza behar da entrenatzaile izateko?
Bai zelai handiko futbolean eta areto futbolean, hiru maila ezberdin daude. Nik lehenengo eta bigarrengo ikasketak burutu ditut eta bigarrengo ikasketa hauekin bigarrengo B mailara arte iritsi naiteke. Hirugarrengo maila ateraz gero, lehenengo mailan entrenatzera iritsi zaitezke. Nire kasuan ordea, orain arte Ibarrako taldea entrenatu dut eta hori izan da nik entrenatu dudan mailarik altuena.

Zure ibilbidea, Villabona, Elgoibar, Ibarra, Euskal Selekzioa...Zer moduzko jarduna izan da?
Villabonan hasi nintzen entrenatzen 17 urte nituela infantil mailako taldearekin. Hurrengo urtean, 18 urterekin, hirugarren mailako taldea eramaten hasi nintzen, Transportes Lakunza. Egia esan, arraroa da baina ni Transportes Lakunza taldea entrenatzen hasi nintzenean, taldeko gazteena nintzen. Bi urte pasa nituen bertan eta oso gustura ibili nintzen bi urte horietan zehar. Bi urte pasa ostean berriz, Juanan Rodriguezek, orain Ibarrako areto futboleko kirol arduradunak deitu ninduen. Elgoibarko taldera joateko aukera luzatu zidan bere bigarren laguntzaile modura eta baiezkoa eman nion. Bertan ere bi urte igaro genituen eta izugarrizko esperientzia izan zen hura. Bigarrengo urtean, ligako txapeldun irten ginen baina arazo ekonomikoak medio, ezin izan genuen mailaz igo. Azkeneko bi urtetan berriz, Ibarrako taldeko entrenatzailea izan naiz eta seigarren eta bederatzigarren izatea lortu dugu sailkapenean. Oso gustura egon naizen urteak izan dira hauek ere, baina ikusten nuen klubari zerbait falta zitzaiola, bultzada bat, aurrera emateko eta taldea uztea erabaki nuen. Egia esan entrenatzaile lanak asko nekatzen eta desgastatzen du pertsona eta urtebete lasaiago hartzea erabaki nuen. Aurten ordea, Euskal Selekzioko aukera hori atera da eta egia esan ez nuen espero. Urria partean eskaini zidaten lana eta ikaragarrizko ilusioa egin zidan nigan pentsatzeak.

Ibarrako taldea utzi eta Euskal Selekzioa orain, nola izan da hori?
Ibarran egia esan oso gustura nengoen, etxetik gertu eta jokalari oso onak nituen taldean. Bigarren B maila ordea oso maila zaila da, astean lau aldiz entrenatzen genuen, ekonomikoki baita ere oso maila zorrotza da klubarentzako, asteburuetako bidaiak... Jokalari askok lan egiten dute eta dena lotzea oso zaila izaten da. Errelebotan lana egiten zuten jokalariak ezin zuten entrenatzera etorri eta urtea oso luzea egiten da.

Lan ordu asko eskatzen du entrenatzaile izateak?
Nik beti esaten dut entrenatzailearen munduak bi mundu dituela, bat zelaian jokalariekin eta beste bat garrantzitsuena etxeko lana edo ofizinako lana. Nik etxean bideo asko ikusi behar ditut, beste taldeen analisia egin, estrategia prestatu eta horrek guztiak lan asko eskatzen du. Batez ere bideok eta bideok ikusi, areto futbola oso zehatza delako eta partida bat detaile txiki batengatik irabazi edo galdu daitekeelako.

Tolosaldeari dagokionez, zer moduzko maila dago?
Nik esango nuke orokorrean Euskadi mailan, areto futbola gutxinaka-gutxikanaka goraka doala. Oraindik beste batzuekin alderatuz atzetik gabiltza baina pixkanaka goraka doa eta hori garrantzitsua da. Hemen Tolosaldean, maila polita dago baina gauza asko falta zaizkigu hobetzeko. Entrenatzaile asko falta dira adibidez, jende boluntario asko baitago taldeetan eta jende hori ere beharrezkoa da baina entrenatzaile formakuntza duen jendea falta izaten da askotan. Beste alde batetik, nik pentsatzen dut gaur egungo gazteek ez dutela nahi konpromisorik taldearekin. Jolasteko eta ondo pasatzeko gogoa bai baina bigarrengo B maila batera iritsi eta esfortzu handiago bat eskatzen duen maila baterako konpromisorik ez. Diru aldetik ez dago laguntza handirik eta jendea nekatu egiten da lau entrenamendu, lana, asteburuetan bidaiak... Askotan jendeak nahiago du maila baxuagoan jokatu eta lasaiago ibili goiko maila batean jokatzea baino.

Etorkizunera begira zein aurreikuspen edo helburu dituzu?
Aurten, nahiz eta Euskadiko selekzioarekin egon, nahiko lasai nabil ez delako talde baten egunerokotasuna eramatea bezala. Datorren urterako berriz, nahiko garbi daukat talde batera itzuli nahi dudala berriz ere, egunerokotasun horretan eta talde baten martxan berriz sartzeko. Orain begiratzen ari naiz zein aukera egon daitezkeen bai bigarren B mailan, hirugarren mailan edo baita jubeniletan ere.

Urtebete lasaiago hartu, datorren urtera begira indartsu itzultzeko?
Bai hori da, azkenean entrenatzaile bat asko desgastatzen da eta beharrezkoa iruditzen zait geldialdi bat izatea. Azken lau urte hauetan bai Elgoibarren eta baita Ibarran ere, hiru edo lau entrenamendu astean, partidak ikusi, entrenamendu asko prestatu eta oso nekatuta amaitzen duzu. Jendeak oihuak bakarrik botatzen ditugula pentsatzen du eta ez da hori bakarrik, hori jendeak eta jokalariek ikusten dutena izaten da baina etxeko lan asko dago atzean.

Zer behar da entrenatzaile on bat izateko?
Entrenatzaile askok pentsatzen dugu geroz eta futbol gehiago ikusi geroz eta gehiago dakigula eta hori ez da horrela. Nik uste dut bakoitzak futbola edo beste kirol batean gertatzen den moduan, bakoitzak bere modura ulertzen duela jokoa eta bakoitzak bere ideiak ateratzen dituela. Askotan, beste entrenatzaileei entzutean konturatzen zara zure ideia ona dela baina bestearena ere ona izan daitekeela. Nik nire ideia eta ikuspuntua daukat baina garrantzi handiagoa ematen diot taldea kudeatzen jakiteari, edozein taktika edo estrategiari baino.

Areto futboletik bizi daiteke?
Orain dela urte batzuk adibidez, Ibarra bigarrengo mailan egon zenean, bazegoen areto futboletik bizitzerik. Gaur egun ordea krisiak eragin handia izan du kirol guztietan bezala eta diru laguntzak ere murriztu egin dira. Guk Elgoibarko taldea entrenatzen genuenean adibidez, 500 edo 600 euro kobratzen zituzten jokalari madrildar edo aragoitarrak genituen taldean. Jokalari horiek esperientzia bizitzera etortzen ziren Elgoibarrera diru horretatik ezin zutelako bizi, lagundu egiten du baina ez jokalari profesional bat bezala bizitzeko adina. Nire kasuan adibidez goizetan lan egiten dut eta arratsaldean berriz entrenatzera joaten naiz eta argi daukat lehenengo lana dagoela eta ondoren areto futbola.

Euskal Selekzioarekin txapelketa duzue kadete mailan, zein da taldearen helburua?
Orain arte Euskal Selekzioak kadete mailan ez du lehenengo fasea gainditu 25 urtetan eta ez dut esango hori egingo dugunik baina bai helburu bat dela. Hala ere, horren gainetik, ondo pasatzea, lehiatzea eta disfrutatzea daude eta seguru nago gerra emango dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!