Sen gastronomikoa pizteko egin dute 'Herriaren goilara'

Jon Miranda 2015eko abenduaren 18a

Argazkia: Herriaren Goilara

Udalak argiratuta, Villabonako lau lagunek osatu dute herriko gastronomiaren historia

Aranzabi, Ongi Etorri, Itzalpe, Biyona, Iru Aldeta, Hor Konpon edota Txoko bezalako jatetxeak, herriko Behar Zana, Zunbeltz, Irrintzi eta Uxo Toki elkarte gastronomikoak eta sukaldean ibili diren billabonatarrak dira Herriaren goilara liburuko protagonistak. Amasa-Villabonako Udalak argitaratu duen lana atzo arratsaldean aurkeztu zuten Berdura plazan.

Javi Rivero herritarrari otu zitzaion duela bi urte inguru ideia: «Gastronomikoki hutsune bat sumatzen nuen Villabonan. Garai bateko errezetak ez genituela ezagutzen eta bertako gastronomia hiltzen ari zela ikusten nuen. Sen gastronomiko horri jarraitu eta sustraien bila jotzeko ahalegina da proiektua». Asmoa udalean aurkeztu eta ontzat jo zuten berehala. Babes horrekin egitasmoa aurrera ateratzeko taldea osatu zuten. Riverorekin batera, Eneko Amondarain sukaldariak, Ainhoa Arozena kazetariak eta Bea Medrano maketatzaileak ondu dute azken emaitza.

Jatetxeetan ikur ziren platerak bildu dituzte liburuan eta elkarrizketatu dituzten sukaldariei errezeta bana eskatu diete. «Euren etxeko ateak zabaldu dizkigute eta eskatutako errezeta prestatu dute guretzako. Plater horren atzean dagoen historia azaldu digute eta guk liburuan bildu dugu», dio Riverok.

Garai bateko jatetxeetatik Itzalpek bakarrik dirau zabalik Villabonan, egileen ustez, «belaunaldi aldaketarik ez da egon». 20 bat pertsona elkarrizketatu dituzte Herriaren goilara liburuan eta «sona handiko jatetxeetan lan egin duten billabonatarrak topatu ditugu. Horrek esan nahi du herri honek baduela sukaldea».

Atzo arratsaldean, liburua aurkeztearekin batera antolatu duten Rally Gastronomikoaren sari banaketa ekitaldia egin zuten. Iker Zalduaren argazkiak eraman du saria. Pintxo pote herrikoiarekin eta girotzeko jarritako musikarekin borobildu zuten atzoko arratsaldea.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!