Emakunderen autobus ibiltaria ostiralean Amasa-Villabonan

Ataria 2015eko abenduaren 16a

Maiatzaren Lehena plazan egongo da kokatuta eta goizez ikastetxeetako ikasleek bisitatuko dute. Arratsaldez, herritarrentzat zabalik izango da

Berdintasunerako Gunea izeneko topaketa antolatu du Emakundek aurten ere, hainbat erakunde eta elkartek berdintasunaren alde egindako ekimenak ikustarazi eta sendotzeko, eta batez ere jendea gaiarekin sentsibilizatzeko. Iaz bezala, Euskadin barrena ibiliko den autobusa izango da foroaren topaguneetako bat, eta autobusa abenduaren 18an iritsiko da Amasa-Villabonara.

Aurtengoa Berdintasunerako Gunearen XII. ekitaldia izango da, eta urriaren 5etik abenduaren 18ra bitartean egingo da Gizartea aurrera doa berdintasunerantz. Ez dezagun atzera egin lelopean. Aurten, ekimenarekin
Emakundek gogora ekarri nahi du Beijing-eko Adierazpenaren eta Ekintza plataformaren 20. urteurrena eta Euskal erkidegoko  Berdintasun Legearen 10 urte betetzen direla.

Maiatzaren Lehena Plazan kokatuko da
Amasa-Villabonara, ostiral honetan, abenduak 18, helduko da autobusa Maiatzaren Lehena Plazan egongo da. Ibilgailuak 40 metro koadro ditu, hainbat ekimen gauzatzeko baliabideez hornituta dago: ikus-entzunezkoen pantaila, ordenagailuak, eserlekuak, erakusketak, antolatzeko euskarriak ... eta 25 lagunentzako tokia du.

Goizez, ikastetxeetako ikasleek berdintasunarekin lotutako tailerretan parte hartuko dute. Emakundeko begiraleek zuzenduko dituzte tailerrak. Arratsaldean, berriz, autobusa bisitatzeko aukera egongo da izenak aldez aurretik eman gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!