Maiatzean ireki zuten, Gipuzkoan, hitz-jolasen iturria, eta urtea bukatzera joanagatik, bertso jarioa etenik gabe ari da, oraindik ere, tantak eman eta eman. Freskoak dira batzuk, bertsozaleen egarria lehenengoz ase dutenak; beste batzuk, aldiz, biziberritutako uraren pareko bilakatu dira azken hilabeteotan, emari horretara batuz.
Abenduaren 19an ospatuko dute, Donostiako Ilunben, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final handia, eta enbutu bakarrean zortzi tantak sartu beharko dute, zortzi bertsolarik: Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre, Jon maia, Oihana Iguaran eta Agin Laburu.
Finala «egun ederra, gogoangarria izango da, ziur», Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren ustez. Edonola ere, begirada zabaldu nahi izan dute, finaletik haragoko bideak ikusteko: «Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea maiatzean hasi zen, 74 bertsolarirekin, eta finalaren beste hari-muturra da hura». Guztira, 86 bertsolarik parte hartu dute 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta 34 saio eman ditu lehiak: 24 sailkapen fasekoak izan dira, eta 14, berriz, txapelketa, bete-betean, osatu dutenak.
Zenbakiek argi azaltzen duten moduan, elkarteak «bertsoa eta bertsolaritza erdigunean» jarri nahi izan du aurtengo txapelketa antolatzerakoan eta, horrela, pozik azaldu da Jauregi finalaren atarikoan: «Txapelketa mugimendu zabal eta emankor bat izan da, eta finala baino askoz ere gehiago da».
Inurrien lanaren pareko, asteburuz asteburuko tantek osaturiko itsasoa izango da Ilunbe, abenduaren 19an. Saioa 17:00etan hasiko da, baina 15:30ean zabalduko dituzte ateak, jakinarazi dutenez. Horrela, bi aurkezleren ardura izango da hitzordua gidatzea.
Gidalerroak, berriz, bat-batean egin beharreko lanak izango dira zortzi bertsolarientzat: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso eta, azkenik, kartzelako lana.
Behin ale horiek bilduta, sei kidez osaturiko epaimahaiak enbutu estuan barrena eramango ditu puntuaziorik altuena eskuratzen duten bi bertsolariak, horiek buruz burukoa joka dezaten. Bertan, honako ariketak egin beharko dituzte bertsolariek: binaka, gaia emanda, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso; azkenik, kartzelako bigarren lan bat osatu beharko dute txapela janzteko bi hautagaiek.
2011. urteko finalarekin alderatuta, aurten zenbait aldaketa izango dira egin beharreko ariketetan eta, besteak beste, bakarkako gaiak kartzelakoak izango dira bi faseetan, hitza emanda ez dute bertsorik kantatu beharrik izango, pantailaren bidez ez diete gairik emango, eta puntutan gaia emanda ariko dira, ez librean.
Emakumezko bertsolariei, merezi duten plaza
21:00ak ez dira urruti ibiliko, 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela buru baten gainean ikusterako. Baina, buru horren izena ordura arte ez ezagututa ere, txapela jantziko duena nor izango den iragarri du, jada, elkarteak: Iñaxi Etxabe izango da.
Zumaian jaio zen, 1933an, eta Zarautzen bizi da, gaur egun. Etxe-giroan jaso zuen bertsotarako zaletasuna, eta gazterik hasi zen bat-batean kantatzen. 1950. hamarkadan zenbait saiakera egin zituen arren, emakumezko bertsolaria izateak itxi zizkion garai hartako plazetako ate guztiak.
Basarrik Aitonaren malkoak bertso sorta idatzi zuenean, polemika entzutetsu samarra izan zuen Etxabek harekin, eta beste zenbait bertsorekin erantzun zion, Basarriren hitzak sexistatzat joz. Bide horretan, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak emakumezko bertsolarien belaunaldiaren ordezkaritzat jo du Etxabe, eta txapela jantziz omenduko du haren eta ondorengoen lana.
Bidearen ederra errepikatzeko gogoz
Maiatzeko iturri haren tantetako bat da Oihana Iguaran amasarra. Harituzeko kidea bide luzea osatuta iritsi da Ilunbeko enbutu estu bezain gozagarrira, eta «ilusio handiz» azaldu da erronka berriaren aurrean: «Saioz saio joan naiz, eta sekula iritsi gabeko lekura iritsi naiz. Oso bide polita izan da, eta bide horretan, gainera, geratu dira oso bertsolari onak».
Hilaren 19ko finalean «maila oso ona» izango dela uste du, eta bere lehen aldi horretatik begiratzen die errepikatuko duten beste zenbaiti: «Maila horren zama esperientzia handiagoa duten horiei pasaz, nire ahotsa bilatzen saiatuko naiz oholtzan, eta esateko dudana esaten».