Aitortzak eta justiziak beste urrats bat egingo dute bihar Villabonan. Kontzentrazio esparruetan egon ziren herritarrak omenduko dituzte herrian, memoria jorratzen diharduten bi elkarteren eskutik: Villabonako Aritza Kultur Elkarteak eta Errenteriako La Ilusion elkarteak antolatu dute Akordatzen garelako bizirik daude omenaldia. 12:00etan izango da, Errebote plazan. Zehazki, La Ilusion elkarteak martxan duen proiektuaren barruan kokatzen da ekitaldia: Mauthausenen (Austria) egondako gipuzkoarren etxe atarietan plakak jartzeko ekinbidea gauzatzen ari da. “Historiak ez die inoiz aitortzarik egin pertsona horiei. Kontakizunaz hitz egiten da, baina noiz hasten da kontakizun hori? 1960. urtean? Hori da, esaterako, arlo horretan Jaurlaritzari egin diezaiokegun kritika”, dio Esti Amenabarro Iraolak, Aritza Kultur Elkarteko kideak.
Mauthausen, Argeles (Herrialde Katalanak) eta Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparruetan egon ziren billabonatarrak preso. Bederatzi herritar ditu dokumentatuak Aritza elkarteak, eta bihar bi gogoratuko dituzte bereziki: Adolfo Lozano Olazabal II.Errepublikan armadako teniente izana eta Alberto Beafourt Mauthausen kontzentrazio esparruan egondakoa —1940ko udatik Mauthausen-Gusen deitua—.
Biharko ekitaldian egongo direnetako bat da Concepcion Lozano Bengoa, Lozanoren alaba. Ez zuten elkar ezagutu: “Oso gutxi genekien Adolforen kasuari buruz. Arakatzen aritu gara, eta alabarekin egin dugu topo. 90 urte ditu. Honela esan zidan: ‘Zuk nire aitaz nik baino gehiago dakizu’. Berarentzat ilusioa sekulakoa da”. Aita gerran zela geratu zen haurdun Concepcion ama, senarrari egindako bisita batean.
Irakaslea zen ogibidez Lozano Olabazal, Hernanin, eta ofizio hori utzita, armadan egin zuen bere ibilbide profesionala. 36ko gerraren lehen lerroan borrokan aritu zen. Artilleriako teniente izan zen 1937an, 137. Brigada Mistoan, eta kapitain urtebete geroago. Herrialde Katalanetan jardun zuen nagusiki.
Gerra galdu zuten errepublikano askok bezala, ihesari ekin zion, Frantziarantz. Alemanek lurraldea okupatu zutenean, ordea, ihesean zihoazen errepublikanoak atxilotzen hasi zen Gestapo, nazien polizia. Hark atzeman zuen Lozano ere. Hainbat kontzentrazio esparrutatik igaro zen: Saint Cyprien, Gurs, Treves, Mauthausen-Gusen… Azken horretan hil zen, 1941eko azaroaren 7an. Aritza elkarteak dokumentu bakarra topatu du haren heriotzaren inguruan, Mauthausenetik bertatik jasoa: biriketako pneumoniak jota hil zen, idatzi horren arabera. “Kasu askotan ageri da arrazoi hori, eta artxiboan lan egiten dutenek ere esaten dute, ez dela oso fidagarria”.
Lozanoz gain, Alberto Beafourt billabonatarra ere Mauthausenen eduki zuten. Herrikideak ez bezala, hura libre geratu zen, 1945eko maiatzean. Europan III. graduko eremu izendatzen zituzten kontzentrazio esparruetako bat zen Mauthausenekoa, eremu gogorrenetariko bat. “Auschwitz modukoa zen; han gehiago zeuden errusiarrak-eta; Mauthausenen, berriz, Espainiatik ihes egindakoak gehienbat”. Alemania nazian sortutako lehen eremu jendetsuetako bat izan zen, eta heriotza tasarik handienetakoa zuen. Guztia legez babestutako esparru batean gertatzen zen: “Biolentzia erabiltzeko egiturak ziren, estatu baten aparatuak, legez onartuta zeudenak”.
Billabonatarrak
Adolfo Lozano Olazabal Mauthausen-Guseneko kontzentrazio esparruan hil zen; Alberto Beafourt, berriz, aske atera zen. Ez dira, ordea, gerra amaituta ihesari ekin eta atxilotuak izan diren billabonatar bakarrak. Honakoek aske ateratzea lortu zuten:
Alberto Pierre Beafourt Barrengedo
Mauthausen. Villabonan jaio zen, 1927ko irailaren 24an. 1944ko martxoaren 22an atxilotu zuten, alemanek Frantziako iparraldea euren mendean hartu ondoren. Hasiera batean Compiegne espetxean egon zen, gero MAuthausenera eraman zuten, handik Guseneko azpi eremura, eta gero berriro Mauthausenekora. 1945eko maiatzaren 5ean geratu zen libre. Ia urtebete egin zuen han. Baldintzapeko atxiloaldia bezala kategorizatua izan zen bere kasua. Urte bereko martxoan 84.000 pertso zeuden Mauthausenen.
Juan Peña Villareal
Gurs. 1939ko otsailaren 12an Argelesen preso hartu zuten. 18 urte zituen. Gernika Berri batailoiko kidea zen. Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten gero.
Martin Gonzalez
Argeles. 1939ko otsailaren 12an Argelesen preso hartu zuten. Gernika Berri batailoiko kidea zen.
Angel Garcia Etxarren
Gurs. 1917ko maiatzaren 26an jaio zen. 20 urte zituen kontzentrazio esparrura eraman zutenean. Gernika Berri batailoiko kidea. 1939ko otsailaren 12an atxilotu zuten Argelesen, preso atxiki zuten hasiera batean baina gero Gursera eraman zuten 1939ko ekainaren 27an. Libre geratu zen 1939ko uztailaren 14an. EAJ alderdiko ordezkaria zen eta pilotan jardun zuen.
Hilario Garcia Ilardia
Gurs. 21 urte zituen eta UGTko kidea zen, arotza ofizioz. Karabineroa izan zen Herrialde Katalanetan. Karabineroak gorputz polizial armatua izan ziren, 1829. urtean sortu ziren eta haien egitekoa kosta eta mugen zaintza zen, kontrabandoa eta iruzur fiskalaren aurka egitearekin batera. 1939ko otsailaren 2an Le Boulouen atxilotu zuten. Handik Saint Cyprieneko 12. esparrura eraman zuten. Gero, Gursekora.
Jose Telletxea Laskurain
Gurs. 1912ko irailaren 8an jaio zen. 1934ko errenplazoan sartu zen armadan. 24 urte zituela hartu zuten preso, Argelesen. Gero Gursekora eraman zuten. UGTko kidea zen.
Alejo Ramos Arrate
Gurs. EAJko militantea zen. Herrialde Katalanetan aritu zen soldadu gisa, Alpino batailoian. Gernika Berri batailoiko kide zenean atxilotu zuten, eta Argelesen preso hartu zuten 1939ko otsailaren 12an. Handik Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten. 1939ko abuztuaren 1ean libre geratu zen. Pilotan ere aritzen zen Ramos.
Jose Ignacio Garmendia Urkola
Gurs. 44 urte zituela atxilotu zuten. Argelesen preso hartu zuten lehenik, eta gero Gursera eraman zuten, Islote C-B15-G-2 taldera, hasiera batean. Islotea kontzentrazio esparruen baitan antolatzeko erabiltzen zuten taldekatze sistema zen. Gero A islotera eraman zuten, eta han egon zen libre atera zen arte, 1939ko abuztuaren 28ra arte.