Hondakinen gaian "akordiorako prest" agertu da Amasa-Villabonako EH Bildu

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 15a, 18:08
Irudian, EH Bilduko ordezkariak gaurko agerraldian

%70eko birziklatze tasa ahalbidetuko duen "edozein bilketa sistema" onartzeko prest agertu dira, baina "6 hilabeteren buruan" lortuko ez balira, EAJri "sistema eraginkorragoetara" bueltatzeko bermea eskatu diote.

Hondakin bilketaren sistemaren inguruan EAJrekin abiatutako negoziazioen inguruko balorazioa egiteko agerraldia egin du  Amasa-Villabonako EH Bilduk. Nora Urbizu eta Xabat Laborde EH BIlduko zinegotziek hartu dute hitza, eta bertan EAJ eta EH Bilduk hondakinen bilketaren inguruko hiru bilera egin dituztela azaldu dute. Azkena, pasa den azaroaren 9an. Bertan ez zuen PSE-ko zinegotziak parte hartu, nahiz eta deia luzatu Urbizu eta Laborderen esanetan: "PSE-ko zinegotziak ez du oraingoz elkarrizketa mahai honetan behin ere parte hartu".

Bertan, EAJ-k proposamen bat egin zietela azaldu dute EH Bildutik: "5. edukiontzia, errefusarena astean bitan zabalduta eta beste guztiak uneoro zabalik".  Bilera horretan, ordea, sistema horrek birziklatze tasa "eskasak" ematen dituela, eta organikoaren edukiontziek "kontrol mekanismo bat" behar luketela adierazi zuten EH Bildukoek euren esanetan. Gainera, xehetasunen faltan proiektua "idatziz" bidaltzeko eskatu zieten Iban Agirre alkateari. Txosten hori bidaltzean, beste bilera bat egiteko "konpromisoa" hartu zuen alderdi jeltzaleak. Bilera hori egin zenetik hilabete baino gehiago pasa arren, "oraindik EAJren proposamen zehatzik ez dugu jaso, zain jarraitzen dugu" adierazi du Urbizuk. Hala ere, hedabide batean duela bi aste jeltzaleek EH Bilduren erantzunik ez dutela jaso adierazi omen zuten.

Proposamenaren txostena ez izateak "seriotasun falta handia" islatzen duela uste du EH Bilduk: "Xehetasun gehiago eskuartean izan gabe, ezin baitugu inondik inora behin betiko erantzunik eman, gure partetik hori egitea erantzukizun falta handia litzateke".

EAJk egindako proposamenari dagokionez, EH Bilduk salatu du EAJK aipatu duela “esfortzu” bat egin duela negoziazioan, baina era berean Amasa-Villabonan proposatutakoa Gipuzkoako beste hainbat herritakoa (Arrasate, Zumaia, Deba, Bergara, Aretxabaleta…) baino "nabarmen okerragoa" dela salatu dute. Gainera, aipatu artikuluan bertan jarri nahi dena Sasieta mankomunitatean martxan dagoena dela adierazi nahi zutela uste du EH BIlduk, baina Sasieta mankomunitateko "22 herritatik 2tan soilik" dagoela adierazi dute  Villabonarako proposatzen dena, eta 10 herritan atez ateko sistema dutela adierazi dute. Gauzak honela, EAJri "errealitatea agertzen ez duten datuak" ez erabiltzeko eta "manipulazio saiakerarik" ez egiteko eskatu diote.

EH Bildutik proposamenik ez badute egin, "proposamen zehatzik" ez dutelako jaso izan dela adierazi dute, baina euren muga argia dela adierazi dute: "%70eko birziklatze tasa ahalbidetuko duen edozein bilketa sistema onartuko dugu". Bide horretan, ez dizkiote "ateak ixten 5. edukinontziari", eta portzentaia hori lor dezaketen "5. edukiontzi bidezko sistemak egon badaudela" defendatu dute. Baina, horretarako "kontrol mekanismo bat" izan behar dutela uste dute.

Eta orain arte jaso duten proposamenetik abiatuta, erabat "asetzen" ez dituen arren, bilketa sistema hori onartzeko "prest" agertu dira, "betiere 6 hilabeteren buruan %70eko birziklatze tasak lortuko bagenitu". Horrela izango ez balitz, EAJri "sistema eraginkorragoetara (atez ateko mistoa, 5. edukiontzia txiparekin…)" bueltatzeko bermea eskatzen diote.

Akordio lortzeko "borondatea" behar dela diote, eta azken asteetako gertakariek EAJren aldetik "borondaterik ez dagoela" ondorioztatu dute. Honela, EAJri bere asmoa argitzeko eskatu die: "Villabonako EAJren asmoa galdeketa egitea bada, esan dezatela argi eta garbi, eta ez dezatela denbora galtzeko soilik balioko duen negoziazio faltsuaren antzerkirik egin".     

Hala ere, EH Bildutik "negoziazioarekin jarraitzeko eta EAJrekin behar den guztietan biltzeko gure prestutasun osoa" berretsi dute. Horrela, "herritarrentzat eta ingurumenarentzat egokiena" den hondakinak biltzeko sistema bat lortzen "gogor" saiatuko direla esanez amaitu dute agerraldia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!