Antzokira hiru aldiz joanez gero, laugarren sarrera opari

Jon Miranda Labaien 2015ko abe. 15a, 13:02

Amasa-Villabonako Udalak Zatoz antzokira kanpainarekin bat egin du. Arte eszenikoen ikuskizunak sustatu asmoz bonu bat banatuko dute Sareako antzokietan erabili ahal izango dena

Mertxe Garmendia, Amasa-Villabonako kultura zinegotziak eman du Eusko Jaurlaritzak sustatu duen kanpainaren berri. "Azoaroan hasita, 2016ko maiatza bitartean erabili ahal izango da bonua eta dantza, antzerkia eta zirku ikuskizunetarako balioko du". Soilik, euskal konpainiek ekoitzitako saioetan eskainiko dute txartela, "bertako ekoizpenen kontsumoa bultzatzeko".

Joxean Cubero, Amasa-Villabonako kultura teknikariak azaldu duenez, herritarrei Gurea antzokiko leihatilan eskainiko zaie bonua ikuskizunetarako sarrerak erostera doazenean. "Sarrera bakoitzeko zigilu bana jarriko zaio bonuari, hiru kupoiak bete arte. Laugarren sarrera dohainik izango dute herritarrek, gehienez 12 euroko balioa badu. Sarrera garestiagoa bada, norberak bere poltsikotik ordaindu beharko du aldea".

Villabonako Gurea antzokian eskuratu ahal izango da Zatoz antzokira bonua eta 54 antzokik osatzen duten Sarean erabili ahal izango da. Andoaingo Bastero eta Tolosako Leidor ere Sarearen parte dira. "Bi bonu klase banatuko dira: bat helduentzako ikuskizunetarako eta bestea haurrentzako emanaldietarako", azaldu du Cuberok. 50na bonu banatuko dira Villabonan lerro bakoitzeko. Kultura teknikariak ohartarazi duenez, "bonu kopuru mugatua dugunez, benetan erabiliko dutela uste dutenei luzatzen diegu gonbita".

Gurea antzokian, apirila bitartean izango diren antzerki emanaldiak aurkeztu dituzte Zatoz antzokira kanpainaren berri emateko agerraldian:

ABENDUAK 27

Oliver magoa. Haur ikuskizuna.

URTARRILAK 17

Kontu Kantari. Haurren ikuskizuna. Laenanaranja konpainia.

URTARRILAK 24

Heroiak. Helduen ikuskizuna. Txalo konpainia.

OTSAILAK 19

Eskutitzak. Helduen ikuskizuna. Izar films eta Itzel antzerkia.

OTSAILAK 21

Aladdin. Haurren ikuskizuna. Gorakada konpainia.

MARTXOAK 11

Happy end. Helduen ikuskizuna. Vaiven konpainia.

MARTXOAK 13

Txutxupe. Haurren ikuskizuna. Txirri eta Mirri.

APIRILAK 10

Azken portua. Haurren ikuskizuna. Dejabu konpainia.

APIRILAK 22

Amodioaren ziega. Helduen ikuskizuna. Lauka konpainia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!