Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015

Oihana Iguaranek Ilunbeko finalean kantatuko du

Jon Miranda Labaien 2015ko abe. 6a, 22:50

Alaia Martin, Unai Agirre, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi eta Arkaitz Oiartzabal Xamoarekin batera ariko da amasarra, Donostiako Ilunben, abenduaren 19an. Eibarren jokatutako azken finalaurrekoan laugarren egin du Mikel Artolak eta finaletik kanpo geratu arren, Txapelketa Nagusian kantatzeko aukera izango du

Oihana Iguaranek Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean abiatu zuen bere ibilia txapelketan. Oiartzunen, maiatzaren 10ean jokatu zen saioa irabazi arren, finalean kantatzeko zortzi izenen artean gutxik jarriko zuten. Sailkapen fasean Zumaian kantatu ondoren pasa zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara: Elgoibarko final-zortzirenean bigarren egin zuen; final laurdenetan, Eskoriatzan, hirugarren geratu zen eta Tolosako finalaurrekoan laugarren egin ondoren lortu du Ilunberako txartela.

Bidea ez du bakarrik egin. Oihanarekin batera, Gipuzkoa Bertsotanen Harituzeko zortzi lagunek eman zuten izena. Udazkeneko fasera sei sailkatu eta handik final laurdenetara bost pasa ziren. Beñat Iguaranek, Oihana Iguaranek eta Mikel Artolak lortu zuten finalaurrekoetan aritzea eta, orain, bakarrak kantatuko du finalean. Eskualdeko bertsozaleen elkargunean beti azpimarratu dute talde lana eta abenduren 19an oholtza gainera Oihana Iguaran bakarrik igoko den arren, berekin bidea hasi zuten horiek denak ordezkatuko ditu. Kideetako bat Ilunberaino eramanda egindako lanaren ordaina jasoko dute Harituzekoek. Nabari zaie poza.

Saio orekatua, Artolarena

Indartsu hasi zuen igandean saioa Mikel Artolak. Nekazaritza ekologikoan ibili, gaitza baratzean sartu eta uzta galtzekotan dauden bi lagun ziren Iñaki Gurrutxaga eta bera. Ondo josi zuen lehen bertsota alegiarrak: "Baratza honekin hasi ginela / urteak badira hiru / zaila izango zela lehendik / ere ederki dakigu / gurasoak e lagundu asmotan / guztiak dira testigu / ustekabean dena izorratu / ta ezerezan gatibu / munduko gaitzak konpondu nahi ta / baratzean sartu zaigu". Gurrutxagak lehen bertsoan erantzun zion: "hipermerkatuz bete da dena / hauxe bai mundu tristea / sarri askotan pentsatu izan det / dena albora uztea / guk baratzean gaitz bat daukagu / ta merkatuan bestea". Oriotarrak ondo hasi zuen igandeko saioa, baina goitik behera etorri zen. Zortziko txikian, esate baterako gaia gaizki ulertu eta nahastuta aritu zen. 447 punturekin bosgarren egin zuen Eibarren.

Puntu erantzunen ariketan, hauxe Inaxio Usarraldek Artolari jarri zion lehena: Ondo mantentzen zara / lirain eta lerden, "orain zuk utzi nauzu / bastante nabarmen. / Eskerrik asko esaten / ari naiz dena den, / gustatu zaionen bat / ea badan hemen". Puntu horri egin zion erreferentzia alegiarrak hurrengo ariketan, sei puntuko motzean eta asmatu egin zuen: "bakoitzak ahal duna hemen / egiten dunez nabarmen / zerbaitetako nago, Xamoa, / lirain eta lerden". Ikasketak ordaindu ahal izateko Xamoak egunero egiten zuen lan hotel bateko zerbitzari eta Artolak asteburuetan, prostituzioan.

Arkaitz Oiartzabal Xamoak, bigarren egin zuen igandeko finalaurrekoan eta 481 punturekin, finalera sailkatzea lortu du lehen aldiz. Gauza ederrak egin zituen oiartzuarrak, esate baterako, hamarreko handian arazoak dituen 15 urteko semeaz: "Ta ispilura begiratzeak / sarri eman dio mina / tamalez ez da bere pisua / bere kargarik haundina / nahiago nuke aurrez aurre / esateko gai bagina / baina tamalez bizkarrera / aritzen gera jakina / hain zuzen bere adiskideek / egiten dioten berdina". Kartzelako ariketan ere, aitaren paperean jarrita kantatu eta asmatu zuen Xamoak.

Disimulatzen saiatu arren, zurekin hitz egin eta malkoak atera zaizkio gaia jarri zieten bakarka aritzeko bertsolariei. Artolak Durangoko Azokan liburua sinatzen ari den idazlearen paperetik osatu zuen lana, ikuspuntu originaletik. Hirugarrenarekin borobildu zuen kartzela, Xabier Leteren Seaska kantari erreferentzia eginez: "Firmatu diot hain txukun / ta ez da izan alperrik / nonbait barruan ez dauka / berak nahi duen indarrik. / Esan nahi diot / ez zaitez sentitu bakarrik, / baina begiratzen dit-ta / bera da triste xamarrik / Xabier Leteren gisan / etzazu egin negarrik / munduak ez dauka eta / malko gehiagon beharrik". Alegiarrak 463,5 punturekin laugarren egin zuen igandean eta honenbestez, 2017an jokatuko den Txapelketa Nagusian Gipuzkoa ordezkatuko du.

Jon Maiak ez zuen hutsik egin azken finalaurrekoan. Puntu erantzunetan eta seiko motzean egindako lanetan nabarmendu zen gehien, baina goia kartzelakoan jo zuen. Bertsotan hasi zen garaia hartu zuen gogoan eta amarekin akordatuta: "18 urte izango nituen / ondo daukat memoria / nola aitakin nere ondora / hurreratu zinen ia. / Ni euskalduna, abertzalea / ta ni bertsolaria / denen aurrean erderaz mintzo / izan zitekeen zauria. / Agurtu gabe joan zineten / hain serio aurpegia, / eta ni nere barne lotsetan / zulo baten eroria. / Baina gaur berriz izandu degu / honi heltzeko zoria / orain ya ez naiz Jon Maia bakarrik / ni naiz Jon Maia Soria". Txapelketetara bere "itzuleran" gauzak zail jarri dizkiotela aitortu zuen zumaiarrak, "zeinek esan behar zidan edade honetan". Ilunben faboritoetako bat izango da.

Felix Zubiak ez zuen bere eguna izan igandekoa. 440,5 punturekin finalerdietako azkena sailkatua denez, ez du Txapelketa Nagusian kantatzeko aukera izango. Bai, ordea, Nahikari Gabilondok. Hirugarren egin zuen Eibarren, 468 puntu eskuratuta.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!