Maiatzean hasi zuen bidea Oihana Iguaranek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eta gaur amaitu du Donostiako Ilunben. Balio izan dio bertsozaleari erakusteko gai dela besteen pare aritzeko eta plazaz plaza bere arrastoa uzteko. Entzuleengan "lorratza" uzteko nahia adierazi du hasierako agurrean eta helburua lortuta amaitu du finala.
Lehen tokian kantatzea egokitu zaio amasarrari eta lehen agurraren ostean, lehen bertso puntuagarria berak bota du, Unai Agirrekin zortziko handian. Familiaren bisita jasotzen duen adineko bikotea izan dira. Iguaranek bidea ireki du bigarren bertsoan eta horri segika elkarrizketa polita osatu dute bi bertsolariek.
Gure eskualdeko bertsolariak gehien luzitu duen bertsoaldia zortziko txikikoa izan da. Iñaki Apalategirekin kantatzea suertatu zaio eta hasiera batean ez zaio defendatzeko postura erosoena egokitu Iguarani: "txiste afari batean daude. Iñaki edozein txiste entzunda barrez lehertzen da, Oihanari irribarrerik ez zaio atera". Lehen bertsotik egurrean hasi zaio amasarra goierritarrari: "algaraka ez det galdu nahi indarra / nik barrura begira egiten det parra". Eta berdin bigarrenean: "zuri egin dizute par dezentea, parrez lehertzen ari da tipo enklenkea, nik nahiogo det umore inteligentea".
Lehen eta hirugarren puntu erantzunetan bereziki asmatu du Oihana Iguaranak hirugarren ariketa puntuagarrian. Hirugarrengoan horrela jarri dio puntua Saroi Jauregik: Zu gustora zaude duzun lanarekin? "behin esan dizut eta zuk entzuten jakin / gaur eskaintzeko ez bada behinipen / langabe etorri naiz ta joango naiz berdin".
Beñat Gaztelumendirekin batera egokitu zaio Iguarani hamarreko txikiko ariketan. Elkarrekin maitemindu diren erlijiosoak izanik, Beñatik elkarrekin bizitzera joatea proposatu dio Oihanari. Lehen bertsoan amasarrak galdera bati ekin dio amasakoak: "zu berriz sortu niri irriparra / joan gaitezen ihes da zure marmarra / zu izango al zara ne jaingo bakarra?". Bigarrenean añorgako bertsolariak horrela erantzun dio: "nahiz sinistitu jainkoan eta zerumugan / orain askoz gehiago sinisten det gugan" eta hirugarren bertsoan borobildu du lana Oihanak: "utikan gotzainak ta utik boterea / eraiki zagun gure mundu ta legea / gure arteko hontan badaukat fedea".
Hauxe zuten bertsolariek bakarka aritzeko gaia: kalean ikusi duzu eskuetan opari bat daramala; irribarrez doa. Adarrak jartzen dizkion bikoteari ezkonta eskatzera doan lagunari kantatu dio Iguaranek eta bigarren bertsoan aitortu du "Aitorrengana joan nahi nuke / eta egiaz erditu / hau dena esan nahi nion baino / gero enaiz atrebitu". Eta hirugarrenean babesa eskaini dio lagunari: "susto galanta hartu behar du / eta atzetik zenbat malko / nere sorbalda prest izango det / bueltan datorrenerako".
594 puntu eskuratuta seigarren egin du amasarrak. Bere lehen finala izan da eta hemendik bi urtera Txapelketa Nagusian kantatuko du, eskualdeko Mikel Artola eta Beñat Iguaranekin batera. Besteak beste, Oihana Iguaranek bertso eskolakoak izan zituen hizpide agurreko bertsoan.
Txapela Gaztelumendirentzat
1012 puntu eskuratuta Beñat Gaztelumendik jantzi du txapela Ilunben. Buruz buruko berdindua jokatu du Alaia Martinekin batera eta txapeldun orde geratu da hau 993 punturekin.
Hirugarren tokian sailkatu da Agin Laburu 614,5 punturekin eta laugarren berriz, Iñaki Apalategi, 603,5rekin. Bosgarren egin du Unai Agirrek 595,5 puntu batuta eta seigarren, esan bezala, Oihana Iguaranek hernaniarrarengandik puntu t`erdira. Zazpigarren geratu da Jon Maia 586 punturekin eta azken tokian 571,5rekin Arkaitz Oiartzabal Xamoa.